Fundamentuzko hedabide baten lana da zer eta zergatik gertatzen den kontatzea, betiere testuinguru bati lotuta. Gaur Donald Trump AEBetako presidenteak altzairuari eta aluminioari muga zerga orokorrak ezarri dizkielako berriarekin esnatu da mundua, eta halako neurri inportante baten logika ekonomikoa ulertzen saiatzea da lehen ariketa, ia automatikoa.
Bai, Trumpek esana zuen muga zerga gehiago ezarriko zirela aste honetan —eta Europako Batasunean hasiak ziren jomuga izateko prestatzen—, Txinari ezarri zaizkion %10ekoez gain, zeinak salbuespen esanguratsuak dituzten.
Baina AEBetako ekonomista askoren erreakzioari begira, honela laburbil daiteke altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zerga horien lehen erantzuna: ‘Eta hau zergatik?’. Logika ekonomikotik gutxi izango bailuke halako muga zerga orokor batek.
Bailuke esan behar; izan ere, sinesgogortasuna izan da bigarren erantzuna. Zalantza handiak daude Etxe Zuriak neurri hori egiaz aplikatuko duen, batez ere ikusita nola egin zuen atzera Trumpek Mexikori eta Kanadari ezarritako muga zergekin bi herrialde horiek egindako kontzesio sinboliko xume batzuen truke.
Adierazpenak hegazkinean
Trumpek bart neurria nola iragarri duen ikusita, are gehiago kostatzen da sinistea muga zergak ezarriko dituela. Hain zuzen, Mar-a-Lagotik Super Bowl ikustera zihoala iragarri die kazetariei muga zergak jartzeko asmoa, Air Force One hegazkinean. «Astelehenean muga zergak ere iragarriko ditugu», esan du Trumpek, eta aipatu AEBetako produktuei beste herrialdeek jarritako muga zergek «araberako erantzuna» izan behar dutela. Eta kazetariek zera galdetu: «Zeri ezarriko zaizkio muga zergak?». Trumpek berehala erantzun du: «Altzairu guztiari; AEBetan sartzen den altzairu guztiak izango du %25eko muga zerga». Kazetariak, orduan: «Eta aluminioak?». Eta Trumpek erantzun: «Aluminioak ere bai».
Beraz, esan daiteke oraingoz hori dela Trumpen iragarpenaren testuingurua. Hain neurri garrantzitsu bati buruz hitz egiteko moduaz gain, aipatzekoa da Trumpek xehetasun gehiago eman ez izana. Ez du zehaztu, adibidez, neurri horiek noiz ezarriko diren indarrean. Aldi berean, ez dago argi Txinari %25eko zerga horiek ere ezarriko zaizkion, %10eko muga zerga orokorrez gain.
![AEB, MUGA ZERGAK AEB, MUGA ZERGAK](/uploads/s1/71/30/61/5/ef-745662-14648027_49_1000x666.jpeg)
«Espero du hau mehatxu estrategiko bat edo amarru bat izatea. Neurria praktikan jarriko balitz, gure herrialdea pobreagoa izango litzateke, inflazio handiagoa izango luke, eta lehiakortasun txikiagoa», esan du Larry Summers ekonomistak.
Labe berriak martxan jartzea kostatuko dena gehiago izango da muga zergetan jasoko dena baino, eta, gainera, altzairua eta aluminioa erabiltzen dituzten AEBetako industriei (automobilgintza eta eraikuntza) nabarmen garestituko zaizkie kostuak.
Izan ere, AEBentzat orain baino garestiagoa izango da altzairua eta aluminioa inportatzea, besteak beste ekoizpena ez delako handitu, nahiz eta Trumpek bere lehen agintaldian jarritako muga zergak ezarri.
2018an Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako %10 muga zerga haiek indarrean daude oraindik, baina salbuespen ugari dituzte hainbat herrialderekin, kuota jakin batzuek ez baitute zergarik ordaintzen. Bart horri buruzko zehaztasunik ere ez du eman Trumpek: adibidez, ez du argitu %25eko kuotak %10ekoei gehitu ote zaizkien.
Erantzuna
Altzairuari dagokionez, Kanada, Mexiko, Brasil eta Txina dira AEBetara altzairua inportatzen duten herrialdeak, baina muga zerga handiagoen eragina Europako Batasunean ere nabarituko litzateke.
Paristik etorri da Trumpek esandakoen lehen erantzuna. Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak berehala erantzun beharreko dei bat egin dio Europako Batzordeari. «2018an muga zergak jarri zizkigun, eta, orduan, erantzun egin genuen. Orain ere erantzun egingo dugu».
siderex, kezkatuta
Asier San Millan Siderexeko zuzendari nagusiak bere kezka onartu du Trumpek har ditzakeen neurri berrien inguruan. Altzairugintza enpresaren klusterreko buruan nabarmendu du AEBen muga zergak espero zituztela, baina hala ere «albiste txarra» direla. Egun AEB Araba, Bizkai eta Gipuzkoako altzairugintzaren hirugarren merkatua da —Siderexek Espainia barneko merkatu gisa hartzen du— eta hara bidaltzen ditu esportazioen %15. San Millanen beldur handiena, dena den, zehar kalteak dira: «Txinak ezin badu bere altzairua AEBetan saldu beste merka batzuetara joko du, eta Europa altzairu merkez itoko du. Arau bera betetzen ez dituen altzairua».
Horren aurrean Europak azkar erreakzionatu behar duela uste du sektoreak: «Industria sendoa nahi badugu proaktiboa izan behar dugu, kaltea handiegia izan dadin aurretik mugitu. AEBetan egun batetik bestera hartzen dira erabakiak, Europan, aldiz, prozesuak oso geldoak dira». Dena den, zuhurtzia ere eskatu du: «Dekretua tentuz irakurri behar dugu eta mugasarien baldintzak ondo irakurri».
Europako Batzordea azken asteetan buru belarri ibili da AEBetatik ezarri daitezkeen muga zergei erantzunak prestatzen, mehatxua behin baino gehiagotan egin baitu Trumpek. «Gure interesak kaltetzen direnean, ez da inolako zalantzarik izan behar», esan du Barrotek.
Txinatik ere erantzun diote Trumpi. «Protekzionismoak ez dauka irtenbiderik. Ez dago irabazlerik gerra komertzialetan». Hori bai, gaur sartu dira indarrean Txinak AEBetako ondasun jakin batzuei ezarritako muga zergak —Trumpek ezarritako %10eko muga zergen nolabaiteko erantzuna dira—.
Azken horien artean, oraindik ezarri gabe daude Shein, Temu eta halakoetatik AEBetara egiten diren 800 dolar baino gutxiagoko paketeei dagozkienak. Tarte batez kendu egin bazen ere, aduana salbuespena ezarri zitzaien berriz ere pakete horiei.