Arabako Foru Aldundiak zigor espedienteak zabaldu ditu Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan jarritako txosna batzuen aurka, Ticket Bai iruzur fiskalari aurre egiteko fakturazio sistema telematikoa ez erabiltzea leporatuta. Aldundiak ez du zehaztu zenbati eta zeini eragiten dien erabakiak.
Txosna guztiak ez daude behartuta Ticket Bai jartzera. Salbuetsita daude irabazi asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaindu behar ez dutenak. Besteak beste, kultur, kirol edo gizarte elkarteak, betiere haien jarduerak interes orokorrekoak badira. Edonola ere, salbuespena ez da modu automatikoan ezartzen; elkarte edo zergadun bakoitzaren esku geratzen da ogasunarekin egiaztatzea.
Jaiak hasi aurretik, Gasteizko Txosna Batzordeak eskatu zuen txosnak sistematik kanpo uzteko, baina aldundiak gogoratu zien egiaztapena ezinbestekoa zela. Aldundiak azaldu duenez, ogasuneko langileak txosnetan ibili dira egunotan, sistema erabiltzen ari ziren ala ez ikuskatzen.
Azkenean, espedientea ireki zaien txosnei zigorra aplikatzen bazaie, isun ekonomiko handiak jaso ditzakete, jarduera bolumenaren araberakoa. Foru araudiak zehazten duenez, aurreko ekitaldiko negozio zifraren %20 edo 20.000 euro gutxienez.
Ticket Bai sistema arautzen duen legea 2021ean onartu zuten Arabako Batzar Nagusiek, gehiengo osoz, eta negozio guztietan nahitaez bete beharrekoa da 2022ko urriaz geroztik.
Donostiara begira
Gipuzkoan iaz jarri zen Ticket Bai sistema martxan, eta, Araban bezala, araua betetzetik salbuetsita daude irabazi asmorik gabeko elkarteak. Hala ere, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak eskatu du txosnena ere jarduera ekonomiko gisa hartzeko, aitorpena egin eta dagokion zerga ordain dezaten. Bihar hasiko da Donostiako Aste Nagusia.
Bizkaian, oraingoz, ez dute jarri beharko iruzurrari aurre egiteko sistemarik. Derrigortasuna bi urtez atzeratzea erabaki zuen aldundiak, egokitzeko tarte luzeagoa izan dezaten. 2026tik aurrera erabili beharko dute, horrenbestez. Bilboko konpartsek iaz salatu zuten sistema txosnetan ezartzeak kolokan jarriko duela gaur egungo jai eredua.