Alemaniaren atzeraldia Gipuzkoako industria ahultzen ari da

Adegiren arabera, ekonomia oraindik ongi doa, baina azken hiruhilekoan ugaritu egin dira arazoak, batez ere autogintzan eta metalgintzan. Lan kostuak dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusia, baina absentismoari buruzkoa hedatzen ari da.

Isabel Busto Adegiko presidente berria, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Isabel Busto Adegiko presidente berria, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urriaren 4a
12:30
Entzun

Oro har oskarbi dagoela esan daitekeen arren, laino beltz batzuk agertzen hasi dira Gipuzkoako ekonomian. Ez datoz Atlantikotik, Alemaniatik baizik. Adegiren arabera, Alemaniako ekonomiaren pattalaldia hasi da sufritzen Gipuzkoako industria, metalgintza eta autogintza nagusiki, eta, oraindik oso modu bortitzean ez den arren, salmentak eta eskaera orokorrak ahultzen ari dira.

Donostian egindako agerraldian, Gipuzkoako patronalak ez du panorama beltz bat marraztu nahi izan. Ziurtatu du lurraldearen egoera ekonomikoa «positiboa» dela, eta hala erakusten du aurtengorako aurreikuspenek: barne produktu gordina %1,8, eta %2,2 artean haziko da, eta 3.500-4.000 enplegu sortuko dira. 

Zenbaki onak ez dira falta Adegik Gipuzkoako enpresen artean egin duen inkestan. Enpresen %78,5ek uste dute merkatua normal dagoela edo suspertzeko bidean, eta gehienek diote enpleguari eutsiko diotela (%71,1) edo handituko dutela (%15,6). 

Baina ahultze bat dago parametro horietan eta beste batzuetan (salmentak, eskaera zorroa), eta protagonista bat guztietan: industria. Esaterako, industriaren fakturazioa %2,2 jaitsi zen aurreko hiruhilekoan, baina, tarte horretan, zerbitzuena %2 hazi zen. Salmentak jaitsi dituzten enpresak hirutik bat dira, baina hamarretik lau dira industrian. 

Lehiakortasuna da kezka

Adegik ez dauka zalantzarik ahultze orokor hori nazioarteko merkatuetatik iristen ari dela. Gipuzkoako enpresak oro har esportatzaileak direla gogorarazi du Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak, eta azaldu du atzeraldian daudela bi bezero nagusietako industriak: Frantziakoa eta Alemaniakoa. Azken horrekin kezkatuagoa azaldu da: «Lehiakortasunari dagokionez, atzerago geratzen ari da, eta, zalantzarik gabe, eragina izango du gure industria enpresetan».

«Txinako auto elektrikoei muga zergak handitzea epe motzeko neurria da. Erronka da lehiakortasuna epe luzera beste motako neurriekin lortzea». JOSE MIGUEL AIERZAAdegiko idazkari nagusia

Lehiakortasun arazoei ez diete ihes egiten Gipuzkoako industriek. «Gure erronka nagusietako bat izan da orain arte, eta are gehiago etorkizunean». Ildo horretatik, Adegik bat egin du Mario Draghi EBZko presidente ohiak irailaren hasieran aurkeztu zuen diagnostikoarekin: «Iraultza teknologikoaren eta abian dagoen trantsizio energetikoaren ondorioz, AEBekiko eta Txinarekiko galdutakoa berreskuratzea izan behar du hil edo biziko erronka».

(ID_14310106) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-10-04, Donsotia. Isabel Busto Adegiko presidente berriaren lehen prentsaurrekoa
Jose Miguel Aierza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain Adegiko buruak, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU

Auto elektrikoen garapenean inon baino argiago gertatzen ari da Europaren atzerapena, eta bertako autogintzari denbora emateko neurrietako bat izan da Txinako auto elektrikoei muga zergak handitzea. «Epe motzeko neurria» iruditu zaio hori Aierzari. «Erronka da lehiakortasuna epe luzera beste motako neurriekin lortzea».

Soldatak eta absentismoa

Hain zuzen ere, lehiakortasunaren faktoreetako bat da oraintxe Gipuzkoako enpresaburuen kezka nagusia: lan kostu «handiak» eta soldata igoerak. Enpresen %45,7k jarri dute kontu hori lehen lekuan, mailarik handiena 2010ean Adegi kezkei buruz galdetzen hasi zenetik. 

Antzeko mailan dago (%44,6) langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna ere.

Bosgarren lekutik hirugarrenera egin du jauzi azkenaldian patronal guztiek hitzetik hortzera darabilten gaia: absentismoa. Enpresen %36entzat hura da arazo nagusia, eta kopuru handiagoak dituzte eraikuntza (%44) eta industria enpresek (%40).

«Ministroarekin bat egiten dugu absentismoa oso handia dela, enpresen lehiakortasunari kalte egiten dion gai bat delako» ISABEL BUSTO Adegiko presidentea

Gai horri dagokionez, Isabel Busto Adegiko presidenteak zuhur jokatu du, eta ez du baloraziorik egin nahi izan Espainiako Gobernuak absentismoa gutxitzeko gaixo baimen malguak sortzeko proposamenari buruz. «Ez dugu proposamena zehazki ezagutzen», esan du Bustok, baina aukera baliatu du gaiari buruz patronalak duen iritzia plazaratzeko. «MInistroarekin bat egiten dugu absentismoa oso handia da, enpresen lehiakortasunari kalte egiten dion gai bat delako».

Zifrak

%13,3

Zenbatek txikitu nahi duten lantaldea. Ugaritzen ari dira langileak kaleratuko dituztela dioten Gipuzkoako enpresak. %11,9 ziren apirilean, eta %13,3 ziren irailean. Metalgintzan, %20,5 dira. Edonola ere, gehiago dira lantaldea handitzeko asmoa dutenak: %15,6 (apirilean, %21,4).

%81

Zenbateko ekoizpen ahalmena erabili duten. Pixka bat jaitsi da Gipuzkoako enpresen ekoizpen ahalmenaren erabilera: %81 da, apirilean baino 1,5 puntu gutxiago. Industrian %79an dago, baina alde handia dago azpisektore batetik bestera: %70 da metalgintzan, eta %93,5 makina-erremintan.

%8

Zenbat dauden fInantzaketarekin kezkatuta. Interes tasak jaitsi ahala, finantzaketak eragindako kezka ere apaltzen ari da, eta %8k soilik diote horrekin arazoa dutela (%15,5 ziren apirilean).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.