«Sartze soziala» egin dute sindikatuek Baionan, lansarien igotzea, zerbitzu publikoen berpiztea eta erretretaren adina 64 urtetan finkatu zuen erreforma baliogabetzea eskatzeko. CGT, LAB, FSU, Solidaires eta USL lizeoko ikasleen sindikatuak deituta, manifestazio bat egin dute tren geltokitik abiatu eta suprefetura arte. Frantziako Gobernuaren «norabide neoliberal autoritarioa» salatu dute, eta horri buru egin, eta prest agertu dira prekaritatea pairatzen duten langile guziei «aukera berriak» zabaltzeko.
Sindikatuen hitzetan, badu hiru urte lansariak, pentsioak, ikasleen bekak eta gutxieneko laguntza sozialak apaltzen ari direla, ez baitira inflazioaren arabera egokitzen ari. «Mila milioika diru publiko bereganatu dute ultraaberats gutxi batzuek; langileon pobretzea inoiz baino onartezinagoa da», salatu dute Frantziako Estatuaren ordezkaritza aitzinean egin duten mintzaldi bateratuan. Austeritate eta murrizketa politikak eten behar direla erran dute. «Gaur egun, ezinbestekoa da kapitalak langile, langabetu, gazte eta erretretadunen gainean eragiten duen tinkaldia askatzea, gure diru sarrerak handitu daitezen, eta gure gizarte babeserako sistemak guztiontzat balio izaten segi dezan».
Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak erran du «biziki larria» dela egoera soziala. «Lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, eta, ondorioz, gure bizi baldintzak ere txarrak dira». Lansarien emendatzean eman du azpimarra Patricia Glory CGTko buruak. «Bi urtez inflazioa %10 inguru izan ondotik, erosahalmena apaldu da; elikagaietan %20 ingurukoa izan da prezioen emendatzea. Gibelamendua harrapatzea ezinbestekoa eta urgentea da». Barth Mottay FSU sindikatuko ordezkariak, berriz, adierazi du hezkuntza arloan ere baliabide gehiago behar dutela. «Irakasle gehiago behar ditugu, ikasgela bakoitzean dagoen ikasle kopurua apaltzeko».
Michel Barnier Frantziako Lehen ministroaren politika orokorreko diskurtsoaren egun berean antolatutako protestak kutsu politiko handia izan du. Uztailean iragan ziren Frantziako Asanblearako hauteskundeetako emaitzaren kontra jo izana leporatu diote Emmanuel Macron presidenteari, eta salatu dute orain artekoa baino gobernu eskuindarragoa osatu duela. «Ustezko zentroko, eskuineko eta eskuin muturreko alderdiak ados jarri dira gutxi batzuen eskuetan aberastasunak metatzeko politikak indarrean atxikitzeko», adierazi dute mintzaldi bateratuan. «Krisi ekonomikoa, krisi soziala, krisi ekologikoa, aurrekontu krisia eta krisi demokratikoa: ezerk ez du geldiaraziko kapitalismo globalizatuaren asmo suntsitzailea, salbu gai horien gainean benetako indar harreman bat ezartzeko dugun borondateak eta arriskuak».
Leherketa arriskua
Gero eta konplikatuagoa bilakatu da langileak karrikara ateratzea. Mottayk erran du haserrea sentitzen dutela irakasleen artean, nahiz eta horietako gutxi mobilizatu greba egunean. «Greba egitea gero eta zailagoa da; garesti ateratzen da», esplikatu du. Alta, gehiengoak haien aldarrikapenekin bat egin duela iritzi dio. «Herritarrak aitzinamendu sozialen alde dira; Frantziako Gobernuak ez du inondik inora ere islatzen herritarrek eskatu dutena». Gobernuari aurre egitera deitu du, «karrikan, borrokaren eta grebaren bidez».
«Haserre handia» ikusten du Dufauk ere, nahiz eta desmobilizazio bat ere sentitu dezakeen. «Bada gogo bat errateko ez duela ezertarako balio: mobilizatzen gara, bozkatzen dugu, baina ez du ezer aldatzen. Ulergarria da, baina sindikatu gisa badagokigu erratea segitu behar dugula antolatzen. Defentsa jarrera batetik eraso jarrera batera pasatu behar dugu».
Martinikako egoera izan du hizpide Gloryk, prezioen igoeraren ondorioz izan diren altxamenduei aipamena eginez. «Urgentzia sozialari errepresioaren bidez erantzun diote. Langileak mespretxatu dituzte; lanean arituagatik hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituztenak». Frantziako Estatuan ere ikusten du «leherketa sozial» baten arriskua. «Gobernuak ez baditu langileen eskaerak entzuten... gaur egun lanak ez du bizitzeko adina ematen. Arazoa ez da langabezian gaudela: lanean ari gara, baina ez gara heltzen. Bai, noski, haserrea bada, eta, noski, horrek leherketa bat ekar dezake; biziki joko arriskutsua egiten ari da gobernua».