Defizitaren muga arintzea aztertzen ari dira Alemanian, inbertsioak egin ahal izateko

Otsaileko hauteskundeetako faboritoak, Merz kristau-demokratak, bere jarrera bigundu du, eta prest dago orain zorraren muga erreformatzeko. Iritzi horretakoak dira sindikatuak eta Bundesbank bera ere.

Friedrich Merz CDUko burua Bundestagen hizketan, atzean koalizio gobernuko hiru buruak zituela, joan den urrian.  CLEMENS BILAN / EFE
Friedrich Merz CDUko burua Bundestagen hizketan, atzean koalizio gobernuko hiru buruak zituela, joan den urrian. CLEMENS BILAN / EFE
Iker Aranburu.
2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Kontserbadoreek ezarri, eta kontserbadoreek kendu. Agian hori izango da Alemaniako zor mugaren patua. Angela Merkelen agintaldian jarri zen indarrean defizit publikoa BPGaren %0,35era mugatzen zuen araua, eta, otsaileko hauteskundeak irabaziz gero, arau hori aldatzeko prest azaldu da lehen aldiz Friedrich Merz, CDU kontserbadoreko hautagai eta hauteskunde horretarako faboritoa.

Zorraren muga —alemanez Schuldenbremse eta Schwarze Null (zero beltza) deitutakoa— 2009. urtean sartu zen Alemaniako Konstituzioan, finantza krisiaren ondoren Alemaniaren zor publikoa BPGaren %63tik %81era handitu zenean, baina ez zen 2016 arte indarrean jarri. Haren bitartez, finantza merkatuei erakutsi nahi zieten Alemania ez zela euroguneko hegoaldeko herrialdeen modukoa, eta serio hartzen zuela kontu publikoak kontrolatzearen auzia.

Haren aldekoen arabera, muga horri esker Alemaniak lortu du beste inork baino merkeago finantzatzea —interes tasa txikienak ordaintzen ditu bere zorraren truke— eta bere zor publikoa kontrolpean izatea —%62,9koa da, euroguneko estatu handienen artean txikiena—.

Baina kontrakoek diote muga zorrotzegia dela, eta horren erruz Alemaniak ez duela nahikoa inbertitu bere industrian, jauzi digitalean, errepideetan, trenbideetan eta eskoletan. AfD eskuin muturreko alderdiaren igoera inbertsio eskasiarekin lotzera iritsi dira analista batzuk. Lander edo estatuak, oro har, arauaren aurka daude, debekatu egiten dielako inolako defizita izatea.

«[Zorraren muga] Aldatu daiteke, noski. Baina, zertarako? Zer ondorio izango luke?»FRIEDRICH MERZ CDUko kantzilergaia

Merkelek berak eskatu du zorraren muga malgutzeko. Azaroaren amaieran kaleratutako bere memorietan, kantziler ohiak defendatu du zorraren muga «tresna egokia dela etorkizuneko belaunaldiei ez uzteko orain egindako gastuen zama. Baina, aldi berean, argudiatu du erreformatu egin behar dela «etorkizunera begira egin beharreko inbertsioak finantzatzeko». Horien artean aipatu du gastu militarra ere, BPGaren %2ra irits dadin NATOren arauek dioten moduan.

Antzeko mezua zabaldu du Merzek. «Aldatu daiteke, noski. Baina, zertarako? Zer ondorio izango luke?», galdetu zuen CDUko buruak, azaroaren amaieran. Galdera horiei erantzun bat eman zien Merzek: malgutasuna ez litzateke erabili behar gastu soziala finantzatzeko, baizik eta inbertsioa ordaintzeko.

Merkelekin harreman zaila du orain CDUko kantzilergaia denak, eta hura bezala, schwarz nulle-aren babesle sutsua izan da oraintsu arte. Baina Alemaniaren ekonomiaren pattalaldi luzeak giroa aldatu du. Errusiako gas merkea galduta, distira galdu du Alemaniaren ekonomia esportatzaileak, eta auto elektrikorako jauzian Txinak hiruzpalau traineru atera izanak agerian utzi du Alemaniak zerbait egin behar duela bere bidea zuzentzeko.

Gobernuaren haustura

Zorraren muga izan da, hain zuzen ere, Olaf Scholzen koalizio gobernua haustearen arrazoietako bat. COVID-19aren pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondoren hiru urtez etenda egon ondoren, iaz sartu zen berriro indarrean, eta, haren eraginez, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak hankaz gora jarri zuen 2024rako aurrekontu proiektua, mugatik gorako defizita aurreikusten zuelako. Epai horrek eragindako krisi politikoa ez zuen gainditzerik izan Scholzen gobernuak: zorrotz bete nahi zuen Christian Lindner Finantza ministro liberalak, eta gastua handitzeko zirrikituak bilatu nahi zituzten Scholzen sozialdemokratek eta berdeek. Konponbiderik aurkitu ez eta FDP gobernutik bota zuen Scholzek, eta horrek behartu du hauteskundeak otsailera aurreratzera.

Zorraren muga ezabatzearen alde egin zuen astelehenean Alemaniako sindikatu nagusiko buruak, IG Metalleko Christiane Bennerrek. «Berehala» ezabatzeko eskatu zuen, «hauteskundeetara itxaron gabe». Brennerrek argudiatu zuen AEBak eta Txina ere beren industriak bultzatzen ari direla diru publikoarekin, eta Alemaniak gauza bera egin beharko duela atzean ez geratzeko.

Araua bertan behera utzi gabe, malgutasunez aplikatzea eskatu dute ortodoxia ekonomikoaren sustatzaileetako bik, Bundesbankek eta gobernua aholkatzen duen aditu ekonomikoen kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.