Greziak eta PIGS deitutako besteek, Italiak, Erresuma Batuak... Azken bi hamarkadetan herrialde askok egin dituzte merituak Europako gaixoa goitizena jasotzeko. Baina, orain, inork merezi izatekotan, aurretik akusatzaileen eremuan zegoen herrialde batek merezi du izen hori: Alemaniak. Iaz, haren barne produktu gordina %0,3 txikitu zen, eta hura izan zen, Europako Batasuneko kide handienen artean, uzkurtu zen bakarra.
Gaixoa baino, «Europako gizon nekatua» ezizena hobeto doakiola esan du Christian Lindner Alemaniako Finantza ministroak, eta esaldi horrekin ados dago Timm Boenke, Berlingo DIW Alemaniako Azterketa Ekonomikoen Institutuko politika ekonomikoko arduraduna. «Europako gaixoa lehen izan zen [XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran], eta lan erreforma izan zen sendatzeko hartu zuen botika. Orduan langabezia handia genuen, batez ere formakuntza txikiko langileentzat. Orain ez da halakorik».
Gerhard Schroeder gobernuburu zela indarrean jarritako 2010erako Agendak kritika ugari jaso zituen bere garaian, langabeen babesa apaldu zuelako eta lan prekarioa zabaldu zuelako, baina haren defendatzaileek argudiatu dute hari esker Alemaniak EBko beste herrialde gehienek baino hobeto erantzun ziola Atzeraldi Handiari. Europa hegoaldeko herrialdeak zuloan erori zirenean, 2010eko hamarkadaren lehen erdialdean, sendo azaldu zen Alemania. Eurostaten arabera, 2010-2014ko aldian batez beste %2,2 hazi zen urtean; tarte horretan, Greziako ekonomia %5 txikitu zen batez beste; Portugalgoa, %0,8; Espainiakoa, %0,7; eta Italiakoa, %0,5.
Frantziaren hazkundea ere gainditu zuen Alemaniak, industria sektore oso indartsu baten esportazioetan oinarritutako ekonomiari esker. Garai hartan, bazirudien denek gidatu nahi zituztela Alemanian egindako autoak, eta hark ekoitzitako makinak jartzen zituzten fabriketan. Orain? Ez hainbeste. «Autogintza eta beste sektore batzuk oso poliki egokitu dira joera berrietara», ohartarazi du Basque Trade & Investmentek, Alemaniari buruz egindako txostenean, eta gogorarazi du autogintzak 786.000 langile enplegatzen dituela Alemanian —Gipuzkoako biztanleria osoa baino gehiago—, eta «presio gero eta handiago bati» egin behar diola aurre erregai fosilen garaiko dozenaka lantegi birmoldatzeko.
«Gero eta enpresa gehiagok nahiago dute kanpoan inbertitu Alemanian baino. BASFek Txinan planta bat eraikitzea mesfidantza giroaren ondorio da».BASQUE TRADE & INVESTMENT
Txostenak nabarmendu duen beste arazo bat enpresen mesfidantza da. «Gero eta enpresa gehiagok nahiago dute kanpoan inbertitu Alemanian baino. BDI patronal nagusiaren arabera, Volkswagenek iaz AEBetan bateria fabrika bat eraikitzea eta BASFek Txinan azken belaunaldiko planta petrokimiko bat eraikitzea —Ludwigshafenen murrizketa handiak egin ditu— mesfidantza giroaren ondorio da».
SPRI taldearen barruan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak nazioartean laguntzen dituen erakundea da BT&I, eta Munichen bulego bat du, Alemania baita euskal enpresen bazkide komertzial nagusietako bat.
Haserre gobernuarekin
BDI haserre dago gobernuarekin, eta, inkestei erreparatuta, hala daude herritar gehienak ere. 2021eko iraileko hauteskundeetan botoen %52 eskuratu zituzten gaur egungo koalizioa osatzen duten hiru alderdiek, SPD sozialdemokratak, Berdeek, eta FDP liberalak. Azken inkestek diotena beteko balitz, hirutik bat ere ez lukete lortuko, eta aurretik lituzkete bai CDU kontserbadorea, baita eskuin muturreko AFD ere. Krisiak bata bestearen atzetik pilatu zaizkio Olaf Scholzen gobernuari (Ukrainarena, energiarena, inflazioarena...), eta nekez ezkutatu ahal izan du barne zatiketa. Hausteko adina? Ez du halakorik uste BT&I-k, «Alemaniako kultura politikoak adostasuna lortzea baitu helburu».
Scholzek eta aliatuek kolpe handia hartu zuten azaroan, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuenean zorraren mugari izkin egiteko gobernuak sustatutako trikimailua: balantzetik kanpoko gastuak. Debekuak gastu publikoa bizkor murrizteko neurriak hartzera eraman zuen gobernua; horietako bat izan zen nekazarientzat gasolioa merkatzeko diru laguntza. Horrek Berlinera eraman zituen traktoreak.
«Liberalekin ez dira zergak igoko, sozialdemokratekin ez dira diru laguntza publikoak gutxituko, eta Berdeekin lehentasuna izango da ekonomia berde batera joatea».TIMM BOENKEDIW institutuko politika ekonomikoko arduraduna
Boenke ez dago gustura koalizioaren lanarekin. Haren iritziz, batasuna falta zaio. «Liberalekin ez dira zergak igoko, sozialdemokratekin ez dira diru laguntza publikoak gutxituko, eta Berdeekin, lehentasuna izango da ekonomia berde batera joatea, eta horrek kostu bat du. Hiruren lehentasunei erantzun nahi badiezu, diru gehiago behar duzu, baina ez dago». Oro har, Berlingo gobernuak «arazoak ditu lehentasunekin», eta ez du estrategiarik. «Arazoei aurre egingo genieke gaur egungo dirua nola erabili behar den argi izango bagenu».
Demografia, inbertsioa, energia
Arazoak hiru taldetan banatu ditu DIWko ikerlariak: demografia, inbertsio falta eta energiaren kostua.
«Alemaniak hazkunde txikia izan du azken urteetan, langileak falta zaizkigulako nagusiki. Uste denez, enpleguak goia joko du aurten edo datozen urteetan, eta gero apaldu egingo da. Alemania zahartzen ari da; baby boom-arenbelaunaldikoekhurrengo bost urteotan hartuko dute erretiroa, eta sekulako zuloa izango da langile kopuruan. Esperientziadun langileak motibatu beharko genituzke lanean jarrai dezaten, baina doi-doi kontrakoa daukagu: duela bi urte, 63 urterekin erretiroa hartzeko aukera eman genuen, lan bizitza luzea zutenentzat. Kontrakoa egin beharko genuke: pizgarriak eman lanean jarrai dezaten, ahal badute eta nahi badute, noski».
Langile falta sektore gehienetan ikusten dela dio Boenkek, baina batez ere irakasleak eta osasun langileak urri direla. Hiri handien eta txikiagoen arteko aldea ere nabari da. Lehenengoak gai dira migratzaileak erakartzeko, baina ez, ordea, biztanle gutxiko eremuak, eta hori arazo bat da industria txiki eta ertaina «Bavariako eta Baden-Wurttembergeko leku galduetan» sakabanatuta daukan herrialde batentzat.
%0,1Aurten atzeraldirik ez da espero Alemanian, baina ez da urrun ibiliko. Azterketa ekonomikoko bost institutu nagusiek, tartean DIW, aste honetan egindako iragarpenen arabera, 2024. urtean %0,1 haziko da Alemaniako BPGa. Duela sei hilabete %1,3ko hazkundea espero zuen, baina orain ikusi du barne eskaria uste baino gutxiago haziko dela, eta energia garestia esportazioak gutxitzen ari dela.
AfD eskuin muturreko alderdia indartsua den lekuetan are zailagoa da etorkinak erakartzea, baina haien beharra dagoela argi du DIWko kideak. «Urtero 400.000 langilek hartzen dute erretiroa, eta Alemaniako aditu ekonomikoen kontseiluak esan du gutxienez 1,25 milioi etorkin beharko ditugula urtero geure langile kopurua jaitsi ez dadin. Baina ez edonor. Migratzaile kualifikatuak behar ditugu, baina Alemaniak ez dauka, Kanadaren moduan, lege bat ongi hezitako etorkinak, etorkin produktiboak erakartzeko».
Dogmen kaltea
Inbertsioetan ere motz geratu da Alemania. Defizita kontrolatzeko eta zorra txikitzeko «dogmaren» ondorioz, tokian tokiko administrazioei emandako dirua erdira jaitsi da, eta eguneratu beharrean daude eskolak, unibertsitatea, trenbideak eta beste hainbat azpiegitura. Beste ondorio bat ere badu horrek: «Trantsizio energetikoa egiteko prestatuta dauden langileak falta dira; beheko maila horretan, udaletan, gauzak antolatzeko jendea falta da, erretiroa hartutakoak ez baitira ordezkatu».
Digitalizazioan ere behar baino gutxiago inbertitu du Alemaniak, eta, ondorioz, bera baino pobreagoak diren herrialdeak aurreratuagoak daude irakaskuntzaren digitalizazioan. «Administrazio publikoa ere ez da eraginkorra; ezin baditugu nahiko langile publiko kontratatu, digitalizazioarekin lor genezake langile gutxiagoarekin betetzea hutsune horiek, baina ez». Argindar sare inteligenteak ere falta dira, eta horrek kalte egiten die enpresa txikiei eta ertainei.
Inbertsioak urri izan direla esatean ere bat dator BT&I, eta beste atal batzuetan ere eskasia ikusten du: adimen artifiziala, erdieroaleak, 5G telefonia, eta autogintza bera. Nabarmendu duenez, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ondoren, Klimaren eta Eraldaketaren Funtsa 12.000 milioi euro txikitu da aurtengorako, eta beste 45.000 milioi kenduko dira hortik 2027 bitarte.
Boenkeren arabera, energiaren prezioa ere arazo bat da Alemaniarentzat. «Energia krisia oraindik ez da amaitu. Gobernua 2023a amaitu arte saiatu zen argindarraren prezioa modu artifizialean merkatzen, baina, orain, erregai fosilen prezioa igotzen ari da, karbono tasa handitu egin delako, aurretik esan zuten baino gehiago, aurrekontu arazoengatik. Ez dio lagunduko energiaren prezioa merkatzeari, eta gauza bera energia produktu batzuen BEZa %0ra jaitsi ondoren, orain maila normalera itzuliko baitira».
Herritarren patrikari ez ezik, industriari ere egiten dio kalte, batez ere energia asko gastatzen duenari. «Gobernua saiatu zen energiaren prezioa merkatzen, eraldaketa errazteko, baina jarritako funtsak ez dira nahikoa izan, esaterako, enpresa kimikoek Alemaniako produkzioari eusteko. Poliki baina etengabe, energia merkeagoko eremuetara eramaten ari dira ekoizpena».
Dena ez da beltz
Edonola ere, Boenkek nabarmendu nahi izan du Alemaniako industriak oraindik badituela indarguneak: «Produktuen garapenean oraindik lehiakortasun abantaila bat daukagu». Auto industria? Auto elektrikorako eraldaketa «agian berandu» hasi dutela onartu du ikerlariak, eta «erabakiak atzeratzeko Alemaniak duen kulturari» egotzi dio errua. Txinako ekoizleen lehia gero eta handiagoa gorabehera, etorkizuna ikusten dio Alemaniakoari: «Enplegua ziur aski galduko dugu, jende gutxiago behar baituzu auto elektriko bat muntatzeko, baina industria ona da transmisioetan, baterietan... Agian ez ditu auto arruntak egingo, baina luxuzkoetan eutsiko dio, auto onak egiten dituelako».
Industria berriak erakartzeko saiakeretan argi-ilunak ikusten ditu Boenkek. Egia da azken urteetan enpresa teknologiko handiek inbertsio erraldoiak egin dituztela Alemanian (Northvolt, Tesla, Intel...), baina horiek diru publikoak limurtuta iritsi direla azaldu du. «Ez gara nahikoa erakargarriak diru publiko asko ematen ez badiegu. Agian hobe zen enpresa horiek erakartzeko gastatu diren sei edo zortzi milioi euroak azpiegiturak hobetzen edo haurtzaindegiak finantzatzen erabili izan bagenitu, eta horrela negozioen hazkunde organiko bat lortu. Inbertsio estrategikoak behar ditugu, enpresa teknologikoen inguruan klusterrak garatzeko eta nazioarteko horniduren hain menpekoak ez izateko. Arrazoi onak daude mikrotxipen inbertsioak laguntzeko, baina agian prezioa garestiegia da».
CO2 EMISIOAK %21 murriztu ZIREN IAZ
Zeresan handia eman zuen Alemaniak ikatza eta gasa erretzen duten zentraletara jo izanak, hain justu erreaktore nuklearrak itzaltzeak eragin dion argindar beharra asetzeko. Baina, hori egia izanda ere, badago gutxiago azpimarratzen de beste zerbait ere: energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egin duela. Iaz, argindarraren erdia baino gehiago sortu zuen airearen eta uraren mugimenduarekin eta eguzki izpiekin: %59,7, hain zuzen ere. Iaz, 673 milioi tona CO2ren baliokidea isuri zuen Alemaniak, 2022an baino %21 gutxiago: 1950eko hamarkadaz geroztik neurtutako kopururik txikiena da. Jaitsiera horren erdia-edo industria astunaren geldialdiaren ondorio dela ziurtatu du Agora Energiewende erakundeak.