Amiantoaren biktimen funtsa sortu dute, eskatu eta hamaika urtera

Eusko Legebiltzarraren eskaerari azkenean baiezkoa eman diote Espainiako Gorteek. Hasiera batean 25 milioi izango ditu funtsak

Amiantoaren biktimen protesta bat, Espainiako Kongresuaren aurrean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Hamaika urteko tramite luzea amaitu du amiantoaren biktimei kalte ordaina emateko legeak. Espainiako Senatuak atzoko saioan onartu zuen biktimei laguntzeko funtsa, ia aho batez: aldeko 259 boto izan dira, eta aurkako bakarra. Hasiera batean 25 milioi euro izango ditu funts horrek, baina hilabete batzuk beharko dituzte ehunka biktimek lehen ordainak jasotzeko, funtsaren araudia egin gabe dagoelako. Hiru hilabete dituzte horretarako. Biktimen elkarteak Madrilen izan ziren atzo, eta hainbat euskal senatariren esker ona jaso zuten, haien presioa ezinbestekoa izan delako legea egin ahal izateko.

Nerea Ahedo (EAJ) eta Idurre Bideguren (EH Bildu) senatariek gogorarazi dutenez, Eusko Legebiltzarrak egin zuen atzo onartutako legearen lehen urratsa, funtsa aztertzeko lantalde bat eratu zuenean. Eusko Legebiltzarrak 2016ko urrian egin zien lehen aldiz eskaera Espainiako Gorteei.

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek egindako eskaera izan arren, proposamenak ez zuen gainditu Kongresuko Mahaiko galbahea, defizita handituko zuela argudiatuta. 2017ko martxoan itzuli zen Gorteetara, baina saio horrek ere ez zuen aurrera egin.

2021eko apirilean itzuli zen gaia diputatuen mahaira, eta orduan bai, orduan jaso zuen haien oniritzia, aho batez gainera.

Funtsa Gizarte Segurantzak kudeatuko du, eta, estatuko aurrekontuetako diruarekin ordaindu beharrekoak ez ezik, langileak amiantoaren kalteez babestu ez zituzten enpresek ordaindu behar dituzten zigorrak ere funtsera bideratzea da asmoa.

Hiltzaile isila izena jasotzen du amiantoak, haren kalteak ez baitira berehala agertzen, produktu horren hautsa arnastu eta urte batzuetara baizik. Hori dela eta, askotan ez dira ohartzen amiantoak eragindako kaltea dela. Horregatik oso zaila da jakitea zehazki zenbat lagun hil diren amiantoak eragindako minbizien ondorioz.

Milioika dira munduan, eta milaka izan daitezke Euskal Herrian. Amiantoaren biktimek bildutako datuen arabera, 1999tik 2018ra bitartean gutxienez 825 pertsona hil ziren amiantoaren ondorioz Hego Euskal Herrian. 2019an, 30 hil ziren, baina Asviamie biktimen elkarteak ohartarazi du kasu guztien %10 baizik ez direla horiek. Amiantoa zuten produktuekin lan egindako industriako eta eraikuntzako langileak dira gehienak, gizonak batik bat, baina biktimen artean badaude amiantoz kutsatutako arropak garbitzeagatik hildako emakumeak ere.

Horiei ere biktima izaera onartzen die legeak, Ahedok eta Bidegurenek azpimarratu dutenez. Izan ere, legeak biktimatzat ditu amiantoarekin lanean ez ezik, etxean tratatu zuten guztiak ere.

Ahedok nabarmendu du legeak «eskaera historiko bati» heltzen diola, eta gaineratu du «erantzukizun publikoa» izan dela, amiantoa kaltegarria zela jakin arren «neurriak atzeratu zirelako». Bidegurenek gogorarazi du Frantzian halako funtsak dagoeneko hogei urte dituela. «Ezer ez egiteak kostuak izan ditu. Jakina zen, baina ez zen ezer egin enpresei kalte ez egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.