Enpresak

Amazoni 32 milioi euroko isuna jarri diote Frantzian, langileak zelatatzeagatik

Enpresari egotzi diote «langileen jarduna eta errendimendua zelatatzeko sistemak intrusio handiegia» dakarrela. CNILen arabera, «etengabeko presioa» sortzen die horrek.

ESPAÑA LOGÍSTICA AMAZON
Amazonen Ondako biltegia (Herrialde Katalanak), artxiboko irudi batean.
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 23a
12:30
Entzun

Frantziako Gobernuak 32 milioi euroko isuna jarri dio Amazoni, «langileen jarduna eta errendimendua zelatatzeko sistemak intrusio handiegia» dakarrelako. Horretarako, beharginek paketeak prozesatzeko erabiltzen dituzten eskanerrak baliatzen ditu plataformak. Zigorra abenduaren 27an jarri zion Informatikaren eta Askatasunen Frantziako Batzorde Nazionalak (CNIL), baina gaur iragarri du.

Batzordearen arabera, eskanerren bidez Amazonek jasotzen dituen datuak gehiegizkoak dira, eta haien bidez langileak behartzen ditu atsedenaldi edo etenaldi bakoitza justifikatzera. Besteak beste, hamar minututik gorako geldialdiak erregistratzen dituzte makinek, baita lanaren erritmoa ere. CNILen iritziz, kontrol sistema horrek «etengabeko presioa» sortzen die beharginei. Enpresak, gainera, gorde egiten ditu milaka langileri buruz sistemak bildutako datuak.

Ohar bidez erantzun du Amazonek. «Ez gatoz bat batzordearen ondorioekin. Objektiboki okerrak dira, eta apelazioa jartzeko eskubidea dugu», adierazi du. Bi hilabete ditu horretarako. Gehitu du sektorean ohikoa dela biltegiak kudeatzeko sistemen datuak erabiltzea, eta beharrezkoa dela lanen segurtasuna, kalitatea eta eraginkortasuna bermatzeko. Ez horretarako bakarrik: izakinen jarraipena egiteko eta paketeak garaiz eta bezeroak nahi duen moduan prozesatzen direla ziurtatzeko ere bai.

Etengabeko kontrola

Batzordeak 2019an hasi zuen ikerketa, ikusita hainbat langilek salaketa jarri zutela eta hedabideetan zenbait artikulu argitaratu zirela. Deigarriak egin zaizkion adierazleak aipatu ditu. Adibidez, Amazonek kontrolatu egiten du beharginek lanera heldu eta lehen paketea eskaneatu bitartean pasatzen duten denbora. Artikulu bat azkarregi (segundo eta erdian) prozesatzen bada ere erregistratzen du makinak. 

Azkenik, Amazonen bideozaintza sistema izan du hizpide CNILek, eta enpresa kritikatu du beharginei haren funtzionamenduaren inguruan behar beste azalpen ez emateagatik. Aurrerantzean Jeff Bezosen konpainiari kontrol gehiago egingo dizkiola jakinarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.