Mehatxuak, kontrolak, zigorrak. LABen arabera, hori pairatu behar dute Trapagarango Amazonen zentro logistikoan (Bizkaia) lan sindikala egiteagatik haren delegatuek, afiliatuek eta gertuko langileek. Merkataritza elektronikoaren multinazionalak 2019ko ekainean ireki zuen Bilboko ezkerraldean duen lantegia, eta, ordutik, hamalau zigor prozedura ireki ditu, denak lanuzteetan parte hartu duten beharginen aurka.
Sindikatuak jakinarazi duenez, ohikoak izaten dira mehatxuak eta hitzezko ohartarazpenak, mobilizazioekin bat egin duten behargin batzuk enplegu eta soldatarik gabeko egunekin zigortu dituzte, eta langile horietako bat kaleratu egin dute. LAB arabera, «diziplina erregimenaren erabilera maltzurra» egiten ari da Amazon; besteak beste, zigor arin gisa tipifikatuta dauden gertaerak larritzat joz edo beharginen defentsarako eskubidea urratuz. «Errepresio uholde» hori ikusita, barne jazarpen protokolo bat aktibatu behar izan du sindikatuak.
2021ean hasi zituzten mobilizazioak Trapagaranen, hango lan baldintzak salatzeko eta zentrora egokitutako lan hitzarmen propioa eskatzeko —Bizkaiko garraio lan hitzarmenaren eraginpean dihardute—. Guztira hemezortzi egunetan egin dituzte lanuzteak. Besteak beste, salatu dute lanaldiak luzeegiak direla eta aparteko ordu asko egiten dituztela, baita lan erritmo azkarrak dituztela eta langileak etengabe kontrolatzen dituztela ere. 125 bat pertsonak egiten dute lan Trapagarango zentroan.
«Amazonen DNAn dago»
Langile batzordean LABek du gehiengoa, eta aspaldi abiatu zuen dinamika bat egoeraren berri emateko. Astelehen honetan agerraldi jendetsu bat egin du Bilboko erdigunean; kasu honetan, sindikatuak deituta, eta ez Amazonen atal sindikal gisa. Egoera larria dela utzi nahi izan du agerian hala. Salatu du gertatzen ari dena LABen aurka «argi eta garbi zuzendutako mehatxu bat» dela, eta horren arabera jokatuko duela.
Hala, ohartarazi du enpresak abiatutako zigor guztiak epaitegietara eramango dituela, eta gogoratu du dagoeneko aldeko ebazpen bat baduela, zeinak enpresaren jokaera abusuzkotzat jo duen eta mobilizazioetan parte hartzen duten langileak enplegurik eta soldatarik gabe uzteko zigorra kentzera behartzen duen.
Ez da irabazi duen auzibide bakarra. Berriki, Barakaldoko Lan Arloko 3. epaitegiak arrazoia eman dio enpresak lantegiaren barruan dituen segurtasun kamerak modu «bidegabean eta abusuzkoan» erabiltzeagatik, «langileak zelatatzeko». Irudi horietan oinarrituta soldatarik gabe zigortu zuen langileari kalte ordaina eman behar izan dio enpresak.
«Jazarpen sindikala» eta haren ondorioak, gainera, ez dira zentro logistikoko langileetara mugatzen: Amazonek banaketa zerbitzurako erabiltzen dituen azpikontratetako beharginek ere nozitu dituzte: «Lantaldea bere eskubideak betearazteko borrokan hasten den bakoitzean, Amazonek azpikontratarekin duen kontratua deuseztatzen du, eta ez du berritzen».
Hala egin zuen Vayven enpresarekin. Langile batzordeak lortu zuen Bizkaiko garraio hitzarmena aplikatzea, mezularitzako estatu itunaren ordez. Gutxira, Amazonek enpresa horrekin zuen kontratua eten zuen, eta harentzat lanean ari ziren 23 garraiolariak kaleratu zituzten.
LABek argi du halako jokamoldeak oso zabalduta daudela multinazionalaren lantegi guztietan, Trapagarangoa ez dela kasu bakana, eta sindikatuen eginbeharra hori salatzea dela. «Jazarpen sindikala Amazonen DNAn dago».