Ustelkeria kasu batekin lotutako beste heriotza susmagarri bat dago atzodanik PPren ingurumarian. Caja Madrideko presidente ohi Miguel Blesa hilik aurkitu dute, bularrean eskopeta tiro bat jasota. Ikerketaren hastapenak dio bere buruaz beste egin ahal izan duela. Horrenbestez, PPren ustelkeria auzietan arlo judizialean ekarpen handia egin zezaketen hilen zerrenda luzatu du Blesak.
Martxoan, sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, Black txartelen auzia dela eta. Jose Maria Aznarren lagun minak—hari zor zion Caja Madrideko presidentetza— helegitea jarri zuen zigorraren aurka, eta aske zegoen. Aske eta ehizarako gertu. Haren gorpua Cordobako (Andaluzia, Espainia) Puerto del Toro izeneko etxaldean aurkitu dute, ehiza barruti batean. Blesarekin zegoen lagun bakarra etxaldetik atera zen atzo, zortziak aldera, autoa mugitzera, eta tiro bat entzun zuen une horretan. PPren hamaika proiekturen finantzaketa gizona gosaltzen ari zen, eta bat-batean hilik.
Kartzelara joateak zenbateraino beldurtuko ote zuen ez dakite, baina haren lagunek diote ez zegoela depresioak jota. Blesak ezagutzen zuen ziega; ozta-ozta, hori bai, 2013an Floridako City National Bank erosteagatik kondenatu eta gero, bakarrik 24 orduz egon baitzen kartzelan. 2,5 milioi euroko fidantza pagatu, eta askatasuna berreskuratu zuen; 65 urte zituen.
Bihotzekoak eta erorikoak
Askatasuna eta bizitza galdu ditu orain PPren finantzaketaren arloan funtsezko bankaria izan denak, Gurtel auziko giltzarri izan zitezkeen beste hainbaten antzera. Martxoan, Leopoldo Gomez izan zen hila, Pozuelo de Alarconeko udal arkitektua; Jesus Sepulveda PPko senatari ilunaren kobratzailea esaten zioten. Aurretik, Isidro Cuberos aurkitu zuten amildegi batean. Motorrean zihola amildu zela dio bertsio ofizialak. Javier Arenas Andaluziako PPko buruzagiaren eskuin besoa zen, eta Gurtelauziko lekuko garrantzitsua. Francisco Yanez da zerrenda susmagarriko beste bat. Luis Barcenas, Alvaro Lapuerta eta Angel Sanchis PPren diruzainen laguna epailearen aurrera joan baino lau egun lehenago hil zen. Istripu eta suizidioen izurrite horrek Maria del Mar Rodriguez ere harrapatu zuen; Bilboko hotel batean hilik aurkitu zuten Tomas Burgos Beteta PPko senatariaren emaztea. Pablo Ruz epaileak inputatuta zeukan Gurtel sareak bere enpresa baliatu zuelako. Hark ere bere buruaz beste egin ei zuen. Jose Martinez Nuñez eraikuntzako enpresaria ere Gurtel auzia ikertzen ari zela hil zen. Haren enpresa, 6.000 milioi euroko fakturazioa ere lortu zuena, ustelkeria sarearen ustezko buruzagi Correarekin lotu zuten.
Baina PPren ustelkeriaz blai zeudenen istripu ezagunena Rita Barberarena izan da. Valentziako alkate ohiak bihotzekoa izan zuen Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu eta 48 ordura. Hil ez, baina koma egoeran gelditu zen Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohia bera ere. Bi aldiz erori zen gizon hori eskaileretan behera, eta bigarrengoan ia hil egin zen.
Orain Miguel Blesa sartu da zerrenda horretan, eta ez hala moduz. Ehizatzera joan, eta bere burua ehizatu dute, lehentasunezko akzioen ideologoak, berak, edo beste batek edota besteren batzuek. Ikerketak ezarriko du egia judiziala.
Ezingo dena da Blesa kondenatu, ez Panamako paperen ikerketaren harira, ezta Caja Madriden egondako legez kanpoko ordainketen harira. Ogasuneko inspektore izateko oposizioetan Jose Maria Aznar ezagutu, eta bere patua aldatu zuen Blesak. Eskuin muturreko presidente ohiak bere lagun min eta Caja Madrideko presidente egin zuen. Eskopeta tiro batek ilunpean utziko ditzake orain auzi horiek guztiak, eta beste hainbat.
Miguel Blesa
Alderdiaren bizkarrak gordetzen beti
Hilik aurkitu dute ehiztari zaildua, bularrean eskopeta tiro bat zuela. Bere buruaz beste egingo zuela dio Poliziak. PPren bankaria helegite baten zain zegoen sei urteko kartzela zigorra bete aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu