Urte berria, zerga berriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek prest dituzte zerga erreformarako egitasmoak, eta horiek negoziatzeari ekingo diote datozen asteetan, «lehenbailehen» indarrean sartu ahal izateko. Hala adierazi du ostegun honetan Irune Berasaluzek, Gipuzkoako diputazioko bozeramaileak.
Gipuzkoak bihar onartuko du bere egitasmoa, urteko azken Diputatuen Kontseiluan. Arabakoak astelehenean egin zuen hori. Eta gaur, Bizkaikoak egin du. Ondoren, batzar nagusien esku utziko dituzte testuak, eta, Bizkaiko Aldundiak nabarmendu duenez, berak behintzat urteko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen onartu eta sartu nahi du indarrean.
Hark du errazena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute Batzar Nagusietan. Araban eta Gipuzkoan, berriz, ez. Bi lurralde horietan EH Bilduren edo PPren babesa beharko dute. Biek kritikatu dute egitasmoa. Gauza bera egin dute sindikatuek, eta patronalak ere bai, arrazoi oso ezberdinengatik. Denentzat motz geratu da erreforma.
ANALISIA
Hiru aldundiek esan dute aldaketa sakon bat baino gehiago egokitzapen bat egin dutela. Gaur egungo erregimen fiskala duela zazpi urtekoa da. EAJk, PSE-EEk eta PPk adostu zuten hiru lurraldeetarako. Oraingo egitasmoek oinarri bera dute, duela hilabete jeltzaleek eta sozialistek adostutakoa.
Orain, bidelaguna aukeratu behar dute. Arabako Aldundiak EH Bildurekin egin du akordioa hurrengo urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Gipuzkoakoak, PPrekin. Zerga erreforman gauza bera egitea da aukeretako bat, baina horrek arriskuan jar dezake harmonizazioa, eta, Jaurlaritza lurralde batetik bestera ezberdintasun batzuk onartzeko prest azaldu bada ere, «oso txikiak» izango direla eta hiruren muina berbera izango dela adierazi du Noel d' Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak.
Kenkariak nagusiki
Bizkaiko Aldundiak gaur onartu du egitasmoa. Azpimarratu duenez, erreformak «hainbat gizarte erronkari» egin nahi die aurre. Etxebizitzaren alorrean, etxebizitza bat erosteagatiko edo alokatzeagatiko kenkaria kenduko zaie 85.000 eurotik gorako errenta dutenei. Orain unibertsala da.
Sistema berriarekin, halaber, «diskriminazio positiboaren aldeko apustua» egiten dela esan du aldundiak. Hala, 3 urtetik beherako adingabeak zaindu ondoren lan merkatura itzultzeagatik 1.200 euroko kenkaria izango dute emakumeek, eta 1.500 eurokoa gizonek. Horrekin loturik, sozietateen gaineko zergan ere kenkariak ezarriko dira, legeetan jasotakoez gain, kontziliazio neurri berriak ezartzen dituzten enpresentzat. Eta zaintzaileak kontratatzeagatik ere ezarriko dira deskontuak.
Trantsizio berdea bultzatzeko neurriak ere jasotzen dira egitasmoan: %5 eta %15 arteko kenkariak zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik eta auto elektrikoak kargatzeko guneengatik. Etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko obrak ere lagunduko dira.
Eta pentsioekin loturik, BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak bultzatzeko neurriak jasotzen dira. Adibidez, %10 eta %25 bitarteko kenkariak halakoak kontratatzen dituzten langileentzat.