Alkateak «zin egiten» du ez duela jaso Corrugados irekitzeko proiekturik

CL taldeak adierazi du informazioa igorri ziola, eta Arantxa Tapia sailburuak udalari eskatu dio enpresarekin «argi» hitz egiteko

Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Azpeitiko Corrugados irekitzeko inoiz aukeraren bat izan bazen, hura iragana da, CL taldeak ustezko aukera hori erretiratu duela jakinarazi ondoren. Eta zer gertatu den eta norenak diren ardurak argitzeko kontakizunak hartu du oraina. Tartean, baina, CL enpresa bera sartu da, eta lehen aldiz mintzatu da auziari buruz, EITBn.

Miguel Angel Leal zuzendariak alkateak orain arte esandakoak gezurtatu ditu, eta adierazi du enpresak udalarekin aurrez aurreko bi batzar egin zituela gutxienez, eta zenbait idatzi bidali zizkiola, horien artean «lantegia zortzi hilabeteko epean irekitzeko aukera» jasotzen zuen bat. Lealen arabera, 2020ko irailean hasi ziren aukera hori aztertzen, eta ziurtatu du negozio plan bat egin zutela, lege azterketa bat eskatu zutela, eta Azpeitiko plantarako zuzendaria ere hautatu zutela. «Plana» Jaurlaritzaren, aldundiaren eta udalaren esku jarri zutela ziurtatu du .

Nagore Alkorta alkateak, baina, halakorik jaso zutenik ukatu zuen beste behin ere, atzo, EITBk CLren adierazpenen berri eman aurretik. Alkate baten komunikazioan apartekoa den eskutitz irekia plazaratu zuen sare sozialetan, azken orduetan EAJko zenbait arduradunek haren zintzotasuna ezbaian jarri ondoren. Eskutitz horretan, alkateak «gehien maite dituenengatik» zin egiten du udalak ez duela «Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik jaso, eta ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan». «Beste batzuk entzuten ditudanean jendaurrean esaten proiektua badagoela, pentsatzen dut ea horiek lorik egiten ote duten».

Gaia «modu horretan nahastera» zerk bultzatu dituen ere galdetu du: «Galdetzen diot neure buruari zerk bultzatu ote dituen [...] enpresari baten kontakizun edo ahozko kontsulta soil batetik ehunka lanpostu sortzeko aukera paregabeaz hitz egitera». Langabezian edo baldintza kaskarretan lanean daudenak izan ditu gogoan, eta aitortu du «beldurra» ere ematen duela «hedabide nagusien sintoniak errealitatea desitxuratzeko duen gaitasunak».

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak oso bestelako ikuspuntua helarazi zuen, berriro, atzo. Proiektua egon badagoela, eta enpresarekin «argi» hitz egiteko eskatu zion Alkortari. «Borondatea egon balitz, irtenbide bat aurkituko genuen», esan zuen Herri Irratian: «Udalak erabaki du bere hirigintza agiriak galarazten duela jarduera hori». Tapiak badaki «autonomia» duela hori erabakitzeko, baina «hartzen diren erabakiekin arduraz jokatzeko» eskatu dio.

Alkorta, bere gutunean, udala «egiten ari den bidearekin» seguru agertu zen, eta sentsibilitate askotako herritarren babesa duela ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.