Alemaniak babestu egin du Errusiako petrolioa debekatzeko proposamena

Modu mailakatuan ezartzeko eskatu du Berlinek; beranduenez urte amaieran sartuko litzateke indarrean. Europako Batasunak aho batez hartu behar du erabakia, baina Hungaria aurka dago

Barbara Pompili Frantziako Energia ministroa, EBko kideek atzo egindako bilerari hasiera ematen. OLIVIER HOSLET / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batasuna gero eta hurbilago dago petrolio errusiarraren inportazioa debekatzetik. Alemaniak bat egin du, baina baldintza bat jarri du: erabateko debekua urte amaierara arte atzeratzea, eta, bitartean, erosketak modu mailakatuan murriztea. EBko Energia ministroek bilera egin zuten atzo, Bruselan. Alemania zen petrolioaren debekuarekin zalantza gehien zuen herrialdeetako bat, baina Moskuk joan den astean Poloniari eta Bulgariari gas hornidura mozteko hartutako erabakiak jarrerak hurbildu ditu Berlinen eta Bruselaren artean.

EBk uste du beste herrialde batzuetara zabal daitezkeela gas mozketak eta horri erantzun irmo bat eman behar zaiola, besteak beste, petrolioaren inportazioak debekatuz, baina baita ere Errusiako bankuen, enpresen eta norbanakoen kontrako zigorrak gehituz. Petrolioari buruzko erabakia ez da erraza izango, aho batez hartu behar baita, eta, gaur-gaurkoz, denak ez baitaude ados. Atzo, Olaf Scholz kantzilerraren aholkulari Joerg Kukiesek esan zuen Berlin alde dagoela, baina ohartarazi zuen «hilabete batzuk» beharko dituela, hornitzaile berriak ziurtatzeko eta bere azpiegiturak prestatzeko. Alemaniaren jarrera funtsezkoa da, hura baita Europako lehen ekonomia, eta Errusiako petrolioarekiko eta gasarekiko mendekotasun oso handia duelako; hortik askatzeak ondorio ekonomiko eta sozial larriak eragin ditzake herrialdean.

Errusiatik iristen da Europara inportatzen den petrolio guztiaren laurden bat baino gehiago; Alemaniaren kasuan, %35. Joan den astean Robert Habeck Alemaniako Ekonomia eta Energia ministroak adierazi zuen %15era jaistea lortu dutela. Herrialdeko findegi gehienak beste hornitzaile batzuetara aldatu dira dagoeneko, baina erronkarik handiena ekialdeko bik dute: Schwedt eta Leuna. Errusiara konektatuta daude, Druzhba oliobidearen bidez. Kukiesek esan duenez, lanean ari dira Schwedtekoa hornitzeko Rostockeko portura (Itsaso Baltikoa) iristen diren petrolio ontzien bidez, baina hori gerta dadin, hango azpiegiturak handitu behar dituzte eta findegiarekin lotzen duen oliobidea berritu. Horrekin batera, beste herrialde batzuetako hornitzaileekin ari dira hizketan, eta Poloniako Gobernuarekin ere bai, hango portuak erabiltzeko. Alemaniak ziurtatu du «beranduenez ere» urte amaieran konponduko dituela arazoak.

Antzera daude beste herrialde batzuk, eta laguntza ekonomikoa eskatu diote EBri, azpiegiturak errealitate berrira egokitzeko. Habeckek aitortu du Alemania ez dela denbora eta babes gehien behar duena. «Beste batzuek arazo handiagoak dituzte. Alemaniarentzat elkartasuna eta ulermena eskatu ditudan modu berean, prest gaude haien egoera ulertzeko eta irtenbide bat bilatzeko».

Hungariaren betoa

Asteburuan ere izan ziren elkarrizketak Errusiako petrolio inportazioen debekuari buruz. Europako Batzordeko funtzionarioak estatu kideetako ordezkariekin bildu ziren, eta aurreikusten da proposamen bat aurkeztuko dutela gaur, enbaxadoreek bihar eztabaida dezaten. Dena den, ez da akordiorik espero bilera horretatik.

Berlin petrolioa enbargatzearen alde agertu da, baina herrialde guztiak ez daude ados; Bloonberg-ek zabaldu duenez, zalantzak dituzte, besteak beste, Espainiak, Italiak, Greziak, Austriak, Eslovakiak eta Hungariak; batez ere azkenengo biek. Italiak, adibidez, eskatu du debekua ez den beste neurri batzuk aztertzeko: adibidez, Errusiako petrolioaren gaineko muga zergak gogortzeko.

Baltikoko herrialdeak Errusiako petrolioarekiko mendekotasun handia izan arren, debekuaren alde agertu dira. Eslovakiak eta Hungariak, aldiz, ez dute nahi. Europa eta Errusia lotzen dituen oliobideak zeharkatzen ditu bi herrialdeak, eta ez dute itsasorako irteerarik. Argudiatu dutenez, enbargoa ezarriz gero, hornikuntzarako aukera gutxiago izango lituzkete, eta azpiegitura berrietan inbertsio handiak egin beharko lituzkete. «Hau ez da soilik erabaki politiko bat, ingeniaritza kontu bat ere bada», aitortu du EBko goi funtzionario batek.

Hungariari, adibidez, gas horniduraren %85 eta petrolioaren %65 Errusiatik iristen zaizkio, eta, gobernuak dioenez, ez du beste aukerarik. «Ahalegin guztiak egin ditugu dibertsifikatzeko». Viktor Orban lehen ministroak ohartarazi duenez, debekuak herrialdearen ekonomia «itoko» luke. «Hungariarrok ez dugu gerraren prezioa ordaindu nahi». EBko eta NATOko kide izan arren, Hungariak ukatu egin du Ukrainara armak zuzenean garraiatzea bere lurraldetik, eta jarrera neutrala agertu du inbasioa dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.