Joan den astean, Matignongo bulegoko atea ireki zuenean, metrotan neurtzen ez den zulo sakon bat aurkitu zuen Michel Barnier Frantziako lehen ministro berriak. Errepublikak daukan defizit publikoa da: dirutan 154.000 milioi euro izan ziren iaz, edo barne produktu gordinaren %5,5. Aurten, %6ra iristeko bidean da.
Parisko gobernuak lehentasunez heldu behar duen arazoa da defizitarena, Europako Batzordearen hatsa sentitzen baitu. Pandemiaren garaian tiraderan sartu ondoren, aurten berreskuratu du Europako Batasunak bere kontuak orekatzeko prozedura, Egonkortasun Ituna deitutakoa. Eguneratu ere egin du, eta hasiera-hasieratik Frantziaren pisuko kide batek defizita txikitzeko aginduari muzin egiteak kareletik botako luke hainbeste buruhauste sortu zituen arau bat.
Arau horrek dio EBko kideek irailaren 20 arteko tartea zutela kontu publikoak onbideratzeko nolako neurriak hartuko dituzten azaltzeko, baina bik bakarrik egin zuten. Urriaren 15eko bigarren epea beteko dutela agindu dute Italiak eta Espainiak, baina Frantziari, gobernua osatu berri duela argudiatuta, urriaren 31rako tartea eman dio Bruselak.
Barnierrek eta bere taldeak, beraz, hilabete daukate defizitaren hazkundea nola geratuko duten ez ezik, nola txikituko duten ere azaltzeko. Aurreko gobernuak agindu zuen 2027rako jaitsiko zuela %3ko muga magikoraino, baina hori egiteak eskatuko luke 100.000 milioi aurreztea, zerga berriekin diru hori biltzea edo bi neurrien arteko konbinazio bat. Hitz handiak dira horiek, eta erabaki mingarri asko eragingo dituzte.
Hartu nahi dituen lehen neurriak etzi aipatuko ditu Barnierrek, bere politikaren nondik norako nagusiak azaltzeko hitzaldia emango baitu Frantziako Asanblean. Tentu handiz ibili beharko du, zentsura mozioaren hotsak dagoeneko entzuten baitira Paris aldean.
Gastu murrizketak
Barnierrek iradoki du zerga igoera bat mahai gainean dagoela. «Ez ditut herritar apalen, langileen eta erdiko klasearen zergak handituko», esan du, baina «aberatsenek» eta enpresa oso handiek «ezohiko ekarpena egin beharko diote nazioaren ahaleginari». Halako hitzik ez zaio entzun Emmanuel Macronen lehen ministro bati azken zazpi urteetan, zergak emendatzea sakrilegioa izan baita presidentearentzat.
Ildo horretatik hitz egin dute politika ekonomikoaren bi lemazain berriek ere, Antoine Armandi Ekonomia eta Finantza ministroak eta Laurent Saint Martin Aurrekontuetako ministroak. Biak Macronen alderdikoak izanik, azaldu dute gastu publikoari guraizeak sartuz txikitu nahi dutela defizita, baina onartu dute zerga igoera «mugatu» bat ere izango dela.
Adierazpen horrek bazterrean uzten du ezkerraren eskaera nagusia: ISF aberastasunaren gaineko zerga berreskuratzea. Hura ezabatzea eta haren ordez higiezinen jabetza jartzea izan zen Macronen lehen erabakietako bat 2017an boterera iritsi zenean, eta ondorengo urteetan enpresek ordaintzen dituzten zergak ere apaldu zituen, haien lehiakortasuna handitu nahian. Nekez egongo da aldaketarik arlo horretan, Macronek politika horri egozten diolako langabeziaren jaitsiera (2016ko %10,1etik 2023ko %7,3ra).
2008az geroztik lehen aldiz, Frantziaren hamar urteko bonuaren interesa Espainiakoaren mailara iritsi da (%2,92, ostiralean)
Gehiengorik ez du. Edonola ere, badago kontuan hartu behar den kontu bat: gobernu berriaren mezuetako asko haizeak eraman ditzake. Gobernu ahula da Barnierrena, zutabe sendorik gabekoa, eta eraikina astintzeko prest daudenez inguratuta, bai ezkerretik eta bai eskuinetik. Barnierren alderdia bera, eskuineko Errepublikanoak, oposizioan dagoenean bederen, zerga emendatzeen aurkakoa da, eta halakoa da RN Batasun Nazionala ere. «Erdiko klaseari eta langile klaseari zergak jaisten ez bazaizkie, hor ez dago justiziarik; hori zerga igoera hutsa da, eta ez du zentzurik», ohartarazi du Jean-Philippe Tanguy eskuin muturreko alderdiko diputatuak.
Ezkerraren aldetik ere Barnierrek nekez jasoko du laguntzarik, gobernuaren zilegitasuna bera auzitan jartzen baitu.
Defizitari buruzko eztabaidak milioi eurotan neurtzen den prezio bat du. Azken asteetan gora egin du Frantziaren zorraren kotizazioak, eta horrek esan nahi du Parisko gobernuak interes handiagoak ordaindu beharko dituela estatua finantzatzeko.
2008az geroztik lehen aldiz, Frantziaren hamar urteko zor bonuaren interesa Espainiakoaren mailara iritsi da (%2,92, ostiralean). Historikoki, Espainiak gehiago ordaindu du bere burua finantzatzeko, Frantzia herrialde serioagotzat baitzuten merkatuek, baina egoera irauli da. Espainiako Gobernua ere ez dabil oso fin —bigarren urtez kolokan du aurrekontua—, baina haren finantzak behintzat bide onetik doaz. Iaz, uste baino gehiago jaitsi zuen defizita —%4,73tik %3,64ra— eta aurten beste koska bat jaitsiko da.
Zor kontuetan ere, Frantzia okerrago dabil. Haren zorra, zenbaki osoetan, EBko handiena da, 3,1 bilioi eurorekin. BPGaren arabera neurtuta, berriz, soilik Grezia eta Italia ditu aurretik.