Alfonbra gorria pentsio berriei

Sistema erreformatzeko gomendioak zehaztu ditu Toledoko Itunak. EAJk erretiro aurreratuen gaian sakondu nahi du, eta EH Bilduk kritikatu du pentsiodunen eskaera nagusiak ez direla aintzat hartu

Toledoko Itunaren jarraipen batzordean parte hartu duten parlamentariak, atzo. J. J. GUILLEN / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun

Espainiako Kongresuaren lehoien atetik sartu zen atzo pentsioen sistema erreformatzeko egitasmoa. Ia aho batez onartu zituzten Toledoko Itunaren batzordeak joan den astean adostutako gomendioak, eta orain osoko bilkurara eramango dituzte. Atzo, soilik Voxek bozkatu zuen aurka. EAJk aldeko botoa eman zuen, puntu batzuetan gehiago sakontzeko asmoa agertu bazuen ere; EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen, pentsiodunen mugimenduaren «aldarrikapen nagusiak» kontuan hartzen ez dituela argudiatuta.

Atzoko akordioak duela lau urte hasitako lanak amaitu ditu. Testuak 21 gomendio jasotzen ditu. EAJk ez du argitu boto partikularrik aurkeztuko duen ala ez, baina pozik azaldu da. Iñigo Barandiaran diputatuak azpimarratu du akordio horrekin pentsiodunei «konfiantza» ematen zaiela. Aurrera begira, erretiro aurreratuen gaian sakontzeko asmoa agertu du EAJk, eta enpresen planak osatzearen alde azaldu da.

EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedok, berriz, zehaztu du ez diola uko egingo adostasunak lortzeari, eta aurreratu du boto partikularrak aurkeztuko dituela, eskaera hauekin: pobreziaren mugatik gorako pentsioak eskatuko ditu, 65 urterekin erretiratzeko adina berreskuratzeko, jasangarritasun faktorea ezabatzeko, eta pentsio osoa jaso ahal izateko kotizazio aldia 35 urtetik 37 urtera ez luzatzeko.

Kongresuko osoko bilkuratik ateratzen den testuarekin eta gobernuak CEOE eta Cepyme patronalekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin egiten ari den negoziazioetatik irtengo denarekin, egin beharko du lege berria Pedro Sanchezen exekutiboak,

PENTSIOEN EGUNERATZEA ETA ERRETIRO ADINA

Toledoko Itunaren batzordean parte hartu duten taldeek KPIa kontuan izango duen indize berri bat sortzeko eskatu diote gobernuari, eta Mariano Rajoyren agintaldian ezarritakoa bertan behera uzteko —%0,25eko igoera, defizita dagoen urteetan—. Pentsio nahikoa zer den zehazteko adierazle bat ere galdegin dute.

Aldiz, PPren gobernuak erretiro adina 67 urtera arte luzatzeko hartu zuen erabakia babestu dute, baina eskatu dute, besteak beste, pentsioa kalkulatzeko orduan kontuan hartzeko 25 urtean egindako kotizaziorik onenak eta ez azken 25 urteetakoak. Horrek sorraraziko lukeen gastua konpentsatzeko, erretiroa hartzeko benetako adina legezko adinera gehien hurbiltzeko neurriak proposatu dituzte, besteak beste, pizgarrien bidez. Ontzat jo dute, halaber, pentsioa eta soldata bateragarri egiteko aukera, eta erretiro aurreratuak gehiago zigortzea. Bigarren proposamen horrekin loturik, gobernuari eskatuko diote azter dezala zein kolektibo salbuets daitekeen zigorretatik, erretiro aurreratuen inguruabarrak eta kotizazio karreren hedapena aztertuz, pentsiodun batzuek galera handia izan baitezakete. Pentsio sistema osagarriei dagokienez, negoziazio kolektiboetan jasotako planak eta irabazi asmorik gabekoak lehenesteko eskatu dute. Horrez gain, soldatarik apalenak eta karrera profesionalik ahulenak babesteko formulak galdegin dituzte.

FINANTZAKETA

Batzordeak eskatu du 2023a baino lehen pentsioen sistemaren finantzaketa argitzeko, eta hortik kentzeko, hain zuzen, pentsioekin lotura zuzena ez duten zenbait gastu. Europaren eskaeretako bat zen hori. Finantzaketaren iturri nagusia kotizazioak izatea berretsi dute, baina iraunkorra eta nahikoa dela ziurtatzeko, beste baliabide batzuk bilatzea proposatu dute, zerga berrien bidez. Besteak beste, teknologia berriak eta robotizazioa aipatzen dira testuan, baina ez da zehaztasun gehiago azaltzen; adibidez, roboten lana zergapetuko beharko litzatekeen.

Pentsioen sistemaren zorpetze maila ez handitzeko, finantza tresna batzuk balia daitezkeela gogoratu dute. Era berean, Erreserba Funtsean gutxieneko gerakin bat ezarri behar dela diote, horren erabilgarritasuna gogortuko duen arau bati lotuta.

EMAKUMEAK, GAZTEAK ETA IMMIGRANTEAK

Emakumeen kotizazioetan balizko tratamendu diskriminatzaileak zuzentzeko erreformak bultzatzea, batez ere kotizatu ezin izan duten aldiak kalkulatzeko orduan. Kotizazio oinarri ezberdina duten pentsioen arteko elkartasuna sustatzeko eskatu dute, eta gutxieneko errentetan aseguratutako zenbatekoen murrizketa proportzionalak ezabatzea. Azpimarratu dute gazteen lan kontratuak berrikusi behar direla, pentsio duin bat jaso ahal izan dezaten. Immigranteak kontratatzeko, afiliatzeko eta sisteman integratzeko izapideen kudeaketa erraztea proposatu dute.

AUTONOMOAK

Kotizazio erregimenen arauak integratzea eta bateratzea eskatu dute, besteren konturako langileena eta norberaren konturako langileena bakarrik gera daitezen. Horren helburua da antzeko kotizazio dutenek pareko gizarte babesa, autonomoen kasuan, beren diru sarrera errealen arabera kotizatzea sustatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.