Alemanian akordioa lortu dute austeritatea atzean uzteko

CDU, SPD eta Berdeak ados jarri dira zorraren galga erreformatzeko eta azpiegiturak finantzatzeko 500.000 milioi euroren funts bat sortzeko.

Friedrich Merz CDUko burua eta hurrengo kantzilerra, Bundestageko atzoko  saioan. CLEMENS BILAN / EFE
Friedrich Merz CDUko buru eta hurrengo kantzilerra, Bundestageko atzoko saioan. CLEMENS BILAN / EFE
Iker Aranburu.
2025eko martxoaren 14a
14:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostegunean Bundestagen elkarri botatako hitz lodiek ez dute eragotzi akordioa egitea. CDU, SPD eta Berdeak ados jarri dira Alemaniako Konstituzioa aldatzeko eta gastu militarra zorraren galgaren kalkulutik kanpo uzteko. Aldi berean, erabaki dute bilioi erdi euroren funts bat osatzea azpiegiturak eguneratzeko. Berdeek hala eskatuta, diru horretatik 100.000 erabiliko dituzte klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko, eta beste hainbat jasoko dituzte estatu federatuek.

Akordioak ez du bertan behera utzi zorraren galga, eta, horrenbestez, indarrean jarraituko du gobernu federalaren egiturazko defizita gehienez BPGaren %0,35 mugatzen duen legeak. Baina arau horrek salbuespen asko izango ditu aurrerantzean.

Batetik, ez dio eragingo BPGaren %1etik gora egiten den gastu militarrari; eta, Berdeek hala eskatuta, horren barruan sartuko dira zerbitzu sekretuak, babes zibila eta erasopean dauden herrialdeak finantzatzeko laguntzak.

Bestetik, defizit horren zenbaketan ez da sartuko azpiegiturak eraikitzeko funts berezia. Gainera, orain arte ez bezala, landerrek ere %0,35eko defizita pilatu ahal izango dute —%0 izan da azken urteetan—.

Zorraren galgaren babesle izan da orain arte Friedrich Merz CDUko buru eta hurrengo kantzilerra, baina, Donald Trumpek iragarri duenez aurrerantzean ez duela Europa militarki babestuko, austeritatearen doinua aldatu behar izan du. «Mezu garbia bidali nahi diet geure lagunei, baita geure askatasunaren etsaiei ere. Geure burua defendatzeko gai gara. [...] Ez dira baliabideak faltako geure kontinentearen bakea babesteko. Alemania itzuli da». 

Bundestag asteartean bilduko da adostutakoa bozkatzeko. Hiru bosteneko gehiengoa behar da horretarako, eta CDU-CSU eskuineko batasunaren, SPD sozialdemokraten eta Berdeen babesa jasoko du. Lehen biak koalizio gobernua osatzeko negoziazioetan ari dira. Espero da kontrako botoa ematea gainontzeko alderdiek —AfD ultraeskuindarrak, Die Linke ezkertiarrak, FDP liberalak eta BSWk—.

AfDk eta Die Linkek Auzitegi Konstituzionalera jo zuten, legez kontrakotzat jotzen baitzuten CDUk eta SPDk parlamentu zaharra biltzea aldaketak onartzeko, otsailaren 23ko hauteskundeetatik sortutakoari itxaron gabe. Izan ere, parlamentu berriarekin, AfDren edo Die Linkeren botoak beharrezkoak izango lirateke hiru bosteneko gehiengo bat osatzeko. Epaileek, ordea, ez dute eskaera onartu.

Gero, Senatura

Behin Bundestagen babesa lortu eta gero, testua Bundesrat edo Senatura pasatuko da. Ganbera horretan landerretako ordezkariak esertzen dira, eta haien artean ez dute nahiko gehiengorik kontserbadoreek, sozialdemokratek eta ekologistek, eta Freie Wahler zentro-eskuineko talde independentearen babesa ziurtatu beharko dute.

Proposamenak aurrera egiten badu, aldaketa esanguratsua ekarriko du Alemaniaren politika ekonomikoan eta, agian, Europako Batasun osoan. Azken urteetan gerrikoa estututa ibili da Alemania, eta horri esker lortu du defizit txikia izatea eta zor publikoa kontrolpean gordetzea. Baina gastu publikoa zurrun kontrolatzeak hutsune asko eragin ditu azpiegitura publikoetan, eta ekonomia atzeraldian sartzea lagundu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.