Alemaniak gerrikoa askatu nahi du

Zorraren galgaren erreforma eta azpiegiturak finantzatzeko plan berezi bat aztertuko ditu gaurtik aurrera Bundestagek. Berdeen baiezkoa ezinbestekoa da, baina oraingoz ez dute akordiorik lortu CDUrekin eta SPDrekin.

Lars Klinbeig SPDko buruetako bat eta Friedrich Merz CDUko burua, konstituzioa aldatzeko saioaren atseden batean. CLEMENS BILAN / EFE
Lars Klinbeig SPDko buruetako bat eta Friedrich Merz CDUko burua, konstituzioa aldatzeko saioaren atseden batean. CLEMENS BILAN / EFE
Iker Aranburu.
2025eko martxoaren 13a
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Alemaniako Konstituzioaren aldaketa huts bat baino zerbait gehiago dago jokoan gaurtik aurrera Bundestagen. Alemaniak osoko zuzenketa bat egin behar dio azken hamabost urteotako politika ekonomikoari. Poltsikoan dagoena soilik gastatzearen politikaren ordez, beharrezkoa dena gastatzearen politikari ekingo dio, betiere nahiko boto lortzen baditu konstituzioan defizita mugatzen duten arauak erreformatzeko. Bozketa asteartean da eta gaur-gaurkoz, ez ditu, Berdeen botoak ezinbestekoak direlako eta Bundestageko saioan ohartarazi dutelako ez daudela erabat ados proposamenarekin.

Gerriko estua laxatzea dago jokoan; beraz, nahiz eta egia den azken urteetan Berlingo gobernua behar izan duenean gai izan dela gerriko horri zulo gehiago egiteko. Horrela, COVID-19aren garaian jada ahaztu zituen egiturazko defizita %0,35era mugatzen zuten Alemaniako Konstituzioaren arauak, Schuldenbremse edo zorraren galga izenekoak. Eta 2023an, hiruko gobernuak beharrezko zirrikituak aurkitu zituen gastu militarra finantzatzeko 100.000 milioi euroko funts bat sortzeko.

Bi saio horiek, funtsean, erakusten dute Berlingo gobernuek berek onartu egin dutela zero defizitaren politika hankamotz geratzen dela, bai bederen krisi garaietan; eta gastu publikoaren erabilera zurrunak ondorio positibo batzuk ez ezik —zor publikoa ez da handitu, eta, hortaz, hura ordaintzeko interesak nahiko txikiak dira— ondorio negatibo ugari ere badituela —Alemania da atzeraldian dagoen EBko ekonomia handi bakarra, eta azpiegiturak zaharkituak ditu—.

Zorraren galga Angela Merkel buru zuen CDUren eta SPDren koalizio gobernuak asmatu zuen, eta CDU eta SPDren koalizio berri batek hondora dezake, Friedrich Merz kontserbadorearen eskutik. Hauteskunde kanpainan, galgaren alde mintzatu zen Merz, baina moldaketa batzuk egiteko prest azaldu zen. Baina anbiguotasuna berehala utzi zuen albo batera CDUko kantzilergaiak. Oraindik botoak zenbatzen ari zirela, Merzek aldarrikatu zuen bazela garaia Europak bere «independentzia» berreskuratzeko eta AEBen aterkipean egoteari uzteko. «Argi dago estatubatuarrei, bederen oraingo administrazioari, bost axola zaiola Europaren patua».

Beste hitz batzuetan esanda, Merzek kosta ahala kosta gastu militarra handitu behar zuela esan zuen esaldi horiekin, Donald Trumpen mehatxuek eta iragarpenek erakutsi diotelako kontinente zaharrari jadanik ezin dela AEBez fio, ezta militarki ere. Berrarmatze hori batez ere Errusia gertu izateagatik haren inperialismoa zuzenean pairatu dutenak ari dira elikatzen —Polonia, Baltikoak, Finlandia...—, baina beste herrialdeetara ere hedatzen ari da, gogo handiagoarekin batzuk —Alemania, Frantzia, Suedia...— eta gutxiagorekin beste batzuk —Italia, Espainia...—-.

Berrarmatze hori ez da merkea, eta horregatik proposatu du Merzek defentsan gastatutakoaren zati bat zorraren mugatik kanpo uztea.

GERMANY DEFENCE NATO EXERCISE
Lituaniako soldadu bat drone batekin NATOren maniobra batzuetan, atzo, Alemanian. HANNIBAL HANSCHKE / EFE

Ziur aski horrekin nahikoa zukeen Merzek, baina, gehiengorik ezean, sozialdemokratekin osatu behar du gobernua, eta haien babesa behar du defentsan gehiago gastatzeko. Horregatik, haiekin hitzartu du aurrekontutik kanpoko 500.000 milioi euroko funts bat sortzea, Alemaniako azpiegitura zaharkituak berritzeko —trenak, autobideak, zubiak, eskolak...—. Gainera, landerretako gobernuei zorpetzeko eskubidea itzuliko diete, kopuru txikietan bada ere —haien BPGaren %0,35 gehien jota—.

Parlamentu zaharrarekin

Merzek eta SPDk gaiari ematen dioten lehentasuna erakusten du zorraren galga erreformatzeko prozedura onartzeko zirrikituak bilatu izanak. Horrela, otsailaren 23ko hauteskundeetan onartutako parlamentua osatu aurretik jo dute Bundestagera. Martxoaren 25ean bilduko da lehen aldiz parlamentu berria, eta harekin zailagoa izango da konstituzioaren erreformak eskatzen duen hiru bosteneko gehiengoa. Izan ere, boto horietara iristeko ezinbestekoak dira AfD ultraeskuindarraren edo Die Linke ezkerrekoaren botoak.

Lehenengoek nein bikoitz bat egin diete bi proposamenei, ortodoxia ekonomikoaren oso aldekoak direlako —bere sorreran, AfD euroguneko herrialde ahulen erreskatea salatzeko sortutako alderdi bat izan zen, eta gero bilakatu da ultraeskuineko alderdi klasiko bat— eta Errusiarekin goxo jokatu nahi duelako.

Die Linke, berriz, zorraren galga kentzearen aldekoa da, baina, haren arabera, finantzaketa aukerak erabili behar dira etxebizitza politikarako, osasunerako eta hezkuntzarako, baina ez armak erosteko. Die Linkek eskatu die SPDri «eta berezik Berdeei» ez dezatela parte hartu «CDUren joko zikinetan», bere iritziz demokraziaren aurkakoa baita. Ezkerreko taldeak eta AfDk auzitegietara jo dute Bundestagen ezohiko saioa gerarazteko eta haren emaitza baliogabetzeko.

Baina Bundestag zaharrarekin ere gauzak ez dira errazak izango CDU-SPD bikotearentzat, gehiengoaren hirugarren hanka bat behar dutelako horretarako, Berdeena, eta haiek oso argi utzi diete haien babesa ez dela musu truk izango. Haien eskaera nagusiak dira azpiegituretako funtsak gehiago gastatzea energia trantsizioaren aldeko neurrietan eta landerren esku diru gehiago uztea. Halaber eskatu dute defentsa gastutzat jotzen duten atalak hobeto zehazteko dirua ez dadin beste atal batzuetara bideratu, eta zerbitzu sekretu militarrei eta Ukrainari sos gehiago emateko.

berdeak
Katharina Droege Berdeen bozeramailea, taldekideen txaloak jasotzen, gaur, Bundestagen. CLEMENS BILAN / EFE

 

datuak

2,7

Alemaniaren zorra, bilioi eurotan. Alemaniako administrazio publikoek 2,7 bilioi euro zor zituzten 2024. urtearen amaieran, herrialdearen barne produktu gordinaren %62 inguru. Aztertzen ari diren planekin %84ra igo daiteke, baina, hala ere, EBko beste kide handietatik oso urrun geratuko litzateke: %113,8ko zorra du Frantziak, %104,3koa Espainiak, eta %136,3koa Italiak.

600.000

Azpiegitura beharrak. IW eta IMK institutu ekonomikoen arabera, Alemaniak gutxienez 600.000 milioi euro gastatu behar ditu hurrengo urteetan bere azpiegiturak eguneratzeko. Bilioi erdi dago aurreikusita.

Eskaera horietako batzuk onartu ditu Merzek. Funtsak espresuki aipatuko du klimaren babesean ere inbertituko dutela, eta 50.000 milioi euro bidera daitezkeela horretara. Gainera, inteligentzia militarrean eta babes zibilean gastua handitzea onartu du. «Zer gehiago nahi duzue halako denbora tarte txiki batean?», galdetu die ekologistei, protesta oihuen artean. 

Erantzuna ez da nahi zuena izan. «Esango dizut zergatik ez doazen ongi geure arteko elkarrizketak: ez garelako fio zure hitzarekin», esan dio Katharina Droege Berdeen bozeramaileak. Edonola ere, negoziazioek jarraitu egingo dute hurrengo egunotan, eta astearteko bozketaren aurretik akordio bat lortzea espero da.  

 

Senatuan ere zail

 

Bundestagen galbahea pasatuko balu, beste bat igaro beharko luke: Bundesrat edo senatuarena. Ganbera horretan esertzen dira Alemaniako hamasei landerretako ordezkariak, eta horietan ere motz geratzen dira CDU eta SPD, baita Berdeak batuta ere. Jokoan sartuko dira orduan FDP alderdi liberala —bi koalizio gobernutan dago CDUrekin— eta Bavariako Freie Waehler.

FDP izan da historikoki defiziten etsai nagusia, eta prest dago defentsa kontuetarako salbuespen bat egiteko, baina ez azpiegiturak finantzatzeko. Freie Waehlerrek jarrera irekiagoa dauka, baina haren buru Hubert Aiwangerrek kritikatu egin du CDU-CSUren hipokrisia, kanpainan zorraren galgaren alde egin baitute. «Senar-emazte iruzurtien sinesgarritasuna daukate», esan du.

atzeralditik ateratzeko tresna

Defizitaren iturria irekitzea bultzada handia izango da arma ekoizleentzat eta eraikuntza enpresentzat, baina oro har bultzada handia eman diezaioke Alemaniako ekonomiari, eta atzeralditik ateratzen lagunduko dio.

 

Aukera ona izan daiteke industriarentzat. Autogintzan sobran dauden ingeniariak eta beste langileak hartzeko lehian sartu dira Rheinmetall, Helsoldt, Thyssenkrupp eta armagintzan aritzen diren beste enpresak.

 

Baina, horretaz gain, badago beste kontu bat: behin aurrekontuen kontrol zurrunaren doktrina alde batera utzita, beste kontu batzuetarako laxoago jokatzea errazagoa izango da, hala nola eurobonuen sorrerarekin eta inbertsio plan bereziekin. Gauzatuz gero, beste ondorio positibo bat ere ekarriko du agian: EBren aurrezkiaren zati handiago bat geratzea gastu publiko hori finantzatzeko, AEBetako edo beste leku batzuetako burtsetara bideratu beharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.