Altxor bat ez da nahikoa

Meatzaritzari esker, Mongoliak %10etik gorako hazkunde ekonomikoa izan du 2010etik 2013ra, aberastasun horren zati handi bat herritarren artean banatu ez bada ere. Gainera, burokraziaren trabak eta lehengaien prezioaren jaitsierak hasi dira gaizki araututako sektoreari kalte egiten.

Meatzari artisauak, 'ninja' deitutakoak, urre bila meategi handi baten inguruan, Zaamar herritik hurbil. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Ulan Bator-Ayrag
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Egon izan balitz, termometroak adieraziko luke zero azpitik 27 gradu daudela Ayragen, Mongoliako Dornogovi probintziako herri desolatuan. Burutik sano dagoen edonor saiatuko litzateke kanpoan ahalik eta gutxiena egoten, baina Batdelger Tsereen harria txikitzen ari da. Harekin batera, beste 30 lagunek egunero bizitza jokoan jartzen dute meategi batetik fluorita eta feldespatoa atera nahian —beiraren eta zeramikaren industrian derrigorrezko mineralak dira—. Hotza izugarria izan arren, ez zaizkio eskuak izozten, eta, izozten bazaizkio, ez da kexu. Dirua behar du seme-alaben hezkuntza ordaintzeko. Ulan Bator hiriburuan bizi dira, Ayrageko estepatik urrun. «Batez beste, 800.000 tugrik ordaintzen dizkigute hilean (365 euro), eta neguan lan egiten dugunok osagarri bat jasotzen dugu», azaldu du, harri urdinxkaren aurkako kolpeak emateari utzi, eta atseden txiki bat hartu duela. «Soldata ona da, eta, hari esker,nire familia hobeto bizi da abeltzainak ginenean baino. Meatzaritzak gure bizitza aldatu du, hoberako».

Tsereenek egia dio. Nahiz eta nazioartean ia jaramonik ez zaion egin, mirari ekonomiko handia gertatu da Mongolian azken bost urteotan. Goraldiaren une handienean, Txinaren hazkunde tasak txiki utzi ditu hango iparraldeko auzoak: 2010az geroztik, urtean %10etik gora hazi da Mongolia. 2011n %17,5era heldu zen barne produktu gordinaren hazkundea, urte horretan munduko beste inongo estatuk lortu ez zuen hazkunde tasa. Orduz gero, oina pixka bat altxatu du azeleragailutik, baina hazkunde tasa oso handiak ditu oraindik ere. Iaz, esaterako, %7tik gora hazi zen, Txinaren maila bertsuan. Ezusteko boomaren arrazoia garbia da: meategiak.

Dentsitate txikia

2009az geroztik, Ulan Batorreko gobernuak erraztasun handiak eman dizkie lur barneko aberastasun mineralak atera nahi izan dituzten atzerriko konpainia handiei. Munduan biztanleria dentsitate txikiena duen herrialdea da Mongolia: 1,9 biztanle kilometro koadroko, hau da, ia hiru milioi biztanle dituela 1,5 milioi kilometro koadroan. Euskal Herrian bezainbat biztanle, Euskal Herria halako 78 den herrialde batean. Jende gutxi bizi da, baina aberastasun mineral izugarria du: urrea, kobrea, ikatza, fluorita, molibdenoa eta uranioa, batez ere.

Atzerriko inbertsioen ondorioak nonahi ikusi ahal dira: etxe orratzek ordezkatu dituzte sobietar estiloko eraikin zaharkituak, asfaltatu bihurtu dira hautsez betetako bide askotako errepideak, eta Louis Vuittonek eta luxuaren beste ikurrek dendak ireki dituzte Asiako tigre berrian. Nahiz eta egoera berriarekin handitu egin den pobreen eta aberatsen arteko arrakala, txirotasuna bera txikitu egin da: biztanleen %38,7ri eragiten zien lehen, %27,4ri orain. Baikor azaldu da Mongoliako Economic Research Institute ere, iragarri baitu meatzaritzaren eskutik BPGa 25.000 milioi dolarrera iritsiko dela 2020rako, 2013an baino 2,5 aldiz gehiago.

Baina oro ez da urre. «Azkenaldian, atzerriko inbertsioa asko gutxitu da, meatzeak arma politiko bat bihurtu direlako. Sektoreari ezartzen zaion legedia oso aldakorra da, lau aldiz aldatu baitute 1994az geroztik. Gainera, gehiegizko burokraziak eta ustelkeriak kalte egiten diote», azaldu du D. Enkhboldek, sektoreko enpresa nagusiak biltzen dituen Mongoliako Meatzaritzaren Elkarte Nazionaleko zuzendariak. «Egia da meatzaritzak sortzen duen aberastasunari esker dirua iritsia dela beste sektore batzuetara ere, baina gobernua ez dago herrialdea prestatzen goraldia amaitzen denerako. Arrautza guztiak saski batean jarriko ez dituen eredu ekonomiko bat behar dugu; meatzaritza kontrola ezin daitezkeen kanpoko faktore batzuen menpe dago, besteak beste, lehengaien eskariaren eta nazioarteko merkatuak ezartzen dituen prezioen menpe».

Eskariak eta prezioek beherantz egin dute azkenaldian, eta kezka zabaltzen ari da. Gainera, atzerriko inbertsioa %71 amildu egin da Mongoliako Gobernuaren eta Rio Tinto enpresaren arteko borroka biziaren poderioz. Erresuma Batuko eta Australiako multinazional handiak ustiatzen du herrialdeko kobre eta urre meategi handiena, Oyu Tolgoi, bainaez da agintariekin ados jartzen hura zabaltzeko baldintzei buruz. Oyu Tolgoi gai izango litzateke Mongoliaren BPGaren %30 eragiteko, baina, horretarako, lur azpiko zatia ustiatu beharko litzateke, eta hori ez da gertatuko lanak nork ordainduko dituen eta etekinak nola banatuko dituzten erabaki arte. Giro nahasi horrek beste inbertsio batzuk geratu ditu; besteak beste, ikatz meategi handiena izan daitekeena —Tavan Tolgoi—.

Abenduan kaleratutako txostenean, Munduko Bankuak ohartarazi zuendesoreka jasangaitzak pilatu dituela Mongoliako ekonomiak; barne kontsumoa higatzen ari da, inflazioa oso handia da, eta kapital erreserbak erortzen ari dira. Gauzak horrela, meatzaritza sendo arituta ere, hazkundearen erritmoa moteldu egingo da. «Gainera, banku sektorea hobeto zaindu beharko da; oso ahul dago orain, 2013an emandako maileguak BPGaren %20 handitu baitziren, eta haien gaineko kontrola ez zen batere zuhurra izan». Deskontrol horren emaitzak ikusi ziren iaz, maileguen berandutzea %48 aeagotu baitzen.

Handiak eta txikiak

Lkhawaa Lodaisambuuk arrastorik ez du makroekonomiari buruz, baina uste du Mongolia krisi betean dagoela, eta datu makroekonomikoak ez direla herritar gehienen bizi-mailaren hobekuntzan islatzen. Dornogoviko basamortuko meatzarien erakunde txiki bat ordezkatzen du, eta suminduta azaldu du bere etsipena. «Mineralen prezioa txikiegia da, eta ez dugu lortzen Gobernuak araudia aldatu eta etekin handiagoa gordetzea. Horrela jarraituz gero, aurki, lan egitea ez zaigu errentagarri gertatuko». Gaur egun, meategiaren jabeek bitartekariei saltzen diote fluorita ekoizpenaren zatirik handiena, eta haiek garraiatzen dute Errusiara eta Txinara. Tonako 210 dolar ordaintzen diete, mineralaren azken erosleak ordaintzen duenaren zati txiki bat besterik ez. «Guk nahi dugu gobernuak utz diezagula bezeroei zuzenean saltzen eta bitartekarien zeregina arautzen. Baina ez dago modurik. Gero eta transakzio gehiago izan, gero eta aukera handiagoak daude norbaitek dirua bere patrikan sartzeko». Ustelkeria oso hedatuta dago Mongolian.

Mongoliaren aberastasunaren zati handi bat atzerrian geratzeak ere sumintzen du Lodaisambuu. «Urteak daramatzagu eskatzen findegiak eraikitzeko, geure esportazioen balioa handitzeko, baina ez dira iristen. Hala, benetako negozioa Txinako industriek gordetzen dute, guk emandako produktu prozesatua saltzen baitigute». Etenik gabe handitzen ari da Mongoliaren merkataritza defizita, eta gero eta menpekotasun handiagoa du atzerriarekiko. «Gure aberastasunak ustiatzeak balio beharko luke gazteek Ulan batorren dituzten lanerako aukerak herrialdearen beste lekuetara ere iristeko. Baina, azkenean, etekinak oso gutxiren eskuetan ari dira geratzen».

Mongoliako Gobernuak ez du gaiari buruz hitz egin nahi. BERRIAk idatziz igorritako galderei ez erantzutea erabaki zuen Meatzaritza Ministerioak. Are gehiago, urre bila dabiltzan meatzariekin egiten ari zen bilera batetik bota zuen kazetaria, Zaamar herrian. Meatzariek babes handiagoa eskatu zuten konpainia handien aurrean, eta irabaziak gizarteratzeko.

«Ez da logikoa hain biztanle gutxi eta hainbeste mea dituen herrialde batean herritarren heren bat pobreziaren mugaren azpitik bizitzea», salatu du Narantugs N.-k, MSSM Mongoliako Meatzari Txikien Elkarteko zuzendaritzako kideak.

Ohartuta desberdintasun sozialak oso modu arriskutsuan ari direla hazten, iaz gobernuak erabaki zuen meatzari artisauen elkarteak legeztatzea. Lehen legez kanpo aritzen ziren milaka meatzari, baina orain errazagoa dute urrea Mongoliako Bankuari saltzea. «Duela gutxira arte banku zentralak 300 gramotik gorako kopuruak soilik erosten zituen, baina hori izugarrizko kopurua da meatzari artisauentzat, eta zergak handiegiak ziren. Orain, zorionez, ez dago gutxieneko kopururik eta tasak txikitu dituzte», azaldu du Tuya Damdinjamtsek, Duush Mandal Khairkhan batasuneko zuzendariak. Gobernuaren datuen arabera, elkarte horiek eta ninja izenez ezagutzen diren legez kanpoko urre bilatzaileek bost tona urre atera zituzten, eta banku zentralaren erreserbak handitu zituzten horrela.

Enpresa handiek aurre egiten diete ekoizle txiki horiei, eta hildakoak eragin dituzten borrokak sortu dira azkenaldian. «Baimenen eta zergen bitartez etekinak banatzen ditu meatzaritza. Baliabideak ustiatzen dituen enpresaren neurriak edo nazionalitateak ez luke garrantzirik izan behar. Horregatik, uste dugu denok arau berberak bete beharko genituzkeela, eta meatzari artisauek jasotzen dituzten zerga pizgarriak enpresa handiak baztertzen dituen osagaia direla», kexu da D. Enkhbold. «Bai ninjek eta bai elkarte txikiek ere lan baldintza okerragoekin lan egiten dute multinazionalekin alderatuta, eta ingurua gehiago hondatzen dute».

Meatzaritzak ingurumenari eragiten dion aztarna sakona da atzerriko korporazioen eta meatzari artisauen arteko eztabaidagai gogorrenetako bat. «Soilik jaio diren lurra lantzen dutenak arduratzen dira hura zaintzeaz», baieztatu du Enkhamgelan Damdinragehaak, Uguumureko Meatzarien Elkarteko buruak. «Errusiarrak izan ziren hemen; lurra zainduko zutela agindu zuten, eta hedabideak ekarri zituzten erakusteko nola estaltzen zituzten urrea ateratzeko eragin zituzten zulo handiak. Kamerak joan zirenean, errusiarrak ere desagertu ziren. Gu, ordea, hemen bizi gara eta gure ondorengoek ere lur sanoaz gozatzea nahi dugu; horregatik, zaintzen dugu eremua. Meatzaritza motor ekonomiko handia da orain, baina etorkizunean bonba bat izan daiteke, baldin eta eragiten ditzakeen kalteak konpontzen ez badira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.