Laneko osasuna

Amiantoaren funtsa ez da indarrean sartu oraindik

Sindikatuek eta biktimek elkarteek salatu dute Espainiako Gobernuak eman nahi dituen kalte ordainak ez direla legean adostutakoak.

Amiantoan biktimen elkarretaratze bat. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 4a
16:38
Entzun

CCOO eta UGT sindikatuek eta Amiantoaren Biktimen Elkarteen Federazioak (Fedavica) salatu dutenez, Espainiako Gobernua amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa indarrean jartzeko epeak urratzen ari da. Horrekin batera, salatu dute gobernuak eman nahi dituen kalte ordainak ez direla legean adostutakoak.

Agiri bateratu batean azaldu dute gobernuak oraindik ez duela indarrean sartu legea garatzen duen erregelamendua. Legea 2022ko urrian onartu zen, eta aspaldi gainditu zen horretarako zuen 90 eguneko epea.

Gizarte Segurantza Ministerioak egina du proiektu bat, baina, salatu dutenez, «legearen espirituaren kontra» doa, besteak beste, oso kalte ordain ekonomiko urriak jasotzen dituelako. «Proiektuan proposatutako zenbatekoak bide judizialetik lortzen ari diren kalte ordainak baino askoz ere txikiagoak dira. Baita beste kolektibo batzuei ematen zaizkienak baina txikiagoak ere, hala nola terrorismoaren, GIBaren eta talidomidaren biktimei ematen zaizkienak baino».

Salatu dute, halaber, amiantoaren kalte-ordainetan PFEZ zerga ordaindu behar dela, beste kasuetan ez bezala. Haien ustez, horrek amiantoaren biktimak «diskriminatzea» eta «bigarren mailako biktimatzat» jotzea dakar. Era berean, esan dute «onartezina» dela erregelamenduak azken urteetan hildako biktimen senideak kontuan ez hartzea eta haiei kalte ordainetarako eskubiderik ez aitortzea.

Beasaingo CAF

Bilboko Epaitegiak ebatzi du Sidenorrek eta Cofivacasa enpresa publikoak 156.872 euro ordaindu beharko dizkiotela amiantoaren ondorioz hil zen langile baten familiari, Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak jakinarazi duenez. Langileak Echevarria SA enpresan lan egin zuen 1972tik, eta gero Sidenorren, 2010era arte, erretiroa hartu zuen arte. 2018an hil zen. Epaiketan Sidenorrek uko egin zion familiarekin akordio bat egiteari.

Amiantoaren gaiarekin lotuta, Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak aitortu du Osalanek Beasaingo CAFen uda honetan gertatutakoaren berri izan zuela prebentzio ordezkari batek deitu ostean, abuztuaren 25ean. Birmoldaketa lan batzuetan amiantoa aurkitu zuten lantegiko hiru nabetan, eta irailaren hasieratik daude itxita. Ostegun honetan parte hartu du Barredo Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta. Barredok azpimarratu du Osalanek «egoki» jokatu zuela, gertatukoaren berri izan bezain laster jardun zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.