Amazon, grebara Gabonetan

Trapagarango biltegiko langileek egun osoko lanuzteak egingo dituzte abenduan. Aurreratu dute «iazkoak baino gogorragoak» izango direla, enpresako lan hitzarmen propioa nahi dutelako.

Amazon
Amazonen langileen protesta Trapagarango biltegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Trapagaran
2023ko azaroaren 27a
13:40
Entzun

Amazonek Trapagaranen (Bizkaia) duen logistika zentroko langileek greba egingo dute Gabonetan. Enpresak garraio sektoreko lan hitzarmena aplikatzen die, eta salatu nahi dute hura eskasa dela, eta ez dela haien lan baldintzetara egokitzen. Iazko abenduan lau greba egun solte egin zituzten, eta urte osoa egin dute negoziatzen. Lan batzordeak, baina, salatu du enpresak ez duela ados jartzeko asmorik, eta, horregatik,  grebara deitu du aurtengo ere, eta iazkoa baino deialdi «gogorragoa» izango da. Itxura guztien arabera, hainbat egun izango dira, Gabonen bueltan. Aurki zehaztuko dituzte datak.

Amazon «adarra jotzen» ari zaiola uste du langile batzordearen gehiengoak —LABek bost kide ditu, ELAk bat eta enpresako sindikatuak hiru—, eta elkarrizketa «mespretxatzen» ari dela. Biltegian diharduten langileen baldintza eskasak daude gatazkaren oinarrian. Amazonek bere biltegi guztietan garraio arloari dagokion probintziako lan hitzarmena aplikatzen du, eta hitzarmen hori kamioi gidari eta antzekoen beharretara egokituta dago. «Eta gure lanak ez du zerikusirik haienarekin», salatu du Fernando Ortega batzordeko kideak (LAB).

Amazoneko langileek 1.400 euroko hamabi soldata jasotzen dituzte, batez beste. Lanaldi osoko kontratua dutenek, betiere: gehienek ez dute halakorik. Gainera, gauez aritu ohi dira lanean.

Baina zer baldintza dituzte, zehazki? Batzordeko kideen hitzetan, biltegiko langileek 1.400 euro inguruko hamabi ordainketa jasotzen dituzte urtean, estrak barne. «Lanaldi osoan daudenek jasotzen dute hori, baina gehienek hiru laurdeneko edo %80ko lanaldiak dituzte; beraz, soldata txikiagoa da», zehaztu du Ortegak. Ordutegiari dagokionez, ia beti gauez aritzen dira, eta asteburuetan ez dira gelditzen. Fardelak jaso eta antolatzen dituzten banatzaileak goizez irten daitezen. Langile finkoak 110 dira, eta lan askoko garaietan ohikoa da aldi baterako lan enpresetako langile asko kontratatzea.

Hori guztia aintzat hartuta, langileek enpresako lan hitzarmen bat nahi dute, baldintza duinagoak ezarri eta haien egoerara hobeto egokitu dadin. Batzordea eta enpresa hainbatetan bildu dira azken urtean, eta sindikatuek diote pazientzia handia izan dutela —iaztik ez dute grebarik antolatu—. Halaber, zehaztu dute Amazonek irabazi handiak dituela, eta, beraz, baduela ahal ekonomikoa baldintzak hobetzeko edozein pauso egiteko.

Eta Banatzaileak?

Amazoneko biltegiko langileek protestetan beti nabarmendu izan dute banatzaileen baldintzak ere hobetu beharko liratekeela —300 bat mugitzen dira Trapagarango zentroaren inguruan— Haiek, baina, eragiteko ahalmen apala dute. Amazonen banaketa sarearen parterik handiena azpikontratek osatzen dute, eta ez dute tokirik enpresako batzordean. Langileek zehaztu dute haien baldintzak «are prekarioagoak» direla, mezularitzako lan hitzarmena aplikatzen zaielako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.