Kutxetatik sortuko diren fundazioetako aginte eserlekuek izen- abizenak dituzte jada. Izen-abizen politikoak bai behintzat. EAJk, PSEk eta PPk hari guztiak lotu dituzte, Espainiako Gobernuak iazko abenduan onartutako legea betez, Kutxabank osatzen duten kutxak banku fundazio bihurtzeko eta prozesua ezusteko barik egiteko. BBKn eta Vitalen, behintzat, kontrolpean dute egoera. Besterik da, ordea, Gipuzkoan: Kutxako administrazio kontseiluan «pribatizazioaren kontra» jarraitzen du EH Bilduk, eta berak dauka ordezkari gehien.
Hiru alderdiek egindako aulki banaketaren arabera, banku fundazioetako patronatuetan egungo kutxen administrazio kontseiluetan baino presentzia handiagoa izango dute alderdi politikoek. Zehazki, hiru alderdi horiek. Izan ere, EAEko bigarren indar politikoak, EH Bilduk, ez du izango ordezkari bakar bat ere ez BBKn, ez Vitalen. Bai Xabier Sagredok (EAJ) eta bai Fernando Arangizek (PP) BBK-ko eta Vital-eko presidentetzan jarraituko dute, hurrenez hurren, fundazio bihurtzen direnean ere.
Bi finantza erakundeetako administrazio kontseiluek atzo onartu zituzten fundazio berrien estatutuak eta haiek gidatuko dituzten patronatuen osaera. Erabakia kutxa bakoitzeko batzar nagusiak berretsi beharko du, ekainaren 30ean, eta bietan dute gehiengoa EAJ, PSE eta PPren ordezkariek. Berez, profesionalakizan behar dute patronatuetako kideak, alderdietako afiliatuak ez direnak. Eta hala izango dira. Baina alderdi zehatz batzuek aukeratuko dute bakoitza, eta, beraz, alderdi horien orbitakoak izango dira.
BBK banku fundazioko patronatuak hamabost kide izango ditu, egungo administrazio kontseiluak bezala. Baina aulki banaketa adostu duten hiru alderdiek euren orain arteko indarra sendotuko dute. EAJk hamar kide aukeratuko ditu (gaur egun baino bat gehiago), PSEk hiru (orain baino bat gehiago) eta PPk bat (orain ez du ordezkaritzarik). Euskadiko CCOOk hautatuko luke falta den ordezkaria (orain hiru kide ditu BBK-ko administrazio kontseiluan). Nolanahi ere, sindikatuak ez du baieztatu nahi izan ordezkari bat aukeratuko duenik.
Vital fundazioaren patronatuko hamabost aulkiak, berriz, hiru alderdien artean banatu dituzte: zortzi PPrentzat, lau EAJrentzat eta hiru PSErentzat (baliteke sozialistek CCOOri ematea ordezkari bat aukeratzeko aukera). Hainbat hedabidek zabaldu dute EH Bilduri ordezkari bat izateko aukera eman ziotela beste hiru alderdiek baina koalizioak uko egin ziola pribatizazio prozedurarekin bat ez datorrelako. EH Bilduk, ordea, gezurtatu egin du. «Guztiaren berri hedabideen bidez izaten ari gara. Erabakiak kutxetako organoetan hartu beharrean alderdien bulegoetan hartzen ari direlako», esan du Ainhoa Beolak,Kutxako administrazio kontseiluko EH Bilduko kideak.
Ezkerreko koalizioak lehendik ere ez du ordezkaririk BBK-ko kontseiluan. Bai, ordea, Vitalekoan, eta atzo gogor kritikatu zuen Gasteizko kutxak hartutako erabakia. «Vital Kutxaren heriotza agiria sinatu duzue», esan zuenFernando Velascok. Horrez gain, Vital Kutxak bere garaian Kutxabanki eman zizkion 500 milioien kontrola behin betiko galduko dela ohartarazi du EH Bilduko ordezkariak. Azkenik, hilaren 30eko batzar orokorraren bilera «eztabaidatzeko eta parte hartzeko prozesu baten lehenengo pausoa izateko» eskatu dio Vitalen administrazio kontseiluari.
CCOOren abstentzioa
EH Bilduren ustez, ez dago presarik kutxak banku fundazio bihurtzeko. Legearen arabera, abenduaren 31 da azken eguna. Gipuzkoan badirudi azken unera arte luza daitekeela prozesua. EAJk eta PSEk ez daukate gehiengorik Kutxako aginte organoetan. Administrazio kontseiluan, esaterako, zazpi ordezkari ditu ezkerreko koalizioak eta hiru EAJk eta bi PSEk. DYAko ordezkariak dimisioa eman zuen joan den hilabetean, eta EH Bilduk ez beste guztiek fundazio bihurtzearen alde bozkatuz gero berdinketa gertatuko litzateke. Kasu horretan, Xabier Iturbe (EAJ) Kutxako presidentearen kalitateko botoak apurtuko luke berdinketa.
CCOO abstenitu egin zen atzo Vitaleko eta BBK-ko kontseiluetan kutxak fundazio bihurtzeko bozketan. Sindikatuak azaldu du ulertzen duela kutxak banku fundazio bihurtu behar direla «legeak behartuta». Baina «kezka» azaldu du prozedura egiten ari den moduaren inguruan. Bizkaian eta Araban abstenitu egin da, baina ikusteko dago zer egingo duen Kutxan, han erabakigarriagoa baita bere botoa. EH Bilduk ez du itxaropen handirik. «CCOOk pribatizazio prozesua etetearen kontra eta IRPHa etetearen kontra bozkatu izan du Kutxako kontseiluan», gogorarazi du Beolak.
Hilaren 20an bilduko da Kutxako batzar orokorra fundazioaz berba egiteko, baina bilera informatiboa izango da. Kutxa banku fundazio bihurtzeko eztabaida urriaren amaieran edo azaroaren hasieran iritsiko da finantza erakundearen administrazio kontseilura.
Baliteke ordurako EH Bilduko ordezkariek Kutxako karguak utzi izana, Joseba Egibar EAJren GBBko buruaren esanetan. Haren ustez, «ganberako iraultzaileak» dira koalizioko ordezkariak, eta «bertigoa diote erabakiak hartzeari». Gezurretan aritzea egotzi dio Beolak, ez dietelako erantzukizunei uko egingo, eta Kutxako kontseiluko talde aktiboena dela nabarmendu du: «EAJ, PSE eta PPren euskal troikak aniztasun politikoa lapurtu nahi du».
Aurrezki kutxen etorkizuna. EAJ-PSE ituna
Alderdien aulki jokoa
EAJk kontrolatuko du BBK fundazioa, eta PPk Vital.PSEk bietan irabaziko ditu ordezkariak.EH Bilduk ez du ordezkaririk batere izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu