Hiru minbizi mota dira, baino gehiago izan zitezkeen. «Bai, baina lanarekin harreman oso zuzena dutenekin hasi genuen kontrol sistema». Azalpena Aitor Gisasola lan medikuntzako espezialistarena da. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean dihardu, eta lanak sorturiko minbiziak detektatzeko programaz ari da. «Helburua kasu guztien berri izatea da, haien jatorria aztertu eta neurri egokiak hartzeko. Non eta nola sortu den ez badakigu, nola jakingo dugu zer egin kasu bakoitzean?».
Baina zeintzuk dira minbizi mota horiek? Mesotelioma da hiruretan ezagunena, amiantoaren eraginpean lan egin izanaren ordain garestia. Beste biak sudur eta arnasbideetako adenokartzinoma eta gibeleko angiosarkoma dira. Mesotelioma kasuen %90etik gora lan jarduerek sortzen dituztela azaldu du. «Aspalditik daude amiantoari loturiko kasuak, eta ondo zehaztuak. Mesoteliomak asko irakatsi digu».
Beste biak ez dira hain ohikoak. Sudur eta arnasbideetako adenokartzinoma kasuak, esaterako, urtean hiru-sei diagnostikatzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Batez ere zurginei eta egur gogorrekin lan egiten dutenei eragiten die gaitz horrek. Zurarekin lan egindakoek 500-900 aldiz arrisku handiagoa dute hura garatzeko.
«Egur hautsa oso konplexua da. Izaki bizidun batetik dator, eta arnasbideetako hezurretako zuloak babesten dituen mukosak narritatu ditzake. Eta narritasun horrek minbiziaren mekanismoak aktibatu ditzake». Horregatik nabarmendu du Gisasolak prebentzioa ezinbestekoa dela. «Egurra naturala denez, engainatu egiten gaitu. Zurarekin lan egiteko makinek hauts xurgagailuak izan behar dituzte».
Gibeleko angiosarkomak, azkenik, binilo kloruroaren erabilerarekin du harremana. Industria kimikoan erabiltzen den substantzia bat da: «Azken urteetan kasu gutxi egon dira. Uste dugu lan baldintzak aldatu direlako dela».
Gehiago egon daitezkeen susmoak badaude, baina lanarekin duten harreman zuzenaren proportzioa txikiagoa da. Esaterako, aminek maskuriko minbizia eragin dezakete, eta kromoak, nikelak eta silizeak, berriz, arnasbideetakoak. «Baina proportzioa egurrarekin baino txikiagoa da. Silizearekin, %20 handitzen da minbizi arriskua. Alde txikia da, baina jende askori eragin diezaioke».
Halakoetan, zaila izaten da benetako jatorria jakitea. «Gehienetan, tabakoak sortzen du konfusioa», azaldu du. «Gure asmoa ez da hiru minbizi horiekin programa amaitzea; horiek bidea dira gero beste batzuen bila joateko. Baina lehenbizi horiek finkatu behar ditugu». Metodo zientifiko moduan ezartzeko, ezinbestekoa da galbahea ondo egitea.
Gisasolak, izan ere, argi du lan jardunean oinarrituriko minbizien batezbesteko oso txiki bat diagnostikatzen dela. Ikerketek kalkulatzen duten proportzioa aplikatuz gero, Hego Euskal Herrian lan jarduerekin harremana duten 1.200 bat minbizi kasu egon behar lirateke urtero. «Aurten, baina, Gizarte Segurantzak EAEn onartu dituen kasuak 77 izan dira bakarrik. Urtarriletik urrira arteko datua da hori. Hor hutsune handi bat dago: kasuen %90 ez dira jotzen lanak sorturikotzat. Oso aipagarria da hori».
Datu bilketa eraginkorra izateko, ezinbestekoa da Osalanen eta Osakidetzaren arteko lankidetza. Lan gaixotasunen susmo batzordea da haien arteko zilborhestea. Onkologoek, kasu hauetako baten berri dutenean, Osalan informatu behar dute. Orduan, teknikariak gaixoarekin harremanetan jartzen dira, eta galdetegia egiten diote. Gisasolak dio emaitza ona ematen duela lankidetzak, eta, hobetzeko tarterik izatekotan, azkartasunean legokeela: «Komunikazio goiztiarrari lehentasuna ematen ari gara. Langile horrengana lehenbailehen iristeko».
Urteak dira programa martxan jarri zela, baina bizi-bizirik dagoela nabarmendu du adituak. «Programa hau ez da hasiera bat, ondorio bat baizik». Zeren ondorioa, baina? Kasuen monitorizazio eta sailkapen egokiarena. «Istripuen berri izaten dugu, baina gaixotasunen berri izateak garrantzi oso handia du, ez ditugulako ondo ezagutzen».
Amiantoa ez da etsai bakarra
Lan jarduerekin harreman zuzena duten hiru minbizi motaren arrastoa aztertzen du Osalanek. Kasu bat diagnostikatzen den aldiro, gaixoaren lan bizitzari erreparatzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu