Lan egindako egun bakoitzeko 1,5 egun kotizatuko dute aldizkako kontratu finkoa dutenek, erretiro pentsiorako sarbidea errazteko. Konpromiso hori hartu du Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako Ministerioak CCOO eta UGT sindikatuekin, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.
Aldizkako kontratu finkoa dutenek urtearen aldi batzuetan lanaldi osoan edo partzialean lan egiten dute, baina ez urte osoan; mota horretako kontratuak asko erabiltzen dira sektore jakin batzuetan, ostalaritzan adibidez. Erretiro pentsioa kobratzeko gutxienez hamabost urte kotizatu behar dira, baina, hain zuzen ere, neurri zuzentzailerik gabe, aldizkako kontratu finkoa duten askok arazoak izaten dituzte kopuru horretara iristeko.
2022an indarrean sartutako lan erreforman, lanaldi partzialeko kotizazio baldintzak lanaldi osokoekin parekatu ziren. Ordutik, adibidez, urte osoan egunean ordubete lan egiten duen pertsona baten kotizazio epea lanaldi osoa duenaren berbera da: alegia, urtebete kotizatzen dute biek, egunean ordu bat lan egin ala zortzi. Hala ere, partzialtasun koefiziente deiturikoa kendu zuten lan erreforman, eta horrek arazo bat sortu zien aldizkako kontratu finkoa zutenei, horiek ez baitute urte osoan lan egiten.
Erretiro partziala
CCOOk eta UGTk «aurrerapauso handitzat» jo dute neurri hori berreskuratu izana, baina azpimarratu Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko gainerako gaietan oso gutxi aurreratu dutela. Elma Saizek zuzentzen duen ministerioak, berriz, nabarmendu du erretiro pentsioa lan batekin bateragarri egiteko araudi proposamen bat egin duela, baina UGTk eta CCOOk ohartarazi dute haiek eskatutakotik «oso urrun» dagoela oraindik.
Erretiro partziala da pentsioa jasotzea lan batekin bateragarri egiteko egungo formuletako bat, errelebo kontratuarekin zein gabe. Sindikatuek salatu dutenez, gobernuak puntu horri buruz egin duen proposamenak «eskubideak murrizten ditu» errelebo kontraturako eskubidea legez aitortua duten sektoreetan eta, bereziki, autonomoenean. «Gobernuak penalizazio elementu batzuk sartu nahi ditu, eta ez gatoz bat horrekin».
Gobernuak sindikatuei eta patronalari aurkeztu dien testuaren arabera, autonomoek pentsioaren %100 kobratzeko eta beren jarduerarekin jarraitzeko — betiere langile bat beren ardurapean badute — gutxienez bost urte gehiago itxaron beharko dute, 70 urte bete arte.
Ministerioak legegintzaldi honetan arautu nahi dituen beste gai batzuk ere jorratu dituzte bileran. Adibidez, lan arriskutsuetan erretiro adina aurreratzeko errege dekretuaren proiektua, baina aldeek ez dute ezer jakinarazi horri buruz.
Sindikatuek bilera aprobetxatu dute, halaber, gobernuari gogorarazteko oraindik egiteko duela bekadunen hitzarmen berezia. Aurtengo urtarriletik aurrera, bekadunek Gizarte Segurantzan kotizatzen dute, baina epe hori baino lehenago aritutako guztiek ez dute horretarako eskubiderik. Gobernuak konpromisoa hartu zuen azken bost urteetan aritutakoentzat hitzarmen berezi bat egiteko.