Amazonen lehiakideak Txinatik datoz

Shein eta Temu Internet bidezko dendek erosle asko erakarri dituzte azkenaldian. Batez ere arropa saltzen dute, eta etengabe berritzen dute beren eskaintza.

(ID_13038997) SHEIN
MARTA PEREZ / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Fast fashion edo moda lasterra deiturikoa gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da gure artean. Internet eta aplikazioen bidez etengabeko arropa eskaintza bultzatzen du moda lasterrak, eta horrek produkzio eta kontsumo masiboa eragiten du. Amazon izan da Internet bidez arropa erosteko gehien erabilitako aplikazioa, baina Txinako Shein eta Temu gero eta gertuago ditu, oso prezio txikiekin eta etengabeko eskaintzekin bezeroak kendu dizkiotelako. Lehia horren ondorioa da AEBetako enpresak arropa bakoitzeko jasotzen duen komisioa jaitsi egin  duela %17tik %5-10 bitartera.

Amazoni ez ezik, Euskal Herriko denda txikiei ere eragiten die moda lasterrak. Sheinen eta Temuren prezioekin ezin direla lehiatu aitortu du Lander Alberdik, Gipuzkoako Dendartean elkarteko teknikariak. Gainera, Alberdiren ustez, denda elektroniko horiek erosteko modua aldatzen ari dira: «Kontsumitzaileek bi astean behin arropa aldatzen dute, eta ez diote arropen kalitateari erreparatzen».

Atzerriko konpainia handien lehiari aurre egiteko, DendaGo Internet bidezko denda ireki zuten bertako merkatarien elkarteek 2017an. Baina kontaktu pertsonala da haien indarra. «Gertutasuna, aurrez aurreko hartu-emana eta herriko ekonomia aktibatzen laguntzen dute bertako dendek», ziurtatu du Alberdik.

Sarearen bitartez erosten duten kontsumitzaileek ere eskubideak badituztela nabarmendu du, bere aldetik, EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko Markel Etxebarriak. «Horrelako edozein erosketa egin aurretik, zein enpresa den eta helbidea non duen ziurtatu behar dela» ohartarazi du, eta «ahalik eta zuhurrenena» jokatzea gomendentzen du.

Kredituak eta 'influencer'-ak

Emaitza ikusgarriak izaten ari dira Txinako plataformak. Sheinek 2023ko lehen seihilekoan salmenten %40ko gorakada eduki zuen aurreko urteko epe berarekin alderatuz. 20.000 milioi euro inguru fakturatu zituen 2022an, eta aurreikusten dute litekeena dela 55.000 milioira iristea 2025ean, hau da, urtero %40 igoko dituela bere salmentak.

Temuk, berriz, ez ditu bere datuak eman, baina haren jabe PDD Holdingsek 2023ko hirugarren hiruhilekoan 8.800 milioi euroren diru sarrerak izan zituen, aurreko urteko halako bi.

«Kontsumitzaileek bi astean behin arropa aldatzen dute, eta ez diote arropen kalitateari erreparatzen».

LANDER ALBERDI Dendartean elkarteko teknikaria

Temuk eta Sheinek gastuak txikitu eta ahalik eta etekinik handienak ateratzeko hainbat metodo erabiltzen dituzte. Publizitatean aurrezteko, haien inguruko informazioa zabaltzen duten pertsonei kredituak ematen dizkiete. Kreditu kopuru jakin bat eskuratzean, webguneak produktuen doako bidalketak egiten dizkiete informazioa zabaldu duten horiei.

Influencer-ak ere gune horien publizitatea egiten hasi dira, eta haien eragina begi bistakoa da. «Gazteak tranpan» erori dira eta denda horietan kontsumitzen dute orain», azaldu du Alberdik.

Sheinek pop-up dendak ireki izan ditu, hau da, epe mugatua duten denda fisikoak. Iazko udan, adibidez, Bartzelonan astebetez ireki zuen denda bat, eta 97.000 bezero izan zituen, hau da, mila eguneko. Aurten, Europan horrelako 30 denda zabaltzeko asmoa dauka. Temuk, aldiz, ez du denda fisikorik ireki.

Produktu merkeak eskaintzeko beste arrazoi bat da muga zergak ez pagatzeko metodoa aurkitu dutela sarean erosketak egiteko plataformek. EB Europako Batasunean, kanpotik datozen produktuek ez dute muga zergarik ordaindu behar 150 eurotik beherakoak badira. Amerikako Estatu Batuetan, berriz, 800 dolarretik aurrera hasten dira muga zergak ordaintzen, eta Txinako konpainiek egunero balio hori duten kutxak bidaltzen dituzte, muga zergak ez ordaintzeko.

Amazon tasa

Internet bidezko erosketak etxera eramateak trafiko arazoak eta kutsadura arazoak sortzen ditu hirietan, eta horri aurre egiteko neurriak hartzen hasi dira batzuk. Bartzelonako Udalak, esaterako, Amazon tasa deituriko zerga bat jarri du. Milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten banaketa enpresek lur publikoa erabiltzeagatik hirian fakturatzen dutenaren %1,25 ordaindu behar dute. New Yorken antzeko tasa bat onartzekotan dira, eta, haren bidez, hiru dolar gehiago ordaindu beharko dituzte kontsumitzaileek produktua beren etxeetara irits dadin.

Alberdik uste du neurri horiek onuragarriak direla bertako dendentzat eta ingurumenarentzat. Gainera, horrelako neurrien joerak gora egingo duela uste du, eta EBk ere zerbait egitea espero du. «Adibidez, enpresa baten banatzaileak egun batzuetan ezingo dira hirietara sartu, edo garraio mota aldatu beharko duten legeak etorriko dira EBtik».

Dagoeneko, denda horiei eragin diezaiekeen neurri bat hartu du EBk. Joan den urtarrilaren 1etik aurrera EBn saltzen duten multinazional handiek 750 milioi euroko diru sarrera baino gehiago eskuratuz gero, %15eko gutxieneko zerga ordaindu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.