Ampok inoizko salmentarik handienak egin zituen 2024an

Idiazabalgo balbulagileak betea du eskaera zorroa, eta iazko emaitzak hobetzea espero du aurten.

Ampoko langile bat balbula bat probatzen, Idiazabalgo lantegian. AMPO
Ampoko langile bat balbula bat probatzen, Idiazabalgo lantegian. AMPO
Iker Aranburu.
2025eko apirilaren 11
14:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Enpresen itxierei eta langileen kaleratzeei buruzko berri asko izan dira azken hilabeteetan, baina horren arriskurik ez dago Ampon. Idiazabalgo kooperatiba horrek urte ona izan zuen 2023an, eta are hobea 2024an, %23 handitu baitzituen salmentak. Guztira, 258 milioi euro fakturatu zituen, inoiz baino gehiago.

Are gehiago, 2025. urtea ere ona izateko sustrai sendoak ditu, inoiz baino eskaera gehiago jaso baitzituen, eta horri esker urte osorako jarduna ziurtatuta baitauka dagoeneko. Bere plan estrategikoa betetzen badu, 285 milioi euroko fakturazioa gainditu ahal izango du eskaera zorro betearen ondorioz.

Agiri baten bidez, pozik azaldu da Ibon Imaz kooperatibako zuzendari nagusia: «2024an Amporen hazkundea gure bezeroen konfiantzaren, gure posizio dibertsifikatuaren, eta berrikuntza eta garapenaren aldeko gure apustuaren isla da, baita gure taldearen konpromisoarena ere. Prest gaude energiaren sektoreko erronkei aurre egiten jarraitzeko eta gero eta soluzio aurreratuagoak eta jasangarriagoak eskaintzeko».

1960ko hamarkadan sortu zen Ampo, Poyam balbulagileak eta Ampo fundizioak bat egitean. Mondragon taldearen parte izan zen, baina 2008an korporaziotik atera zen, eta bere kasara dabil. Balbulak dira haren negozioaren ardatza, eta arlo horretan «lider globala» dela aldarrikatu du. Energiaren sektorearentzat aritzen da nagusiki, baina baita meatzaritzarentzat ere. 

1.000

Langileak. 2012. urtean 650 langile zituen Ampok, baina orduz gero gora egin du beharginen kopuruak, eta jada milatik gora dira. Idiazabalen du egoitza eta lantegi nagusia, baina fabrikak ireki ditu Saudi Arabian, Indian eta Kazakhstanen ere. Gainera, 60 herrialdetan ditu ordezkaritza komertzialak.

Kanpora begira dagoen enpresa bat da: esportatzailea da, produkzioaren %95 bost kontinenteetako merkatuetara esportatzen baitu, eta horretatik  %70 Europatik kanpora. Haren bezeroen artean daude energiaren sektoreko enpresa handiak, hala nola Exxon, Aramco, BP, Hyundai, Tecnicas Reunidas eta Repsol.

AEBetako negozioa

Ikusteko dago Donald Trumpek hasitako merkataritza gerrak nolako kaltea egiten dion, AEBetan egiten baitu bere negozioaren parte bat. Oraintxe, 15.000 balbulaz hornitzen ari da Texasko kostaldean eraikitzen ari diren Port Arthur GNL gas natural likidotua esportatzeko terminal handia.

Texasen ere, Corpus Christiko GNL terminalaren hornitzaileetako bat da Gipuzkoako enpresa. Kooperatibak azaldu duenez, muturreko tenperaturak (-160 gradu) jasateko gai den 60 hazbeteko balbula kriogeniko boladuna eman die proiektu horren bultzatzaileei. «Ingeniaritza lorpen honek erakusten du nolako konpromisoa daukan Ampok berrikuntzarekin eta bikaintasunarekin, punta-puntako diseinuak eta fabrikazio eta proba prozesu integratuak uztartuz, muturreko baldintzetan errendimendu ezin hobea bermatzeko».

Aurrera begira, GNLrako eta findegietarako balbuletan duen «lidergoa sendotzea» da Amporen helburua, baina baita meatzaritzan eta bere bezeroei ematen dizkien zerbitzuetan gehiago haztea ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.