DONOSTIA. Asviamie elkarteak jakinarazi duenez, igandean Jose E. —76 urtekoa— hil zen Beasainen (Gipuzkoa), amiantoak eragindako biriketako minbizi baten ondorioz. Construcciones Electromagneticas enpresan aritu zen, eta han amiantoaren hautsa arnastu zuen. Asviamieren zenbaketaren arabera, aurten jada hogei hil eragin ditu amiantoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Amiantoarekin harremanetan lan egin zutenen gaixotasunak osagai horrek eragin dituela onartzea da Asviamieren egiteko nagusi bat, eta askotan auzitegietara jo behar izaten du aitortza hori lortzeko. 78 urteko Josefa I.M.-rekin ez du hain urruti joan behar izan, Gizarte Segurantzak berak onartu baitu haren pleurako mesotelioma gaixotasun profesional bat dela. Josefa I.M.-k 1955-1963 epean lan egin zuen Uranga paper fabrikan (Berrobi, Gipuzkoa), eta han paperari botatzen zizkioten talko hautsetan amiantoaren zuntzak egon zitezkeen. Ondorioz, pentsioa 2.405 eurora igoko diote Josefa I.M.-ri.
Asviamiek salatu du Gizarte Segurantzak 11 hilabete behar izan dituela terminalki gaixo dagoen emakume baten txostena ebazteko, eta ziurtatu du Osakidetzak ez duela bere lana ongi bete, ez zuelako jakinarazi Josefa I.M.-ren gaixotasuna lanaren ondorio izan zitekeela.
Amiantoak beste langile bat hil du Beasainen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu