Alemaniako industria geratzen ari da; Euskal Herrikoak eutsi egiten dio

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %2 handitzen ari da aurten industriaren ekoizpena, eta Ipar Euskal Herriko industriek salmenta eta eskari handiagoak espero dituzte. Eskariak asko jaitsi dira Alemanian

Ekonomiaren azterketaren aurkezpena, atzo, Berlinen. FELIPE TRUEBA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Kezkatzeko eta lasaitzeko moduko bi datu ekonomiko batera iritsi ziren atzo. Kezka, Alemaniatik heldu zen, Ekonomia Ministerioko azken datuek erakusten baitute otsailean industriaren eskaerak %4,2 jaitsi zirela. Lasaitua, berriz, Eustatek eman zuen, jakinarazi baitzuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan industriaren ekoizpena %1,7 handiagoa izan dela aurtengo lehen bi hilabeteetan iazkoetan baino.

Ziklo ekonomikoa, oro har, Euskal Herrian Alemanian baino geroago doan heinean, ez da baztertu behar euskal industriak ere beheranzko bidea hartzea hemendik hilabete batzuetara. Patronal guztien azterketek, ordea,industriaren uzkurtzea baztertu dute, aurreko urteetako eskariak ez ezik, eskaera berriak ere badaudelako.

Berez, industriaren jarduera bizkortzen ari dela dio Eustatek: otsailean %2 handitu zen, lehen bi hilabeteetan baino 0,3 puntu gehiago. Gainera, industria hutsak eman ditu daturik onenak: %2 hazi da kontsumo ondasunen ekoizpena, eta %4,9 ekipo ondasunena. Energia ari da uzkurtzen(-%1,8).

Datu horiek eskuan, lasai egoteko eskatu zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak: «Ekonomia moteltzen ari da, baina industriak hazten jarraitzen du». Gaineratu zuenez, bere eremuan dauden hamazazpi klusterretatik hamarrek hazkundea espero dute aurten, eta bakar batek salmentak txikitzea.

Iparraldean, «giroa ona da»

Urduritzeko arrazoirik ez du ikusten Baionako Merkataritza Ganberak. «Giroa ona da»azaldu zuen Andre Garreta ganberako presidenteak, joan den asteartean, azken txostena aurkeztean.Galdekatutako 418 enpresaburuen artean baikortasuna da nagusi, eta haietako %78k diote etorkizuna konfiantzaz ikusten dutela.

Industriari dagokionez, enpresen %32k diote urteko lehen hiruhilekoan beren salmentak handituko direla, eta %12k, berriz, jaitsiko direla. Eskarietan ere positiboa da ikusmoldea: %29k handiagoak espero dituzte, eta %11k txikiagoak. Enpresen %84k uste dute lantaldeari eutsiko diotela, baina gehiago dira kontratatu nahi dutenak (%10) kaleratzeko asmoa dutenak baino (%2).

Langabezia tasa %7,9ra jaitsi zen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan iazko hirugarren hiruhilekoan, Merkataritza Ganberaren arabera. Langile kopuruak, berriz, %1,3 egin zuen gora, 87.342 langile izateraino. Sariak ere emendatzen ari dira: batez beste, 2.203 euro gordin sakelaratu zituzten, 2017an baino %2,2 gehiago.

Alemanian, hazkunde txikia

Baikortasunerako tarte gutxi uzten dute, aldiz, Alemaniako datuek, euroguneko motorra gelditzen ari dela erakusten baitute. Nazioarteko eskaerek ekarri dute industriaren eskaerak %4,2 jaistea urtarriletik otsailera. Datua bereziki txarra da, Reutersek galdekatutako analistek igoera txiki bat espero baitzuten. Otsaileko datua iazkoarekin alderatuz gero, are okerragoa da: %8,4 txikiagoak izan dira aurtengoak. «Eskaeren datu penagarriek erabat zapuztu dituzte industriak errebotatzeko itxaropena», azaldu dio Carsten Brzeski ING analistak Reuters agentziari.

Industriaren eskari txikiagoek eragin kaltegarria izango dute Alemaniako ekonomia osoan. Iaz %1,5 hazi zen, kopururik txikiena azken bost urteetan, baina urteko azken hiruhilekoetan ozta-ozta egin zion izkin atzeraldiari. 2019an ere ez da zenbaki gorririk izango, baina hazkunde pattala izango duela uste dute Alemaniako bost azterketa institutu nagusiek. Atzo kaleratutako txostenak dio %0,8 haziko dela, udazkenean iragarri zuten %1,9tik oso urrun. Edonola ere, langabezia tasak jaisten jarraituko du (%4,8tik %4,6ra) eta biztanleria aktiboa 45,5 milioira handituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.