Ardoa

Aldundiak nahiago du Arabako ardoak Errioxa sor-markan jarraitzea

ABRA «pozik» agertu da behin-behineko baimenarekin, baina zehaztu du datorren urtera arte ezingo dutela sor-marka propioa erabili, aurtengo uzta bildu dutelako.

Langile bat mahatsa biltzen, Arabako Errioxan. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 18a
16:13
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Arabako Errioxako upategi batzuek sor-marka propioa sortzeko egitasmoari emandako bultzadak bete-betean jo du EAJ eta PSE-EEren arteko harremanetan, bereziki Arabako Aldundian. Sozialistentzat «akats larria» da, eta «arduragabekeria» bat. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak (EAJ), berriz, erantzukizuna gainetik kendu du —«aldundiak ez du eskumenik gai honetan»—, eta gogorarazi du Jaurlaritzak ezin zuela besterik egin. Gainera, berretsi du aldundiaren «apustua» beti izan dela Errioxa izendapenaren barruan jarraitzea, marka berezi batekin, horrek sor-marka propioak baino «babes zabalagoa» izango lukeelako.

EAEko aldizkari ofizialak astearte honetan jaso du zigilu berriaren pean merkaturatzeko baimena. Iragarritako erabakia izanagatik ere, hautsak harrotu ditu, gaiak aspalditik eztabaida politikora egina baitu jauzi. Errioxako erkidegoan (Espainia) PPren eta PSOEren arteko lehian eduki garrantzitsu bihurtu da, eta Araban ere marka berriaren aldeko eta aurkako posizioak daude, alderdi politikoen eta upategien artean.

Duela lau hilabete bidali zuen Espainiako Gobernuak espedientea Bruselara, hori egitera behartuta zegoelako, eta, horren ostean, Jaurlaritzak behin-behineko baimena eman du, Europako Batasunak erabaki bitartean.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez, gobernua «behartuta» zegoen hori egitera, eta gaineratu du egitasmoa «legezkoa eta administratiboki bideragarria» dela. Orain, deitura berriaren araudia eta estatutuen zirriborroa onartu beharko dituzte, merkaturatzen hasi ahal izateko. Zupiriak jakinarazi duenez, «laster» bilduko dira Ekonomiaren Garapenerako Saila, Arabako Aldundia eta ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea.

2016an abiarazi zuen ABRAk Arabako Mahastiak zigiluaren proiektua, eta bidean ika-mika handia egon da. Gaur egun, eskualdeko upategi txiki batzuk daude proiektuaren atzean, hamabost inguru. Denak ez dira ABRAko kide (120 inguru dira), haietako asko ez baitaude ados egitasmoarekin.

Aurten ez

Ines Baigorri ABRAko zuzendari kudeatzailea «pozik» agertu da Jaurlaritzak emandako baimenarekin, baina zehaztu du izen hori erabili nahi duenak gutxienez datorren urtera arte ez duela egingo, aurtengo mahats bilketa amaitu delako. Hala ere, berretsi du behin estatutuak onartuta zigilu horrekin aritu ahalko direla, litekeena den arren Bruselak azken ebazpena kaleratu arte «urteak» pasatzea.

Jarrera «arduragabea» da hori, Cristina Gonzalez Arabako Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko diputatuaren (PSE-EE) arabera, eta «oker» jokatzea leporatu dio Jaurlaritzari. «Upategi batzuk behin-behineko jatorri deitura batean sartzea haien itxaropenekin eta diruarekin jokatzea da».

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak aitortu du egitasmoa ez duela erabat gustuko, «errespetatzen» duen arren, eta gaineratu du aldundiak nahiago duela Errioxa deituraren babespean legokeen marka bereizi bat sortzea, haren ustez horrek «borondate gehiago» biltzen dituelako.

Orain, ikusteko dago zein izango den Errioxa sor-markaren gobernu kontseiluaren erreakzioa. Ostiralean bilduko da. Aurretik ere hartuak ditu Arabako Mahastiak sortzeko egitasmoaren aurkako neurriak. Gonzalezek gogorarazi duen moduan, duela aste batzuk bere estatutuetan aldaketa bat egitea onartu zuen; zehazki, Arabako Mahastiak markako upategi bati mahatsa saltzen dietenei Errioxa sor-markako upategiei saltzea debekatzeko. Gonzalezen ustez, horrek «ezinezkoa» egingo luke «bi izendapenen elkarbizitza». Horrekin batera, uste du helegiteak egongo direla EAEko aldizkari ofizialean argitaratutako erabakiaren aurka.

Hala eskatu dio Errioxako PPk erkidego horretako presidenteari, Concha Andreuri (PSOE). «Gobernuak ehuneko ehunean inplikatu beharko luke gure eskualdeko nortasun ezaugarrietako baten flotazio lerroaren aurkako eraso hau geldiarazteko», adierazi du Noemi Manzanos diputatuak. PPren ustez, Errioxako gobernuak errekurtsoa jarri beharko luke. «Hala egin ezean, aurtengo Gabonetan Arabako mahastietako ardoekin topa egingo da».

Errioxako PSOEk PPri erantzun dio gobernuak ezin duela helegiterik jarri, upategiek edo kontseiluak aurkeztu behar dutela. Dena den, nabarmendu du Errioxako ardo ekoizleek sozialisten «babes osoa» dutela. Ohar batean, esan du Arabako Mahastiak sor-markaren atzean «konfrontaziorako» eta «politizaziorako» asmoa dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.