Trantsizio ekologikoa. Mikel Gonzalez Egino. BC3 Basque Centre for Climate Changeko ikertzailea

«Alde soziala kontuan hartzen ez badugu, trantsizioa ez da egingo»

Gonzalez Eginok onartu du trantsizio ekologikoak bidezkoa izan behar duela, eta uste du bidezkoa izan daitekeela: politika klimatikoak ongi diseinatuz gero, transformazioak onura ugari ekarriko dituela herritarrentzat.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Irune Lasa.
Leioa
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Klima larrialdiak ez du, berez, baikortasunerako aukera handirik ematen, baina haren kontrako borrokak dakartzan aukerak ikusteko gai da Mikel Gonzalez Egino (Gasteiz, 1978). Gaiaz badaki pixka bat, besteak beste, BC3k egin duelako eragin sozioekonomikoen ebaluazioa Espainiako Klima eta Energia Plan Nazionalean.

Eta gauza hauek biharko uzten baditugu? Tarte bat hartu zerga hau edo beste neurri hori ezarri aurretik...

Hain zuzen, hainbatetan klima aldaketaren kontrako neurriak biharko utzi direlako gaude gaur klima larrialdian. Kalteak espero genuen baino handiagoak dira, eta haiek murrizteko neurriak, are presazkoagoak. Klima aldaketarena ez da arazo berria; ezagutzen genuen duela hogei urte, eta neurriak duela hogei urte hartu behar genituen. Orain ezin dugu gehiago ezer atzeratu, ekintzak etorkizunerako utzi; bestela, arazo oso serio bat izango dugu.

Larrialdia da egiaz, ezta? Izendapen hori ez da maila sinbolikora mugatzen.

Inor gutxik gogoratuko du 2007an Artikoak ustekabeko izotz galera bat izan zuela, eta hori jada larrialdi bat izan zen; horrek eragin behar zuen erreakzio bat. 2012ko udan ere antzeko zerbait gertatu zen: satelite erregistroak ditugunetik Artikoan neurtutako izotz galerarik handiena. Horrek ere eragin behar zukeen erreakzio bat, zerbait larria gertatzen ari zela ekarri beharko zukeen gogora, baina ez zen halakorik gertatu. Orain, badirudi gazteen mugimenduak lortzen ari direla gobernuak jabetzea larrialdiaz.

Baina jendea jabetzen da erronkaren neurriaz, deskarbonizazioak ekonomiarentzat ekarriko dituen aldaketa handiez? Hau guztia ez dela konpontzen soilik auto elektriko bat erostera?

Hasi gara ulertzen honek guztiak ondorio sakonak dakartzala gure gizartearentzat. Batetik, klimaren aldaketak berak ere inpaktu bat izango du; erabakiak hartu arren, aldaketaren eraginekin bizi beharko dugu. Eta, bestetik, konponbideek ere eraldaketa sakona ekarriko dute. Hamarkada batean berotegi gasen isuriak ia erdira murriztu behar ditugula diogu, mende erdirako erregai fosilen ia erabilera guztiak desagertu behar liratekeela. Transformazio hori itzelezkoa da, baina posible da. Horretarako, gure garapen eredua aldatu behar dugu, eta planetaren muga fisikoen barruan bizitzen ikasi lehenbailehen. Arazoa ez da bakarrik gure autoak aldatzea, ez. Hori parterik errazena da.

Printzipioz, mundu guztiak egiten du klima aldaketaren aurka. Zer gertatuko da neurriek gure bizimoduarekin talka egiten dutenean? Beti aipatzen da Jaka Horien krisia erregaien gaineko zergak piztu zuela.

Hor bi ideia hartu behar ditugu aintzat. Batetik, ez dugu zertan pentsatu energia berriztagarri eta garbiagoetarako trantsizio ekologikoak herritarrentzat kostu gehiago ekarriko duenik. Argindarraren sektorean eta bidaiarien mugikortasunean, kontsumitzaileentzat aurrezkiak izan daitezkeen puntuan gaude. Eta, bigarrenik, familia zaurgarrienentzako inpaktuak baldin badaude, gakoa da nola diseinatzen duzun politika. Jaka Horiak aipatu dituzu; Jaka Horiena niretzat adibiderik onena da ikusteko politika klimatikoan gauzak nola ez diren egin behar. Emmanuel Macronek, desberdintasun sozial eta polarizazio testuinguru batean, krisi ekonomiko sakon baten ostean, fortuna handien gaineko zerga kendu zuen, eta, gero, dieselaren gaineko zerga ezarri. Jaka Horien inguruan, gero, badaude beste konnotazio batzuk, baina neurri horiek modu hobean komunikatu izan balira eta familia zaurgarrienentzako neurri aringarriekin iritsi balira, jendea ez zen haserretuko.

Deskarbonizazioaren kontrako erantzun bat sor daiteke.

Politikak ondo diseinatzen ez baditugu, gerta daiteke. Horregatik, politika koherenteak behar ditugu, herritarrei ongi esplikatuak. Batzuetan, klima aldaketaren kontu honetan, badirudi guztia aldaketa teknologikoa dela, eta egia da hor iraultza datorrela; baina alde soziala ezin dugu ahaztu. Biak bateratzen ez baditugu, alde soziala kontuan hartzen ez badugu, trantsizioa ez da egingo. Orain esaten den moduan, trantsizioak bidezkoa izan behar du, justua.

Zein momentutan gaude klima politika horien diseinuan?

2015ean onartu zen Parisko Hitzarmenean ezarri zen nolabaiteko arkitektura instituzionala. Arkitektura hori martxan dago, eta sendotu egin behar da. Herrialdeak beren deklarazioak egiten ari dira, akordio horri egingo dioten ekarpena jasota. Orain artekoan, badakigu ekarpen horiekin ez dela betetzen Parisko Hitzarmena. Anbizio handiagoa izan behar du, bide zuzenean egoteko. Ez dugu minutu bat galtzeko; politika indartsuak behar ditugu orain.

Proposamenak orain ari dira aztertzen, ezta? Funts globalak, eskubideen merkatuak, ingurumen zergak, muga zergak...

Horietako batzuk ez dira berriak; adibidez, denbora da klimarentzako funts berdea negoziatzen ari dela. Baina egia da eferbeszentzia bat badagoela maila globaleko politikei eta tresnei buruz. Funts berde globalarekin, esaterako, hitzemandako 100.000 milioi euroak ez dira bete, eta momentua da gehiago ez atzeratzeko, herrialdeei laguntzeko funtsak jartzeko. Hori justizia kontua ere bada: herrialde txiroenek egin dute gutxien arazoaren sorreran, baina ondorioak jasango dituzte. Gainera, herrialde batzuetan laguntza txiki batek alde handia egin dezake, eta eragotzi, adibidez, ikatzezko zentral gehiago eraikitzea, pixka bat garestiagoak diren alternatibei bide emanez, edo haietarako azpiegiturak garatuz.

Eskubide merkatuek ez dute esperotako emaitzarik izan.

Nik uste dut Europako merkatuak hobeto funtziona zezakeela. Baina mekanismoa hobetuz joan da. Europako Batzordeak emisio eskubideen erreserba bat sortu zuen merkatua egonkortzeko. Eta, hori egin bezain pronto, CO2aren prezioak igotzen hasi ziren, eta jada hasiak gara CO2 garestiago horren ondorioak ikusten: ikatzezko zentral gehienak ez dira errentagarriak.

Karbonoari muga zergak jartzea ere aipatzen ari dira.

Politika klimatikoa eta komertziala nahasten dituzten neurri horietan kokatu behar dira. Espero dezagun ez dela gertatuko, baina posible da etorkizunean izatea herrialdeak Parisko Hitzarmenarekin bat egiten ez dutenak, eta horrek haiei abantaila bat ematea, merkeago produzitzen dutelako, ez dutelako ingurumen araurik bete behar. Horretarako, mugako doikuntza mekanismoak izan daitezke presio modua. Ez dira errazak, merkataritza libreko tratatuekin talka egin dezaketelako. Zailak dira diseinatzen eta ezartzen, baina iruditzen zait beharrezkoak izango direla, Europak ezarri beharko dituela, bere industria babestu beharko duelako lehia desleialaren aurrean.

Ingurumen zerge kin bildutako dirua nora doan ere garrantzitsua da, ezta?

Hori aztertzeko, zerga erreformei buruzko ikerketak egin ditugu BC3n. Alternatibak dira, adibidez, zerga batzuk igotzea eta besteak jaistea. Eta hor, ez da berdin zergak lanari kentzea edo, Macronek egin zuen bezala, kapitalari jaistea. Eta ez da berdin jasotako diru hori zuzenean familietara banatzea. Ondorio bat argia da: osotasunean hartuta, ingurumen neurriek ez dute zertan erregresiboak izan. Alderantziz, zuzen diseinatuta, oso progresiboak izan daitezke; onura gehien ateratzen dutenak izan daitezke errenta txikieneko familiak. Beste kontu bat da gai izatea herritarrak konbentzitzeko hori hala izan daitekeela, erakundeen prestigio faltako testuinguru batean gaudenean.

Nola daude ingurumen politikako planak Euskal Herrian?

Hiru ideia azpimarratuko nituzke. Hasteko, oso garrantzitsua izan da Eusko Jaurlaritzak egindako Larrialdi Klimatikoaren Deklarazioa. Argazki hori, lehendakaria bere sailburu guztiekin, klimaren aldaketari dagokion garrantzia aitortzen eta hura bere agenda politikoaren lehen mailan kokatzen. Izango da pentsatzen duenik deklarazio hori komunikazio keinu bat besterik ez dela. Baina niretzat oso inportantea da, orain, behin deklarazio hori eginda, zure gobernuak egin behar dituen ekintzek maila horretan egon behar dutelako. Albistea agian pixka bat oharkabean pasatu da, baina oso inportantea zen sailburu guztiak ikustea argazki horretan. Azkenean, klimaren aldaketa ez da jada Ingurumen Sailak edo Ingurumen Ministerioak egiten duen zerbait. Orain, Eusko Jaurlaritzak deklarazio horren mailan egon behar du. Adibidez, uztailean Aldaketa Klimatikoaren Lege Aurreproiektua aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean, eta, klima larrialdi bat badugu, aurreproiektu horrek lehentasun garrantzitsua izan behar du, bertan jasotako helburuak ahalik eta handinahienak izan. Hori da azpimarratu nahi nuen bigarren ideia. Lege horretan aipatzen da EAEk isurietan neutroa izan beharko lukeela 2050ean. Eta, hirugarrenik, nabarmentzekoa iruditzen zait legebiltzarrak eskatuta sortu den adituen batzordea ere. Prestigio handiko adituak dira, eta haiek diseinatuko dituzte 2050erako bide orri horren oinarriak.

Zenbateraino aldatuko da energia sortzeko eta kontsumitzeko modua?

Gauza asko aldatuko dira, eta ondorio onekin. Iturri fosilentokian, sorkuntzan energia berriztagarriak izango dira, eta, gainera, ez gara soilik kontsumitzaileak izango: sortzaileak ere izan gaitezke —herritarrak, auzoen komunitateak, udalak—. Energia berriztagarriagoa, garbiagoa eta banatuagoa izango da. Jendeak parte hartuko du, eta uste dut hori oso positiboa izango dela, jendea ahaldundu egingo dela eta trantsiziotik onura zuzenak lortu ahalko dituela.

Baina Alemanian, adibidez, arazoa daukate, jendeak ez baitu nahi haize errotarik bere etxetik hurbil.

Horregatik, oso garrantzitsua da jendeari ondo azaltzea zergatik egiten diren gauzak; eta jendeak parte hartzea. Oraindik NIMBY [Not in my back yard. Ez gure etxe ondoan] efektua egon daiteke, baina asko murriztu dezakegu gauzak ondo egiten baditugu. Horretarako ere garrantzitsua izan daiteke adituen batzordea. Legebiltzarraren agiria du energiaren inguruko itun soziala sortzeko. Itun bat lortzen badute, baretu ditzake geroago sor litezkeen tentsio sozialak. Ziurrenez, berriztagarriek presentzia fisiko handiagoa duten inguru batean bizi beharko gara, baina hori minimiza daiteke, eta, jakina, inpakturik ez eragin babesa behar duten ingurune naturaletan. Euskadin, gure orografiarengatik, zailagoak dira zenbait berriztagarri, baina eguzki energiarentzat teilatu mordoa ditugu. Eta aukera bat dira orain.

Baikorra zara.

Fokua alde positiboan jartzea gustatzen zait, bai. Klima aldaketak hainbeste alde negatibo ditu bere eraginengatik.. Horiek azaldu behar dira, ezer gozatu gabe. Baina egia da trantsizioak hainbat eragin positibo dakartzala. Lortzen badugu jendeak ulertzea zergatik den hau guztia inportantea, ikustea justizia dagoela ezartzen diren politiken atzean, jendeak onartuko du, eta trantsizioak dakartzan gauza positiboez gozatu ahalko dugu. Niretzat hau da gure bizimodua aldatzeko aukera, gure planeta eta gure etorkizuna errespetatuz. Bizitza soilagoa izan dezakegu, eta hobeto bizi ahal izango dugu. Ez dago kontraesanik bizitza hobe baten eta klima aldaketaren aurkako borrokaren artean.

Eta hor daude gaiztoak dei ditzakegunak, aurkako botere ekonomikoak...

Iraganean, argi dago sektore batzuk ez direla aliatuak izan klima aldaketaren kontrako borrokan; batez ere petrolioaren sektoreaz ari naiz. Adibidez, AEBetan Exxon Mobil auzitan dago, bazuelako informazioa klima aldaketaren larritasunaz duela 20-30 urtetik, eta jarraitu zuelako klima aldaketa zalantzan jartzen zituzten ikerketak ordaintzen. Gaur egun, hori pixka bat aldatzen ari da. Enpresa horiek esaten ari dira irtenbidearen parte izango direla, eta nik sinetsi egin nahi diet. Horretarako, euren inbertsio estrategiak benetan aldatu beharko dituzte bizkor. Petrolioaren eskaria azkar ari da murrizten, eta oso garrantzitsua da enpresa horiek euren trantsizioa egitea, haien akziodunen, langileen eta kokapeneko herrialdeen mesedetan.

Bestalde, kezkaz ikusten ditut boterera iristen ari diren alderdi eta lider politiko populistak, desberdintasun sozial handien ondorioz. Haietako batzuek ez dute lotsarik gezurra esateko, eta, klima aldaketaren kasuan, batzuek esaten dute ez dela existitzen. Eta horiek arriskuan jar dezakete derrigorrezko ditugun erabakiak hartzea. Desberdintasuna ez da justizia kontua soilik, planetaren etorkizuna eta demokrazia bera ere leku askotan arriskuan jar ditzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.