ELAren kongresua

«Aldaketa potoloak» langileen alde jartzeko prestatzen ari da sindikatua

Azaroaren 24an eta 25ean egingo du kongresua ELAk, eta Lakuntzak jarraituko du idazkari nagusi

ELAko Ivan Gimenez, Mitxel Lakuntza eta Amaia Muñoa, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun

Pandemiak utzitako lorratz sakonak baldintzatuko du ELA sindikatuaren XV. Kongresu konfederala, datorren azaroaren 24an eta 25ean, Bilbon (Euskalduna). Izan ere, bizitzan funtsezkoa denari erreparatzera behartu du izurriak, egoera kasik distopikoak tarteko. Bada, Euskal Herriko sindikatu nagusiak Benetan garrantzitsuak diren gauzak; aktibatu, lortu, zaindu lelopean egingo du biltzarra, «langileak eta gizarte osoa aktibatzea» duelako helburu, «badatozen aldaketa potoloak» aintzat hartuta.

Ikusi gehiago: «Euskal estatu independente bat» alde bakarrez lortzera deitu du ELAk

«Pandemiak inoiz baino nabariago utzi ditu gure gizartearen gabeziak eta dohainak. Krisiek pertsonen eta gizarteen alderik onenak eta txarrenak uzten dituzte agerian», esplikatu du ELAk. « 2008ko krisia oraindik gainditu gabe genuela, ondorio ekonomiko, laboral eta sozial larriak eragin dizkie langileei pandemiak sorturiko osasun krisiak». Egungo testuingurua azaldu ostean, egoera berrian ahalik eta eraginkorren izateko prestatzen ari dela jakinarazi du ELAk, eta azaroko kongresua mugarria izango duela zeregin horretan.

Dena den, buruzagitzan ez da aldaketa handirik egongo, eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusia beste agintaldi baterako izendatuko du 736 ordezkarik osatuko duten batzarrak. Batzorde Eragilearen kudeaketa txostena eztabaidatuko dute Euskalduna jauregian, baita datozen lau urteetako lan ildoak zehaztuko dituen dosierra ere. Kongresuko 736 ordezkari horien artean, 384 gizonak izango dira, eta 352 emakumeak (%47,2).

Erreformak ate joka daude

Besteak beste, lan erreforma eta pentsioen erreforma aipatu ditu ELAk datozen aldaketa garrantzitsuen artean, eta sindikatuak garbi utzi du aldaketok «langileen alde» jartzeko lan egingo duela: «Kapitalaren aurrean, benetan garrantzitsuak diren gauzak aktibatu, lortu eta zaindu behar dira». Benetan garrantzitsuak diren gauza horiek zerrendatu ditu, gainera: «Bizitza eta osasuna erdigunera» ekarri behar direla uste du, «zerbitzu publikoek doakoak eta unibertsalak» izan behar dutela, eta «erabakitzeko eskubidea bizitzaren arlo guztietara» zabaldu behar dela. Era berean, «genero ekitatea lortu» behar dela dio, eta «ingurumena zaintzen duen gizarte eredu bat bultzatu». Horrek guztiak bizi baldintzak hobetuko ei ditu.

Beraz, helburu horiek ezarrita dauzka sindikatuak, eta kongresuan hartuko dituzten erabakiak xede horiek ahalik eta eraginkorren lortzeko izango dira. Mitxel Lakuntza izango da aurrerantzean ere idazkari nagusi, eta haren albokoa Amaia Muñoa izango da beste agintaldi baterako. Hori bai, Nazio Batzordea Batzorde Eragile parekidea izango da aurrerantzean, sei gizon eta sei emakume izango baitira. Exekutiborako hiru kide berri proposatu dituzte: Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gasteiz, 1989), Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988), eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989).

Dosierraren ildoak

Eztabaidatu eta onartzekoa den txostenari dagokionez, «eraldaketa sozial, ekologiko, demokratiko eta feministari» erreparatzen dio haren ildo batek. Ingurumenak pisua izango du sindikatuaren bide orrian: «Lurraren muga fisikoak begi bistakoak dira», dio idatziak. «Orain hobeto dakigu guk ere jauzia egin behar dugula lantokietan gatazka ekologikoa eta klase gatazka uztartzeko». Pandemiak erakutsi du funtsezkoa zer den, sindikatuaren ustez: «Bizitza jasangarriak eta zaintza lanak». Baina paradoxa da lan horiek «ikusezinak» direla, «gutxietsita eta prekarizatuta daudelako», ELAren arabera. Halaber, orain arte bezala, arlo publikoaren giharra sendotzeko lanean segituko du sindikatuak. «Ekonomia eta finantzak kontrol publikopean jarri behar dira gehiengo sozialen interesen esanetara egon daitezen».

Negoziazio kolektiboa da txostenaren beste ildo nagusi bat; «lan prekaritateari behar bezala aurre egiteko» tresna gisa erreparatzen dio. «Gure ekintzaren erdigunean grebak eta mobilizazioak kokatu besterik ezin dugu egin, batez ere eremu feminizatuetan egiturazko aldaketak eragin nahi baditugu». ELAk dio Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoek negoziazio kolektiboari lotutako «erabakiak baldintzatzeko aukera» dutela.

Beste ildo batek militantzia du aipagai; hura «integrala» izatea nahi du: «Eraldaketa asmoa duen erakunde orok gero eta militante gehiago behar du; oinarri militante hori zabaltzea izango da gure lanaren oinarrizko ardatza». Baina militantzia handitzeko saioa ereduaren mende jarriko du une oro. «Gure eredua inklusiboa eta plurala da, emakumeen parte hartzea bermatuko duena».

Bestalde, balizko aliantzak aztertzen ditu idatziak: «Soilik 'euskal gehiengo sindikala' deiturikoak betetzen ditu aliantza sindikal estrategiko bat osatzeko baldintzak», dio, eta eransten du «estrategikoki arrakastatsua» izan dela Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna eratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.