4.0 industria. The Meeting Point 2017. Manuel Salaberria. Basque Industry 4.0 taldeko zuzendaria

«Aldaketa badator, eta birziklatze profesionala egitea eskatuko du»

Basque Digital Innovation Hub egitasmoaren berri eman du Salaberriak; enpresa txiki eta ertainak 4.0 teknologietara hurbiltzeko osatu duten adituen eta azpiegituren sarea nola dabilen azaldu du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Enpresa motorrak dira gehienbat muturreko teknologia garatu eta baliatzen dutenak. Haien hornitzaileak, enpresa txiki eta ertainak asko eta asko, ez daude 4.0 industriaren multzoan sartzen diren baliabideetatik hain gertu. Haiekin esperimentazioan hasteko Basque Digital Innovation Hub jarri dute martxan, aditu eta egituren arteko sarea. Basque Industry 4.0 Pilotaje Taldeko zuzendariak onartu du euskal enpresa askok «oraindik bide luzea egin behar dutela» horrelako teknologiak bereganatzeko.

4.0 industria esaten diotena ez dago denen esku. Pentsa daiteke olatu hori hartuko ez duten enpresak ez direla gutxi izango.

Fabrikazio aurreratua zuzentzen ari garen taldearen ekinbide estrategikoa da Basque Digital Innovation Hub, hain zuzen ahalik eta enpresa gehienetara irits daitezen industria berriaren baliabideak. Enpresa txiki eta ertainei begira aritzen gara. Teknologia berriarekin esperimentazioan aritzeko oinarrizko tresna jartzen diegu eskura, eta ez bakarrik ekoizpenari begira, baita kudeaketari begira ere.

Nola funtzionatzen du sare horrek?

Bat egiteko espazioa da; enpresak azpiegituren bidez eta jakintzarekin lotzen dira. Pertsonak eta azpiegiturak daude, makinak, enpresek modu merke batean 4.0 teknologiak proba ditzaten. Kontua da jakin dezatela teknologia haien bidez lor dezaketen balio erantsia beren produktuetan edota prozesuetan. Areago, produktu berriak edota zerbitzu berriak eskaintzeko bidea zabal dezakete teknologia horiei esker. Finean, makina katalogo bat dute eskura eta haiek gobernatzeko aditu talde bat.

Zein eremu lantzen ari zarete sare horretan enpresa txiki eta ertainentzat?

Oraingoz bi eremutan ari gara lanean: batetik, robotika dago, eta, bestetik, fabrikazio aditiboa, 3D inpresioa alegia. Bi alor horretan esperimentazioa nahi duen edozein enpresak eskura dauzka horretarako tresnak. Erakusketak eskaintzen dizkiegu, trebakuntza ikastaroak, eta enpresek prototipoak egin ditzakete, ekoizpena hobetzeko edo aldatzeko, I+Gko proiektu berrien bidez. 2018rako, berriz, zerbitzu digitalen inguruan ere eskaintza zabal bat edukitzea jarri dugu helburu gisa. Big data, adimen artifiziala eta zibersegurtasuna moduko gaiak sartuko lirateke eremu horretan.

4.0 industriaren kaxan teknologia ugari sartzen dira. Zertaz ari gara 4.0 zigilu horretaz ari garenean?

Burua digitalizaziora joaten zaigu 4.0 industria entzuten dugunean, adimen artifiziala, big data eta abar, baina ez da hori bakarrik; gure estrategia zabalagoa da, fabrikazio aurreratua ere sartzen dugulako. Hainbat teknologia dira fabrikazio aurreratuan: batzuek materialei erreparatzen diete, eta beste batzuek ekoizpen prozesuei. Hori ere bada 4.0.

Laborategitik ekoizpen lerrorako jauzia lortu da kasu batzuetan, baina, oro har, nola dago jauzi hori?

Hori da gakoa, eta Basque Industry 4.0 estrategiaren ardatzetako bat hor dago. Gure enpresen panorama askotarikoa da 4.0 teknologiei begira. Badira muturreko teknologia darabiltenak, baita negozio eredu berriak ere, hutsetik hasi direnak; baina egia da, bestalde, gure industria ehuna osatzen duten enpresa txiki eta ertain askorentzat urruti dagoela oraindik 4.0 teknologia, eta bide luzea dutela egiteko. Erronka orokorra dugu aurretik, eta teknologiak eskura jartzea garrantzitsua da. Baina baita trebakuntza espezifikoa duten profesionalak sortzea ere. Enpleguari lotutako formakuntza berria ezinbestekoa da. Ikasleak gazte direnean teknologia eta zientziaren bidean hastea oso garrantzitsua da; haiek dira etorkizunean aldea egin dezaketenak. Eta, gero, teknologia berri hauen gaitasuna ondo erakutsi behar dugu, erakusleiho egoki batean.

Motor diren enpresek ba al dute zeresanik 4.0 teknologien zabaltzean?

Bai, noski; erreferente diren enpresa horiek garapen teknologiko handia dute normalean; ohituak daude Europa mailan proiektu partekatuetan parte hartzera, eta beren jakintza hori guztia beren hornitzaileengana eramateko erronka onartu eta gauzatu behar dute, balio kate guztian aplika daitezen 4.0 industriaren onurak. 4.0 estrategiaren garapena, hala ere, 360 graduko ikuspuntu batekin egin behar da; ez da bakarrik jakintza, trebakuntza eta zabalkundea ere badira.

Argi dago 4.0 industriak eraginkortasunera eta lehiakortasunera daramala. Lanpostu galerara ere bai?

Gizartean badago kezka hori, egia da, baina garrantzitsuena da epe ertainera joera aldaketa lortzea. Aldaketa hori badator, eta horrek eragingo du birziklatze profesionala egin beharra, baita taldeak kudeatzen dituztenena ere. Profesional berriak beharko dira, formakuntza berriarekin; orain urte batzuk mikroelektronikaren trena galdu genuen, eta ez dugu galduko 4.0 industriarena, hori da gure jakintza. Erronka bat da, ez mehatxu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.