Asviamie amiantoaren biktimen taldeak jarritako salaketaren ondorioz, Gipuzkoako Gizarte Segurantzak aitortu du Juan Carlos P.T. amiantoaren eraginez hil zela. Hori dela eta, dagozkion kalte ordainak emango zaizkio hildakoaren alargunari. 2022ko urrian hil zen, 66 urte zituela, biriketako minbiziarekin.
Gaixotasuna amiantoarekin lan egiteak eragin zion. Hamar urtez egin zuen lan Hernaniko Biyakbat fabrikan, non, amiantoa zuten lurrun galdarak eta tutuak manipulatzen zituen. Ondoren, hiru urtez egin zuen lan Pasaiako portuan, eta geroztik eta jubilatu arte, Pasaiako Algeposa enpresan.
Hil ondoren, aurtengo apirilaren 23an, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, langilea amiantoarengatik hildako posibleen artean jarri zuen. Besteak beste, 2021. urtean Osakidetzako txostenak hamar urtez amiantoarekin kontaktuan egon zela biltzen zuelako.
Asviamiek salatzen du «ebidentzia eztabaidaezina» izan arren, Osakidetzak eta Onkologikoak ez zutela bete amiantoak eragindako gaixotasunaren susmoa jakinarazteko betebeharra; gaixoaren eta familiaren kalterako, eta mutuaren mesederako.
Azkenik, elkarteak adierazi du iruzur mota horren aurka beste salaketa batzuk ere jarri dituela Eusko Jaurlaritzako osasun sailean eta ez dutela erantzunik jaso.