EBZ

Alemaniako Justiziak konstituzionaltzat jo du EBko banku batasuna

Alemaniako ekonomista talde batek jarritako kereilari erantzun dio herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak

EBZk aurten jalkitako 200 euroko billeteak. JORGE OTEIZA / EFE
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 30a
12:22
Entzun

EBZ Europako Banku Zentralak Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren bedeinkapena jaso du gaur. Alemaniako ekonomista talde batek EBko banku ikuskatzaile bakarraren kontrako kereila bat jarri zuten iaz herrialdeko Auzitegi Konstituzionalean, iritzita EBZren banku ikuskaritzak eta kiebran dauden finantza erakundeak erreskatatzeko mekanismoak Alemaniako legedia urratzen zuela. Bada, auzitegiak ezetz ebatzi du gaur, EBZren ikuskaritza eta bankuak erreskatatzeko mekanismoa bat datozela Alemaniaren araudiarekin.

Markus Kerberrek, kereila jartzaileen ordezkariak, joan den urrian hitz egin zuen epailearen aurrean, bere salaketa defendatzeko. Argudiatu zuen EBko banku batasunaren sistemarekin Alemaniak bere esku ez dauden eta kontrolatu ezin dituen faktoreen araberako erantzukizun finantzarioak hartzen dituela bere gain eta, gainera, herrialdeak ez daukala erabakimenik mekanismoaren gainean. Kerberrek adierazi zuenez, Alemaniako Gobernuak eta parlamentuak kanpoko erakunde bati, EBZri, eman zioten herrialdearen subiranotasunaren zati bat, "herritarrak babesgabe utzita".

Epaiketan, Alemaniako Gobernuak kontrakoa argudiatu zuen: Alemaniarentzat ona dela banku batasunean parte hartzea, gaur egun finantza erakundeek partekatzen dituzten sare estuen ondorioz, tokian tokiko arazo bat berehala bihur daitekeelako eurogune osoa desegonkortu dezakeen arazo bat.

Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak gobernuari eman dio arrazoia. Epaitegiak argudiatu duenez, EBZren eta krisien kontrako sistemaren erantzun gaitasuna "ez da mugagabea", eta "legitimazio demokratikoa behar du". Horregatik, bi oinarri horiei esker, banku batasunak bermatu egiten du "lotura demokratikoa", eta, beraz, sistema konstituzionala da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.