Alemanian gutxienez hiru fabrika ixteko asmoa du Volkswagenek

Sindikatuek jakinarazi dute automobilgintza taldeak lantegiak itxi, ekoizpena murriztu eta soldatak jaitsi nahi dituela.

Volkswagen
Daniela Cavallo Alemaniako VW taldearen langile batzordeko burua eta Thorsten Groeger Alemaniako IG Metall sindikatuko eleduna, Wolfsburg hiriko fabrikan, gaur. JULIAN STRATENSCHULT / EFE
Irune Lasa.
2024ko urriaren 28a
12:35
Entzun

Europako autogintzaren sektoreak bizi duen aldaketa garaia gogor jotzen ari da Europako herrialderik industrialena: Alemania. Volkswageneko Alemaniako langileen ordezkari nagusiek gaur eman dute albistea. Zuzendaritzak kostuak murriztu nahi ditu, eta, hala, lehiakortasuna irabazi; beraz, adierazi du gutxienez herrialdean dituen hamar fabrikatik hiru itxiko dituela. Soldatak %10 jaistea eta gainerako lantegietan ekoizpena murriztea ere aurreikusi omen du automobilgintza taldeak.

Daniela Cavallo langile batzordeko buruak azaldu die Wolfsburgeko fabrikako langileei nola horrek «produktu, kopuru, errelebo eta muntaketa lerro osoak kentzea» dakarren. «Gosetea da hori, soldatak apaltzea». Ordezkari sindikalak gaineratu du milaka kaleratze izan daitezkeela.

Gaur bertan, VWen Alemaniako 11 lantegietako beharginak ordubeteko lanuztea egitera deitu dituzte sindikatuek, protesta egiteko. Sindikatuen aburuz, langileak ari dira ordaintzen zuzendaritzak egindako hutsak, hala nola auto elektrikoetarako aldaketa traketsa eta prezioen politika kaskarra.

Sindikatuak eta zuzendaritzak negoziazioetan jarraituko dute. Azaroaren amaiera dute muga, eta, akordiorik ezean, langileen ordezkarien arabera, baliteke abenduaren 1etik aurrera grebara jotzea.

4.000 milioi euroko murrizketa

Volkswagenen zuzendaritzak asteazkenean eman behar du hirugarren hiruhilekoko emaitzen berri, eta nahiko argi dago salmenten eta etekinen beherakada baten berri emango duela. Aurretik, birritan egin du profit warning bat, ohar bat alegia, esateko aurreikusi baino gutxiago irabaziko duela.

Oliver Blume VW Taldeko buruzagi exekutiboak azkenaldian taldearen kostu handietan jarri izan du azpimarra. Auto egilea garai gogorrean dago, bere autoen eskaria nabarmen apaldu delako Europan, eta BYD txinatarraren autoek berebiziko lehia egiten diotelako.

Gaur bertan adierazpenak egin ditu Thomas Schaefer Volkswagen markaren buruzagiak, azalduz Alemaniako lantegietako batzuek bikoiztu egiten dituztela haien lehiakide txinatarren kostuak. «Gaur egun oso gutxi irabazten dugu gure autoekin», esan du Schaeferrek. «Aldi berean, gure energia, material eta langileria gastuak handitzen jarraitzen dute. Kalkulu horrek ezin du denbora askoan iraun».

Handeslsblatt egunkariaren arabera, Volskwageneko zuzendaritzak 4.000 milioi euroko kostu murrizketa egin nahi du. Soldatak %10 murrizteaz gain, 2025erako eta 2026rako aurreikusitako soldata igoerak ezerezean utziko lituzkete.

Lehen itxiera 87 urtean

IG Mettal sindikatuak bi egun eman dizkio VWeko zuzendaritzari bere asmoa aldatzeko. Horrek aditzera ematen du oso posible dela automobilgintza taldeko arduradunek asteazkenean ematea murrizketen berri; hain zuzen, hirugarren hiruhilekoko emaitzen aurkezpenean.

Irailean ere aipatu zuten VWek asmoa zuela Alemanian bertan fabrikak ixteko, baina, neurri batean, ez zuten espero azkenean erabaki hori hartuko zutenik; besteak beste, sindikatuek herrialdean eta automobilgintza sektorean indar handia dutelako, eta Saxonia Behereko landerrak %20ko parte hartzea —eta boto eskubidea—duelako taldean.

VWen asmoak betetzen badira, konpainiaren historiaren 87 urteetan lehen aldiz itxiko da lantegi bat Alemanian. Gaur egun, 300.000 langile ditu Volkswagenek herrialdean.

Nafarroan ez du eragingo

Irailaren hasieran VW taldeak aurrezteko asmoen berri eman zuenez, Nafarroako zuzendaritzak lasaitasun mezua helarazi zien langileei, eta azaldu zuen asmo horiek ez dutela eraginik izango Landabenen. Giza baliabideetako arduradunek langileen ordezkariei esan diete «Alemanian» dagoela arazoa. «Gu konponbidearen parte gara», esan zuten orduan.

Iruñeko fabrika elektrifikatzeko lanak hasiak dira, eta espero da 2025ean produkzioari nabarmen eragitea. Halaber, 2026an hasiko dira Ibilgailu elektrikoak ekoizten. Aldi batez, elektrikoak eta konbustioko motordun ibilgailuak ekoizten jarraitu nahi dute, merkatuaren beharretara egokitzeko. Alta, langileen batzordean kezka dute taldearen neurriek auto elektrikoaren inbertsioa atzeratuko ote duten, eta ea zer erabaki hartuko ote duten konbustioko motordun ibilgailuen inguruan.

Zuzendaritzak eta langileen batzordeak hilero egiten duten bileran, aurtengo ekoizpen datuak eguneratu dira, eta espero da aurreikusitakoa baino 2.700 ibilgailu gehiago egitea —271.000 auto, alegia—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.