Analisia

Ardatz aldaketa

Ivan Santamaria.
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Alderdi abertzaleen eta konstituziozaleen arteko indar harremanari buruzko analisiak nagusitu dira azaroaren 20ko hauteskundeen emaitzak aztertzeko orduan. Jakina da guztia gatazka politikoaren inguruko jarreraren arabera interpretatzen dela herri honetan. Dena dela, joan den maiatzeko udal eta foru hauteskundeek irauli zuten benetan mapa politikoa. Gatazkatik haratago, egunero gobernatu behar delako, hain zuzen ere.

Eguneroko jardun horretan garrantzia hartzen ari dira — eta handiagoa izango dute —politikaren ezker-eskuin ardatz klasikoak. Horrek ez du esan nahi ideologia ezberdinak dituztenen arteko akordioak ezinezkoak direnik, ezta XIX. mendean ideologiak banatzeko erabiltzen ziren irizpide estuek bere hartan jarraitzen dutenik. Islatzen du, ordea, gatazka konpontzeko bideek aurrera egiten duen neurrian bestelako lankidetza esparru batzuk eraikitzea posible izango dela.

Zerga sistemaren inguruan dagoen eztabaidan ongi irudikatu dira ardatz berri horiek. Diru sarrerak handitzeko zergak igo behar zirela onartu dute guztiek—batzuek iragarpena bozak igaro arte atzeratu arren—, baina ez datoz bat egin beharreko aldaketaren estiloan eta norabidean.

EAJk eta PPk eredu propioa hitzartu dute. Ondare zerga berriro indarrean jarriko da, baina, oro har, igoera leuna da, batez ere kenkari batzuen mugak jaitsita egin dena. Ezaugarri nagusia errenta handiei zerga gehiago ez igotzeko erabakia da. Hain zuzen ere, Bilduk Gipuzkoan egin duen proposamena zorrotzagoa da alor horretan, ziur asko koalizioak nahiko zuen erreforma sakonetik urrun geratu bada ere.

Horien ondoan PSE ageri da, zerga arloan zabuka ibili den alderdia. «Zergak jaistea ezkertiarra da» mitinetan oihukatu edo ondare zerga ezabatu zutenetik, egoera aldatu egin da, eta orain, ezkerraren bandera hartuta, gehien dutenek gehiago ordaindu behar dutela esateari ekin dio. Mahaian dauden proposamenak ikusita, erdibideko lekua hartu dute orain sozialistek, baina norabideak Bilduren postulatuetara hurbiltzen ditu ezinbestean. Zerga politika alde batera utzita, beste alor batzuetan noraino iritsiko da EAJ-PP eta Bildu-PSE sintonia hurrengo urteetan, norabait iristea posible bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.