Alemaniako ekonomia esportatzaile petoa da, eta, noski, pattal dabilenean, bere arazoak besteei ere esportatzen dizkie. Euskal Herriko patronalak ohartarazten ari dira Alemaniaren eskaera ahulagoak eragin zuzena izaten ari direla euskal enpresen kontuetan eta, oro har, jarduera ekonomikoan. Alemaniak asko saltzen baitu gurean, baina are gehiago erosi. Astelehenean berritu zituzten datuak, eta erakusten dute azken urtean apaldu egin direla Hego Euskal Herriko enpresek herrialde hartara egindako salmentak: %17 ere izan ziren 2020an, baina %15,6ra jaitsi ziren 2024an.
Alemanian lana gutxitu zaiela aitortu du Juan Etxebarriak, Fagor Arrasateko negozio garapenerako zuzendariak. Alemaniako merkatua oso ongi ezagutzen du, aurretik hango autogintza sektorerako arduradun komertziala izan zelako Mondragon taldeko makina-erremintako kooperatiban.
Edonola ere, Etxebarriak ohar bat egin du: Alemanian bertan egindako inbertsioa txikitu da, baina ez hango enpresek beste leku batzuetan inbertitutakoa. Horrela, Fagor Arrasatek berak ekipoak egin ditu Nafarroako Volkswagenerako eta taldeak Pueblan (Mexiko) duen lantegirako. Hortaz, zehaztu du eskaeren txikitzeak batez ere Alemaniako hornitzaileei egin diela kalte, etxean lan egitera ohituta zeudelako, eta proiektuak «lehortu» zaizkionean kanpora atera behar izan dutelako.
«Bolumenean baino gehiago, ikuspuntuan egon da aldaketa. Balio handiko sektoreak lehenesten ari dira, eta aliantza estrategikoen aldeko apustu bat dago. Etorkizuneko industrian ari dira pentsatzen, eta bazkideak bilatzen»
ALICIA SANTAMARIABasque Trade & Investment-eko Municheko bulegoko burua
Katastrofismotik urruntzeko mezua eman du Alicia Santamariak ere. «Batzuetan badirudi ahaztu egiten zaigula Alemania munduko ekonomia handienetan hirugarrena dela», esan du Eusko Jaurlaritzaren Basque Trade & Investmenteko Alemaniarako arduradunak. Herrialde hartan saldu nahi duten enpresei bideak irekitzea da haren eginbeharra, eta ez zaio lanik falta. «Euskal enpresek Alemaniako merkatuaren aldeko apustuari eusten diote; hemen daudenek hazi egin nahi dute, eta beste batzuek, sartu».
Baina ñabardura bat egin du Santamariak. «Bolumenean baino gehiago, ikuspuntuan egon da aldaketa. Balio handiko sektoreak lehenesten ari dira, teknologian bereizteko modua ematen dutenak. Gainera, aliantza estrategikoen aldeko apustu bat dago. Etorkizuneko industrian ari dira pentsatzen, eta bazkideak bilatzen. Oso garbi daukate egiturazko aldaketa bat egin behar dutela, eta bizkor. Dirua daukate, eta berrikuntzan inbertitzen ari dira».
Basque Tradeko arduradunak uste du euskal enpresak eta Alemaniakoak elkarren osagarri direla. Autogintzakoak eta makina-erremintakoak dira han kokatutako asko, baina beste sektore batzuk ere indarra hartzen ari dira. Aeronautika eta trengintza aipatu ditu, eta bioteknologiari ere aukera handiak ikusten dizkio; «eta guk arlo horretan oso enpresa berritzaileak ditugu».
Beste sektore garrantzitsu bat energiari lotutakoa da. «Alemaniak sare adimendunak eta biltegiratze irtenbideak behar ditu, eta horretan erreferentea da Euskadi».
Horien artean dago Ormazabal, sare elektrikoetan eta ekipoetan jarduten duen Bizkaiko enpresa. Krefelden 2004an jarritako lantegia txiki geratu zaio, eta orain beste egoitza bat eraikitzen ari da Ipar Renania Westfaliako hiri horretan, hamar milioi euroren inbertsioarekin. «Ormazabalek berrikuntzaren eta hazkunde jasangarriaren aldeko apustua erakutsiko du harekin», azaldu du konpainiak.
Tubos Reunidosek ere ordezkaritza berri bat ireki du herrialdean, "gure parte hartzea handitzeko eta Europako enpresen arreta hobetzeko". Hodien enpresa arabarraren arabera, "merkatu estrategikoa" da Alemania, eta oso ongi kokatuta dago kontinentearen erdialdean, iparraldean eta ekialdean dauden bezeroak hornitzeko".
«Alemanian egoteak asko lagundu gaitu, geure produktua asko hobetu behar izan dugulako han lehiatzeko. Alemania beti izan da erreferentzia bat teknologian eta garapenean»
JUAN ETXEBARRIAFagor Arrasateko negozioaren garapenerako zuzendaria
Alemanian lan egitea, ordea, ez da erraza. Merkatu heldua da, eta hornidura kate egonkorrak ditu. «Alemaniarra saiatzen da Alemaniakoa erosten, eta, hortaz, osagai teknologiko handiko produktu bat eskaini behar zaio, baina kostu pixka bat txikiagorekin. Eta haiek lan egin nahi duten moduan egin behar da lan», azaldu du Etxebarriak. Exijentzia horrek, ordea, onura bat dakar: «Han egoteak asko lagundu gaitu, geure produktua asko hobetu behar izan baitugu han lehiatzeko. Alemania beti izan da erreferentzia bat teknologian eta garapenean».
Alemaniako enpresen beste ezaugarri bat nabarmendu du Santamariak: «Epe erdira eta luzera begira harremanak egin behar dira, eta hornidura kate sendoa behar da. Prezioari baino gehiago, fidagarritasunari ematen diote lehentasuna: dabilen sistema bat nahi dute. Hemen dauden euskal enpresak halakoak dira, eta horrek konfiantzazko harreman bat sortzen du. Egia da gu arinagoak garela, malguagoak, eta hori funtsezkoa da berrikuntzan oinarritzen diren enpresetan».

«Ez gara hain desberdinak», aldarrikatu du Etxebarriak. «Guregana etortzen direnean, Anboto eta beste mendiak erakusten dizkiegu, eta esaten diegu hau ez dela paella eta eguzkia. Serioak garela erakutsi behar diegu, eta Euskadin serioak gara».
Bavariako «kanpamentua»
Alemania osoan daude euskal enpresak, baina batez ere mendebaldean eta hegoaldean. Jaurlaritzak berak Bavaria hautatu zuen «oinarrizko kanpaleku» gisa, eta Santamaria oso gustura ari da lanean hango instituzioekin. «Teknologia, ingeniaritza eta berrikuntza maitatzeak batu egiten gaitu, eta biak gara nortasun handikoak».
Bavaria bera aukeratu du Fagor Arrasatek Alemaniako bere egoitza jartzeko, Hilpoltsein herrian. Ekoizpen lanak egiten dituzte han, baina, proiektuak gutxitu direnez, martxan dauden makinei zerbitzua ematea gero eta garrantzitsuagoa dela azaldu du Etxebarriak. «Eta deitzen dutenean, alemaniar batek erantzuten du». Etxebarriak azaldu du alemana ikasteak ate asko ireki zizkiola: «Nola jokatzen duten ikusteko balio zidan, eta erakusteko alemaniar baten moduan funtzionatu dezakegula».
Alemaniaren arazoek baino gehiago, txinatarrek kezkatzen dute Fagor Arrasateko ordezkaria. «Dagoeneko ari gara haiekin lehiatzen, etxetresnen atalean batez ere, Turkian eta Korean. Baina diru laguntza publiko asko dituzte, eta ez dituzte betetzen ingurumen estandarrak... hori bai da arazoa». Eta zer egin daiteke? «Maila handiagoko produktu bat eskainiz bezeroei. Automatizazioaren bitartez prozesuak optimizatuz eta errentagarritasuna handituz, ikusmen artifizialaren bitartez zero akatseko produktuak eskainiz, zerbitzuak bertatik bertara emanez...».