Zaila da jakitea zenbat langile hil diren amiantoak zuzenean eragindako minbizi bat tarteko. Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak lan handia egin du azken urteotan, eta errealitateak izan dezakeen itxura marraztea lortu du: 1994. urtetik 2008. urtera, 3.943 behargin hil ziren Espainiako Estatuan. Horrela jasotzen du 2019. urtean Eusko Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamenak, Espainiako Kongresuak amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat onar dezan. Aurretik esanda doa: 2021. urtera arte kopuru hori nabarmen igo da. 2019an, esaterako, 30 langile hil ziren, eta Asviamiek dio kasuen %10 baizik ez direla horiek.
Bada, 2017. urtean abiarazi zuten funts hori sortzeko ekinaldia Eusko Legebiltzarrean, eta segidan Madrilera eraman zuten eskaera zehatza; baina epe eta forma arazoak tarteko antzu gertatu dira orain arteko saioak, hiru hain zuzen. Laugarren bat egongo da aurki, ordea, hilaren 13an hain zuzen. Hiru euskal parlamentarik defendatuko dute Eusko Legebiltzarrak onartutako eskaera, Madrilgo Kongresuan. Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat eratzeko laugarren eskaera horrek esperantza piztu die auziak jotako biktimei.
Jon Aiartzak (EAJ), Eba Blancok (EH Bildu) eta Gloria Sanchezek (PSE) azalduko dute berriro Madrilgo parlamentuan zer eskatzen duen Legebiltzarraren legez besteko proposamenak: funts bat sortzea eraikuntzan eta beste hainbat sektoretan urte askoan baliatu zen gaiak, amiantoak, eragin dituen biktimentzat. «Azkar eta arduraz» jokatzeko eskatuko dute euskal parlamentariek, «lehenbailehen» onar dadin funts bat lege baten bidez. Kalte ordain ekonomiko batzuk bermatzeaz gain, zenbait neurri proposatzen dituzte amiantoarekin lotutako auzi judizialak arintzeko.
Frantzian eta Belgikan
Asviamieren arabera, «ez da zalantzarik enpresen ardura bat badagoela amiantoak eragindako minbiziaren epidemian». Elkarteak dio enpresa askok urratu dutela legea. Baina, horrez gain, amiantoaren biktimen elkarteak uste du «estatuak ere» baduela ardura zenbait hamarkadaz gertatutakoan, «modu pasiboan» jokatu zuelako. Hala Estatuak nola patronalek «konponbideak emateko ordua» dute, elkartearen ustez, «gobernuei presio eginez» sor dadin konpentsazio funts bat.
Asviamiek dio funts hori ezinbestekoa dela, langileen gaixotasun larriak onartzeak «egoera ahulean jartzen dituelako zenbait enpresa, salaketa judizialak direla eta». Estatuak bere gain hartuko lukeen funts horrek kalte ordainen auzia bideratuko luke, alegia. Helburu hori bera dute Frantzian, Belgikan eta Herbehereetan martxan jarri dituzten pareko funtsek, «estatuek biktimekin duten zorrari aurre egiteko», UGT sindikatuaren arabera; «zuhurtzia baztertu, eta modu pasiboan aritu zirelako amiantoaren aurrean, urte askoan».
Amiantoaren biktimentzako funtsa eratzeko eskatuko dute berriro Kongresuan
Eusko Legebiltzarrean onartutako idatzia defendatuko dute hiru euskal parlamentarik Madrilen, hilaren 13an. Antzu gertatu dira aurreko hiru saioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu