Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du erabaki propio bat hartu nahi amatasun eta aitatasun laguntzen zerga atxikipenen itzuleraren inguruan. Zergak Koordinatzeko Organoan hartu nahi du erabaki bateratu bat, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Eider Mendoza Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak atzo azaldu zuen uztailean dela biltzekoa Zergak Koordinatzeko Organoa—data ez dute zehaztu oraindik—, eta iragarri zuen bertan erabaki bateratu bat hartuko dutela errenta zergan amatasun eta aitatasun laguntzen harira egindako atxikipenak itzultzeko eskatzeko Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarri zuten herritarrei dirua bueltatzearen inguruan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek bueltatu ez dituzten errenta-zerga atxikipenak iazko urrian Espainiako Auzitegi Gorenak irizpide berria ezarri baino lehen egindako erreklamazioei dagozkienak dira. Atxikipen horiek ez itzultzeko, hiru foru ogasunek legedia erabili zuten argudio gisa. Hau da, adierazi dute atxikipena bueltatzeko egindako erreklamazio horien gaineko espedienteak behin betiko itxita zeudela 2018ko urrirako, eta legez kontrakoa litzatekeela ebazpen irmo bat berriz aztertzen hastea, zergapekoaren mesederako zein kalterako izan.
Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundia prest dago legezko zirrikitu bat bilatzeko, atxikipen horiek bueltatzeko. Joan den asteko astelehenean iragarri zuen prest dagoela foru arau bat bidaltzeko Batzar Nagusietara, arau horren bidez legezko bide bat erabiltzeko dirua bueltatzeko. Era berean, Arabako Diputazioak ere adierazi du aztertuko dutela Bizkaian aukeratu duten metodoa atxikipenak bueltatzeko.
Gipuzkoa da, oraingoz, mugimendurik egin ez duena, eta Zergak Koordinatzeko Organoaren teilatuan utzi du pilota. Organo horrek onarpena eman diezaioke Bizkaiko Diputazioak diseinatutako foru arauaren formulari, eta, hala izanez gero, hiru foru ogasunek erabiliko lukete. Gipuzkoan, ehun inguru zergapeko daude atxikipena jasotzeko zain, eta 3.000 eta 5.000 euro bitartean jasoko lituzkete bueltan.
PSN, bueltatzearen alde
Gorenaren iazko urriko erabakiak, berez, ez zuen eraginik Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, horietako foru ogasunek araudi propioak dauzkatelako gaiz. Alabaina, zeharkako presioaren eraginez, araudiak aldatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, eta 2014az geroztik egindako atxikipenak bueltatu.
Nafarroan, aldiz, lauko gobernuak araudi propioari eutsi zion, nahiz eta hainbat manifestazio izan kalean dirua itzultzeko eskatuz. Korapiloa oraindik ez da askatu, eta ez du erraz askatzeko itxurarik, gobernu berria osatzeko PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako akordiorako oinarrian desadostasunen zerrendan ageri baita gaia: PSNk atxikipenak ezabatu eta bueltatu nahi ditu; ez, aldiz, Geroa Baik eta Ezkerrak.
Amatasunaren atxikipenak itzultzeko erabaki bakarra nahi du Gipuzkoak
Zergak Koordinatzeko Organoak uztailean hartuko du erabaki bateratua. Bizkaia eta Araba prest daude foru araudia aldatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu