LAB sindikatua. Gidari berri baten zain

Amaitu da Etxaideren garaia

LABek dio «eredua birpentsatzeko gogoeta emankorra» egin duela, eta iragarri du erreleboa izango dela zuzendaritzan. 2017ko maiatzeko Biltzar Nazionalean beste idazkari nagusi bat izendatuko dute

Ainhoa Etxaide, artxiboko argazki batean, LABek Donostian duen egoitzan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
LABek buruzagitzan izan duen lehen emakumeak ez du jarraituko karguan. Datorren urteko maiatzaren hondarrean beste idazkari nagusi bat izango du sindikatu abertzaleak. Ainhoa Etxaideren ziklo historikoa amaitu da, horrenbestez. «Emankorra izan da LABentzat azken bost urteotan eginiko bidea», esan zuen atzo sindikatuak ohar baten bidez. «Osasun betean eta indartsu iritsi gara maiatzeko biltzarrera». 2017ko maiatzaren 25ean eta 26an izango da biltzar hori, Gasteizen.

LABek dio Etxaideren zuzendaritzapean «Euskal Herriak behar duen sindikalismo eredua birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra» egin dutela. Horiek horrela, ezker abertzaleko sindikatuak zuzendaritza berria izango du 2017ko Biltzar Nazionalaren ostean; hark kudeatu beharko ditu borroka sindikalak zabalik eta eboluzio bizian dituen fronte askotarikoak.

Etxaide badoa; azken egunetan jakinarazi dio zuzendaritzari bere erabakia, azken asteetan hartutako deliberazioa baita. Udaren atarian ez zuen bazterturik gaur egungo zuzendaritzari zegokion aldaketa estrategikoa berak egitea beste agintaldi baten bidez. Baina ez. Ezker Abertzalearen barruan, oro har, azken hilabeteetan egon den agintari eta kargudunen berrikuntza prozesuarekin batera badoa Etxaide.

2008ko ekainean egindako Biltzar Nagusian aukeratu zuten Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi (Hondarribia, 1972). Rafa Diez historikoaren lekukoa hartu zuen, sindikatuak izan duen lider ezagunenarena —1992tik 2008ra gidatu zuen hark sindikatua—, eta 2017ko maiatzean emango dio lekuko hori bera beste sindikalista bati, bederatzi urteko gidaritzaren ostean. Rafa Diezek ezingo du bertatik bertara ikusi errelebo hori, 2017ko abuztura arte behintzat kartzelan jarraituko duelako.

ARO ALDAKETA BAT

«Jabetzen naiz ontzi hau eramatea egokitu zaigula oso ur handietan, eta ez naiz krisiaz ari bakarrik», esan zion Etxaidek BERRIAri aurtengo maiatzean. Autokritika egiteari ez zion izkin egin. «Guri egokitu zaigu estrategia aldaketa egitea. Badakit zenbat borroka egiten ari garen, baita zenbat zentralitate galdu duen sindikatuak ere, eta zenbat kostatzen ari den eredu sindikal berria errotzea gure jendearen artean».

Oraindik LABeko buru denak nekea zuela onartu zuen elkarrizketa horretan, nahiz eta ez zuen baztertu karguan jarraitzeko hautagaitza aurkeztea. «Ez dut ezkutatuko nekatuta eta batzuetan etsirik egoteko arrazoiak baditudala, baina argi daukat 2008an esan genuena indarrean dagoela: XXI. mendeko sindikatua behar dugu, eta trantsizio hori egitea zuzendaritza honi dagokio».

Bada, trantsizio hori burututzat jo du LABek, eta horregatik iragarri du idazkari nagusiaren eta haren albokoaren (Jabi Garnika) erreleboak. Ziklo aldaketa ate-joka dago, eta Etxaidek berak argi utzi du inoiz dena eman duelako sentipena daukala. «Egiteko genuena bukatu dugula ikusten dudanean, lasai asko joango naiz etxera». Maiatzean hari solteak bazirela eman zuen aditzera; «oraindik badago lana egiteko»; baina haiek josita edo josi gabe, zuzendaritzari agur esango dio hilabete batzuk barru. «Gauza bat da nekatua egotea, eta beste bat egitasmoa ondo atera ez delako etsita etxera joatea. Ez dut joan nahi pentsatuz azken zortzi urteak alferrik izan direla».

Bere ondareaz ere zertzelada batzuk emanak ditu Etxaidek: «LABen idazkaritza nagusia hartu duen lehen emakumea naizela diote; ba ez, estrategia sindikal feminista bat diseinatu duen kideetako bat baino ez dut izan nahi».

ERREFORMEN AROAN BIZI

2008an LABen idazkaritza nagusiaren ardura hartu berritan, Etxaidek garbi utzi zuen garai zailak zetozela langileentzat, baina zaila da jakitea zorrotz neurtu ote zuen urte gutxian lan harremanek eta lan merkatuak berak izango zuten eraldatze erabatekoa, krisi ekonomiko-sozialak hankaz gora jarri baitu hamarkadetan eraikitako ardatzak. «Borrokan segituko dugu esparru demokratiko baten alde eta langileak beren etorkizunaren jabe izatearen alde», esan zuen duela zortzi urteko biltzarrean, Periko Solabarria ezker abertzaleko erreferenteari besarkada handi bat eman aurretik; «Borrokarako grinak iraun egiten du belaunaldiz belaunaldi. Katea ez da eten».

Bigarren lan erreformaren oihanak borrokaren diskurtsoan koska bat gora eginaraztera eraman du Etxaide, ordezkarien aurtengo batzar nazionalean garbi utzi zuenez: «Ez gaituzte nahi lan zentroetan; gu legez kanporatzen saiatu dira. Orain, beste eredu bat inposatu nahi dute, sindikatuak indargabetu eta langileak babesik gabe uzteko. Hori da Confebaskek ametsa, eta LAB haren amesgaiztorik okerrena izango da lan gatazken bidez. Joan zuen lantegietara, eta izan amesgaizto patronalarentzat».

ELA-REKIKO HARREMANA

Jose Elorrieta eta Rafa Diez ELA eta LABeko idazkari nagusi zireneko batasunetik urrun egon dira sindikatu abertzaleak azken urteotan. Bolada batzuetan gehiengo sindikala mamiz hustutako estalki batean geratu dela esatea ere ez da gehiegizkoa, Adolfo Muñozen eta Ainhoa Etxaideren sindikatuen artean «sakoneko desadostasunak» baitaude. Lan erreformak ezarritako muturreko jokalekuan negoziazio kolektiboa lehenetsi du LABek, eta ELAk enpresa itunetan jarri ditu indarrak batik bat. 2013an, ultraaktibitatearen amaierak ekarritako itunen galerak are gehiago aldendu zituen. CCOO eta UGTren EAEko adarrekin negoziazio kolektiboa babesteko manifestazioetan ere parte hartu zuen Etxaidek. Gainera, EH Bildu Gipuzkoako erakundeetara iritsi zenean LABek haiekiko jarrera kritikoa baztertu zuela ere salatu zuen ELAk behin baino gehiagotan. Samina eragin, eta arrakala handitu zuen horrek.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren jardunak garbi utzi du, ordea, ELA eta LAB «aliatu naturalak» direla, haiek direlako «lan harremanetarako euskal esparrua» gehien babesten dutenak. CCOOk eta UGTk Madrilen bultzatutako estatalizazioak sindikatu abertzaleak berriro estrategia komuna adosteko prozesua azkartu du azken seihilekoan. Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek eragin mugatuko itunak orokortzeko akordioak mugarria jarri du aurten ekintza sindikal bateratua berreskuratzeko prozesuan. Litekeena da prozesu horrek emaitza zehatzak edukitzea Etxaide joan aurretik.

ORDEZKARITZA HANDITU DA

Sindikatuaren lema hartzean baino ordezkaritza handiagoa utziko du Etxaidek. 2008an %15 ozta-ozta gainditzen zuen LABen ordezkaritza, Hego Euskal Herrian, eta 2016an %18koa da kasik. Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan CCOO gainditu du, eta jadanik bigarren indarra da ELAren atzetik (%40 baino gehiago), nahiz eta parekaturik dauden %19ren inguruan.

Etxaidek berak gogoratu du inoiz LAB dela jaio zenetik hazi besterik egin ez den sindikatu bakarra. 1980an, sindikatu gisa bi urte zituela, %5eko ordezkaritza ere ez zuen Hegoaldean. 1986rako %10 gainditu zuen, eta 2002rako %15. Kopuru horri eutsi zion 2010 arte, eta hiru puntuko jauzi berria eman du azken bosturtekoan. ELAk dauka nagusitasuna,%35 inguruko ordezkaritzari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.