Alternatiba ekosozial justu baten aldeko mobilizazioak antolatu dituzte maiatzaren 11rako

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak manifestazioak egingo dituzte Iruñean eta Bilbon.

Mobilizazioaren deitzaileak, Bilboko Areatzan. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko martxoaren 11
15:30
Entzun

Hainbat eragile sozialek, sindikatuk (ELA, LAB, ESK eta Steilas) eta gizarte mugimenduk mobilizazioak antolatu dituzte maiatzaren 11rako, «alternatiba ekosozial justua» aldarrikatzeko. Eragile horiek «borroka txikien» itsaso bat josi nahi izan dute, norabidea aldaraztea lortzeko eta «bizitza duinak» bermatzeko. Manifestazioak Iruñean eta Bilbon izango dira, eta aurretik hainbat ekintza egingo dituzte deialdiak gogorarazteko. Lehenbiziko ekintza larunbat honetan izango da, Bilbon, 18:00etan. Guggenheim museoaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko.

Iazko irailean, berrogei eragile bildu ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolaturiko Su txikien itsasoa topaketetan. Bilera haietan dute jatorria mobilizazioek, eta, Eskubide Sozialen Gutunaz gain, Emakumeen Mundu Martxa eta Gune Ekosozialista dira deitzaile ofizialak. Topaketetan ondorioztatu zuten alternatiba ekosozialista bat behar dela, eta zazpi ardatz adostu zituzten hori lortzeko bide gisa.

Baina zeintzuk dira ardatz horiek? Hasteko, planeta bizigarri bat behar da, eta, horregatik, ezinbestekotzat daukate klima larrialdiari aurre egitea. Bestalde,  eredu ekonomikoak bizitza bizigarriak bermatzea izan behar du helburu, eta ez negozioa bermatzea. Alde horretatik, lana banatu eta duindu egin behar da, eta bizitzarako funtsezkoak diren eremuak merkatuaren esku gelditzea galarazi. Alegia, elikadura, telekomunikazio eta energia burujabetza funtsezkoak dira.

Eskubide guztiak gizarte osora zabaltzeko beharra da bosgarren ardatza; horretarako, besteak beste, funtsezkoa iruditzen zaie Atzerritarren Legea bertan behera uztea. Seigarrena desmilitarizazioa da, bai ekonomiarena bai gizartearena. Eta azkena, berriz, aldaketa prozesu horiek merkatuaren esku ez uztea eta prozesuak diseinatzeko plangintza publikoak ezartzea. Prozesu hori guztia aldarrikatuko dute maiatzaren 11n, eta eguna hurbildu ahala atxikimendu gehiago lortzea espero dute deitzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.