Gerrak gauza berria ez diren bezala, zigor ekonomikoak eta bahimenduak ere ez dira nobedade. Eztahoriei guztiei lotutako energia krisiak ere. Beste behin, erregaien eta gasaren menpekotasuna biluztera dator gerra, eta askoren akordura datozenak 1970eko hamarkadako petrolio krisiak dira. Krisi haiek mundua aldatu zuten; arauak, ohiturak eta politika ekonomikoak baldintzatu zituzten, eta oraingoan ere, hala edo nola, energia krisiak irauliko ditu gauzak.
Gasolindegirik merkeenaren bila ibiltzea, etxeko berogailu eta argiak itzaltzeko arduratsuagoa izatea —«ez dugula akziorik Iberdueron!» klasikoa—, hori ohitura sustraitua izan da bi digituko inflazioa ezagutu eta ordaindu duten belaunaldietan. Eta azken mende erdian izan dira garaiak neurri gogorragoekin.
Lehen petrolio krisia, 1973koa
1973ko azaroaren 30ean telebistan agerraldia egin zuen Frantziako lehen ministro Pierre Messmerrek, energia kontsumoa murrizteko neurriak iragartzeko. Argiztapena behar zuten publizitateak debekatu zituen; dendetako erakusleihoak ez ziren argiztatu behar gauez, ezta bulegoak ere 22:00etatik 07:00 bitartean; telebista emanaldiak 23:00etan bukatuko ziren, larunbat, igande eta jaiegunetan izan ezik; berogailuak gutxiago erabili behar ziren, eta ibilgailuentzako abiadura muga ezarriko zen.
Frantzia, berez, ez zegoen LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen bahimendupean. Baina berdin zion. Eztanda haren uhinak mundu osora zabaldu ziren, Euskal Herrira ere bai.
Eztanda, berez, 1973ko urriaren 6an jazo zen. Egiptok eta Siriak 1967an galdutako euren lurraldeak berreskuratu nahian, Israeli eraso egin zioten bere jaiegunik sakratuenean, Yom Kippur egunean.
Gerra aurrera zihoala, AEBek Israel armaz hornituko zutela iragarri zuten, eta LPEEko arabiar herrialdeek, Saudi Arabia buru, euren arma erabili zuten: petrolioa. Ekoizpena murrizten hasiko zirela iragarri zuten, %25 irailean bertan, eta Israel sostengatzen zuten herrialdeei petrolio bahimendua ezarri zieten.
Yom Kipur Gerra 73ko urriaren 29an amaitu zen, baina bahimenduak 1974. urteko martxora arte iraun zuen. Ez zuen AEBen eta petrolio arabiarrik gabe zigortutako herrialdeen jarrerarik aldatu Israeli zegokionez. Baina bai eskasia eta bai upelaren berehalako eta neurrigabeko garestitzea eragin zituzten munduko herrialde guztietan. Upelaren prezioa laukoiztu egin zen aste gutxitan, hiru dolarretatik hamabi dolarren ingurura.
Hego Euskal Herrian, 1973ko krisiaren eragina ez zen horren agerikoa izan herritarrentzat. Historialarien arabera, frankismo amaierako teknokratek petrolio garestia aurrekontuetako diruarekin merkatzeko hautua egin zuten; beldur ziren, desegonkortasun politikoa kontrolaezin bihur zitekeelako. Dena den, 1974ko apirilean Francisco Francoren gobernuak lehen aldiz ibilgailuen abiadura mugatu zuen, orduko 130 kilometrora.
1973ko petrolio krisiaren beste ondorioetako bat, dena den, bertan dago oraindik. Pierre Messmerrek 1974ko martxoaren 6an aurkeztu zuen urte gutxitara Frantzia zentral nuklearrez beteko zuen bere plana.
Bigarren shocka, 1979. urtean
Belaunaldi gazteei ez zaie ezagun egingo turbante beltzeko eta bizar zuriko gizon zuri hura. Baina Ruhollah Khomeini aiatolak petrolioaren merkatua irauli zuen 1979ko otsail hartan, hamabost urteko erbestetik Teheranera itzuli eta Irango Iraultza bururaino eraman zuenean.
Aurretik, LPEEko ekoizlerik handienetan bigarrenaren petrolio produkzioa txikiagotuta zegoen, petrolio putzuetako langileen greba gogorraren ondorioz. Horregatik eta iraultza ere areagotzen ari zelarik, petroliotan eta petrodolarretan igerian ibilitako Xah Reza Pahlavi monarka absolutistak erbesterako bidea hartu zuen, 1979ko urtarrilaren 16an. Hamabost egunen buruan Khomeini zen Irango liderra. Eta, besteak beste, BPk Irango ustiapen kontratu guztiak galdu zituen.
Iraultzak Iranen petrolio ekoizpena murriztu zuen, upelaren prezioa igoarazi nazioartean, eta beste gerra bat etorri zen egoera okertzera: Iranen eta Iraken artekoa, zortzi urte iraun zuena. Iraken petrolio ekoizpena ere txikitu zen, eta petrolio upelaren prezioa ia 40 dolarrera igo zen.
Aldaketa handiakarlo askotan
Ordurako hainbat herrialdetan abian ziren energia efizientzia sustatzeko arauak eta legeak. Baina, adibidez, Hego Euskal Herriko industria astuna ez zegoen behar bezala egokituta; gogotik nozitu zituen energia garestiaren ondorioak, eta haren birmoldaketa gogorra bultzatu zuen. Espainian, Moncloako Itunak 1970eko petrolio krisiaren testuinguruan kokatu behar dira.
1970eko petrolio shockekin estanflazioa iritsi zen Mendebaldera, hazkunde ekonomiko txikiko eta inflazio handiko urteak. Eta politika keynestarrak arazoa konpontzeko gai ez zirela argudiatuta, neoliberalismoak hartuko zuen bere gain munduko ekonomia gobernatzeko lana, Margaret Thatcherren eta Ronald Reaganen eskutik.
Ukrainako Gerrak halako shocka eragingo al du? Energia krisi honek neurri horretako eraldaketak ekarriko al ditu? Oraingoz, herritarrak hasiak dira berogailuak itzali eta jertseak janzten. Petrolio upela 200 dolarrera iritsiko den apustuak daude merkatuetan, gerra, zigor eta bahimenduak bizkor amaituta ere. Eskaintza shockarekin, ikusi beharko da gas naturalarekin zer gertatuko den eskariaren partean. Europako Batasunak ere bere energia ereduaren transformazioa bizkortu nahi du. Eta pandemia oraindik hor dago, guztia distortsionatzeko. Aldatu, gauza batzuk aldatu dira, dagoeneko.
ALDAKETAK UPELKA
Gasolindegiko prezioen afixari eta etxeko argindarraren eta gasaren fakturari begiratzean Ukrainako gerra ikus daiteke. Energia shocka ekarri du gerrak; eta halakoek gizartean, ekonomian eta politikan sakoneko aldaketak ekar ditzaketela erakutsi zuten 1970eko petrolio krisiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu