Alemaniako justiziak zabalik utzi die bidea Next Generation funtsei

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du eskuin muturraren helegitea, eta Alemania ez da oztopo izango Europako funtsak banatu daitezen

Alemaniako parlamentua, Bundestag, hil honetako osoko bilkura batean. CLEMENS BILAN / EFE.
Xabier Martin - Imanol Magro
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
2011ko irailean, Alemaniako justiziak oniritzia eman zion Greziaren erreskatea egiteko mekanismoari. Bezperako egunetan oso garbi geratu zen herrialde horretako justiziak zer pisu duen; izan ere, nahikoa botere izan zuen Europako Batasunak aurrera egiteko funtsezkotzat jo zen operazio hura gelditzeko. Bada, orain, Batasuneko estatu kide batzuek ezinbestekotzat jo dituzten Next Generation funtsak zalantzan jartzeko gai izan da, eskuin muturreko helegite bat tramitera onartu ondoren; baina ez, helegite hori atzera bota du Auzitegi Konstituzionalak, eta Alemaniaren bedeinkapena dauka jada koronabirusak eragindako krisi latzari aurre egiteko aparteko finantzaketak, funtsezkoa dena.

Angela Merkel oraindik kantziler duen herrialdeko bi ganberek funtsa onartu baitzuten martxoaren 25ean eta 26an. Oniritzi horren haritik, Bernd Lucke Alternative für Deutschland eskuin muturreko alderdiaren fundatzailearen inguruko abokatu multzo batek premiazko helegite bat jarri zion erabakiari.

Europako Batasuneko partaideek debekatua dute elkarrekin zorra onartzea, eta akordio horretan oinarritu zuten helegitea abokatuek. Alemaniako Gobernuak eta Europako Batzordeak, berriz, lege horrek hainbat salbuespen dituela argudiatu zuten epaitegian. Salbuespen horietako baten arabera, herrialdeek elkarrekin zorpetzeko eskubidea dute hondamendi naturalei edo ezohiko gertaeren ondorioei aurre egiteko.

Batasuna, gustura

Horrenbestez, Alemaniak dagokion diru kopurua bideratu ahal izango du funtsetara, eta hala Europako Batzordea nola Europako Parlamentua pozik azaldu dira ebazpenarekin. «EBk bere bidean jarraituko du susperraldi ekonomikorantz, aurrekaririk ez duen pandemiaren ondoren», esan du Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak. David Sassoli Parlamentuko presidenteak ere idatzi du sare sozialetan albisteari buruz: «Bidea zabalik dago Alemaniak burutu dezanEBren susperraldirako funtsen oniritzia».

Dena den, oraindik beste inkonstituzionalitate salaketa bat epaitu behar du Alemaniako justiziak; horren arabera, funtsek auzitan jar dezakete Alemaniako parlamentuak duen aurrekontuen inguruko autonomia. Konstituzionalak, halere, gaurko ebazpenean ulertarazi du «oso litekeena» dela salaketa horrek dioena horrela ez izatea.

Next Generation 625.000 milioi euroko funts bat da, eta herrialdeen artean banatuko dute, COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko. Horien zati bat mailegu gisa banatuko da, eta estatuek baliatutako kopuruak itzuli beharko dituzte kuoten bidez. Herrialdeek zor publikoa zabalduta hornitu dute funtsa, eta Europako Batasuneko 27 estatuek berretsi beharra daukate. Hori oztopo izan daiteke, Polonia eta Hungariako parlamentuetan trabak jartzen ari baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.