Imanol Magro Eizmendi.

Agur airez beteriko patata frijitu zorroei?

2024ko apirilaren 19a
19:45
Entzun

Uztailaren 1etik aurrera, Ipar Euskal Herriko saltokietan dauden markek publikoki jakinarazi beharko dute beren salgaien edukiontzietako —poltsak, latak, potoak...— produktua murriztu duten. Frantziako Gobernuak shrinkflation deritzon estrategia komertziala arautu nahi du, eta, debekatu ezin duenez, haren berri ematera behartuko ditu markak. Uztailaren 1ean sartuko da indarrean, eta markek bi hilabetez jakinarazi beharko dute halakorik egin dutela beren produktuekin.

Azken bi urteetako inflazio handiaren eraginez, marka askok erabaki dute beren salgaien ontzietako produktua murriztea. Errentagarritasunari eusteko, prezioa handitu beharrean, produktu gutxiago sartzen dute ontzi, poto, zorro edo antzekoetan, eta, askotan, bilgarriaren tamaina mantendu dute. Marka gehienek ez dute aldaketaren berri eman, eta, Olivia Gregoire Frantziako Merkataritza ministroaren ustez, hori iruzurra da.

Markek zehaztu egin beharko dute produktua zenbat murriztu duten, eta zenbat garestitu den gramoko, kiloko edo litroko

Alegia, Gregoirek airez beteriko patata zorroak amaiarazi nahi ditu, eta, uztailetik aurrera, produktu jakin bateko edukiontziko gaia murriztu bada, horrelako ohar bat izan beharko du alboan: «Produktu honetan, saltzen dena X zen lehen eta Y da orain, eta haren prezioa, kiloko, gramoko edo litroko, X eurotik Y eurora igo da». Saltzaileak bi hilabetez mantendu beharko du oharra. Lege proiektua apirilaren 16an sinatu zuten, eta, ministroaren arabera, «aurki» onartuko da.

Etorkizunera begira, ministroak zehaztu du Europara zabaldu nahiko lukeela araua, eta, horrela, ekoizleen obligazioa litzateke kopuru jaitsieraren berri ematea, eta ez banatzaileena. Kontsumitzaile elkarteek bere garaian salatu zuten Carrefourrek estrategia hori erabili zuela, baina ez zen bakarra izan. Horren adierazgarri: saltoki handien kateei ez zaie neurria gustatu. «Dekretua onartzen bada, beteko dugu, baina ez dugu gustuko», onartu zuen urtarrilean Dominique Schelcher Systeme U supermerkatu kateko zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.