Aho bizarrik gabe aritu da Orkestrako ikertzaile Mikel Navarro (Donostia, 1954) euskal industriari buruz. Arcelor Mittalen gatazka bere neurrian jartzen saiatu da industriaren estrategiaren barruan. Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapia babestu du, « azken urteetan ausarta izan delako hainbat erabaki mingarri hartzean», eta gogor kritikatu du aurreko Nafarroako Gobernua, «ez diolako ezertan lagundu industriari». Batzuek bere esanak «ez dituztela ongi hartuko» badakiela dio.
Zenbat eragingo diote altzairuaren krisiaren balizko itxierek industriak BPGan pisua irabazteko plan orokorrari?
Gutxi, altzairugintzak enpleguan duen pisua hutsaren hurrengoa delako. Sektorea enpresa handietan dago, pilatua, eta horrek eragiten du eskualde zehatzek kolpe handia hartzea. Langileak oso antolatuak daude, eta 300 kaleratzen badituzte, zarata izugarria ateratzeko gai dira. Eta nik ulertzen dut hori, noski; baina altzairugintzak gure ekonomian duen pisua ez du justifikatzen zarata neurri hori, are gutxiago sektore estrategikoa den aztertzen hasita.
Ez dela esango duzu, noski...
Arcelorren soldata handiak daude sindikatuek indarra dutelako, baina soldatak alde batera utzita, han ez dago enplegu kualifikaturik, oro har; langileek txandetan egiten dute lan, baita asteburuetan ere, argindarra merkeagoa delako. Nik ez nuke nahiko lanpostu mota hori nire seme-alabentzako. Jakintzan oinarritutako enpleguak dauka geroa, ez horrelakoa. Ez, ez da estrategikoa.
Lanpostua galtzekotan dagoena sutan jarriko duzu...
Haren posizioa ondo ulertzen dut. Enpresa handi bat ixteak kolpe izugarri eragiten du eskualdean, familietan, eta egungo soldataren pareko beste enplegu bat topatzea, gehienek duten kualifikazio maila txikiarekin, oso zaila da.
Auziak ez ote du irtenbiderik?
Zumarragako kasua ez dut behar adina aztertu, eta ezin dut erantzun biribilik eman, baina benetan zaila dirudi sektorea lehiakorra izatea. Oso balio erantsi gutxiko prozesu industriala egiten dute, eta inbertsio izugarria egin beharko litzateke, esaterako.
Industria bere orokortasunean aztertzen duen arduradun politikoak akaso beste lehentasunak izango dituela esaten ari zara?
Esaten ari naizena da nik lehentasunak finkatu beharko banitu eta bitartekoak gastatu, bi aldiz pentsatuko nukeela zer egin. Hau da, norbaitek jasotzen duenean, norbait jaso gabe geratzen da, eta inbertsioak bueltan etortzea komeni da, noski. Ez da erraza hain gordin esatea, baina hala da.
Zer egin beharko litzateke orduan altzairugintzarekin?
Historiari begiratuta, eta altzairugintzak egin duen ibilbidea kontuan hartuz, agian zentzuzkoena ixtea izango litzateke. Dena den, oso garrantzitsua da horretara nola iritsi garen jakitea. Balio erantsi gutxiko produktuak ekoizten badira eta ez badira aukerak aurkitu dibertsifikaziorako, normala da ixtea. Sarritan gertatzen da multinazionalek ukatu egiten dituztela aukera horiek, eta hor dago bizirik irauteko gako nagusietako bat.
Erabaki zentroa kanpoan egotearen zama gisa har daiteke hori?
Ez du zertan; multinazionalek aukera eman diezaiekete euren adarrei ongi kudeatzeko gai direla erakusteko, adarren artean lehia daitezen. Lantegiek bigarren aukera lor dezakete modu horretan.
Nola gailentzen da talde bereko adar bat? Nola gailendu behar zaio Iruñeko Volkswagen Bratislavako Volskwageni?
Oso trebakuntza oneko langileekin, hornitzaile sare egokiarekin eta, azken finean, ingurunea jarduerara moldatuz. Klusterra sortuz, esaterako. Multinazionalaren adarrak lurraldeko estrategia garatzen badu, irabazten aterako da. Eta VWek ulertu du hori. Lehen, ez zuen inolako konpromisorik adarrekin, eta orain, ohartu da komeni zaiola adar bakoitzaren ingurunea garatzea.
Edonon baino merkeago ekoizteak ez ote du are garrantzi handiagoa?
Ez. Lehiakorra izatea oinarrizkoa da, baina, horrez gain, lotura garatu behar da multinazionalarekin, eraginkorra izango den laguntzaren bidez.
Administrazioek multinazionalen inbertsioak lagundu behar dituztela diozu, hortaz?
Administrazioak egin behar duena da multinazionalaren euskal adarra errentagarri gerta dadin azterketa bat, ez laguntzak eman, besterik gabe, gero nahi dutenean joateko. Langileak trebatzen lagundu dezakete; langileak hemen geratzen dira; ekoizten den produktuaren probalekua egiten lagundu dezake; azpiegitura hemen geratzen da. Adibide ugari daude. Loturak sor daitezke, industriaren aldeko jarrera eduki.
Jaurlaritzak ba al du?
Orain, bai. Orain saiatzen ari da garatzen. Jaurlaritza mila gauzatan dago, eta ez dauka behar adinako informazioa oinarrizkoak diren enpresen eguneroko jardunaren inguruan. Ez da iristen, baina nahi du. Porrot egin aurretik alarma mekanismoak jartzen asmatu behar du, eta ez da erraza.
Atzo manifestazio handi bat egin zen Lakuak ez duela benetako plan industrialik esateko.
Plan industriala inon izatekotan, hemen dago. Ez da egia estrategiarik ez dagoela. Ahalegin handia egin da industria sustatzeko, baita krisian ere. Zientzia eta teknologia sarean erreforma mingarriak egin dituzte, baina beharrezkoak. Eraginkortasuna nahi da, eta aldaketa gogorrak egin dira, esaterako kluster sarean eta zentro teknologikoetan. Hori bada plan bat; erosoagoa zen ezer ez egitea, Patxi Lopez lehendakariaren aroan bezala.
Ez ote du egoerak behartu Jaurlaritzaren plana?
Beharbada. Zerbitzu sozialei bere horretan eustea erabaki zen, eta baliabideak finituak dira. Lehiakortasunean murriztu zen, baina eraginkortasuna bilatuz aldi berean. Eta gastu soziala lehenestea ongi dago, baina gastu soziala denean. Funtzionarioen aparteko ordainsari bat itzultzea gastu sozial gisa sailkatzen dute batzuek. Bada, horrek mila bekadun ez kontratatzea dakar. Zer da onuragarriagoa gizartearentzat?
Eta Nafarroa?
Nafarroako industria politikarik apenas egon den azken urteetan. Barcinaren gobernua desastre hutsa izan da, kaltegarria industriarentzat. I+Grako programak ere ez dira egon. Pentsa, Jaurlaritzari su emango zioten. Kontua da Nafarroak eutsi diola Volkswagen eta Opusa ondo joan direlako.
Opusa?
Bai, Opusa da Nafarroako bigarren enpresa.
2020rako BPGaren %25era igo nahi du Jaurlaritzak industria. Lortuko du helburu hori?
Ez, industriak pisua galtzen segituko du. Kopuru berak ekoizteko jende gutxiago beharko da; ezin da ahaztu aldagai hori. Eta, gainera, industriaren parte bat zerbitzuetara pasatzen ari dira.
Industria. Elkarrizketa. Mikel Navarro. Ekonomia katedraduna Deustuko Unibertsitatean
«Altzairugintzak gure enpleguan duen pisua hutsaren hurrengoa da»
2020rako industria BPGaren %25 izateko helburua ez dela beteko aurreikusi du Orkestrako ikertzaileak. Hala ere, Jaurlaritzak bigarren sektorea sustatzeko eginiko «ahalegin handia» nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu