Alconza Irizar Groupeko langileek greba mugagabea hasi dute zuzendaritzak egin nahi duen lan erregulazioa gelditzeko asmoz. Neurriak Berangoko (Bizkaia) plantako 102 langileetatik 38ri eragingo lieke. Enpresak urteak daramatza galerak pilatzen, eta langile batzordeak «kudeaketa txarrari» eta «utzikeriari» egozten die egungo egoera zaila. Ostiralean egingo dute beharturiko negoziazio epeko lehen bilera, eta Norte Gestion bulegoak ordezkatuko du enpresa.
Alconzako langile guztiek babestu dute batzordeak (CCOO lau ordezkari, ELAk hiru eta LABek bi) eginiko greba deialdiko lehen eguna. Zuzendaritzak iragan astean eman zuen erregulazioaren berri, eta kaleratze posibleak enpresa hiru urtetan «berpizteko» plan baten barnean kokatu zituen. Alconzak 29 urte milioi euroko galerak pilatu ditu azken sei urteetan, eta langileek uste dute kudeatzaileen jardun eskasaren ondorioz izan dela.
Irizar Groupek duela zortzi urte erosi zuen Alconza. Sindikatuen arabera, orduan 250 langile izatera iritsi ziren, eta 2014an 27 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Handik urte batera asko jaitsi zen, eta iaz zortzi milioi eurokoa izan zuen. «Erosi zuenetik ez du lanik ekarri, eta proposamen bakarra baldintzak prekarizatzea izan da», salatu dute.
Alconza 60 urteko enpresa bat da, eta garraio motor elektrikoak ekoizten ditu. Autobusetarako egin izan ditu, baina batez ere itsasontzietarako. Esaterako, petrolio eta gas plataformetara joaten diren ontzientzako motorrak egiten dituzte. Zuzendaritzaren arabera, egun «krisi gorrian» dago enpresa, itsas zabaleko petrolio eta gas plataformen sektorea hondoa jota dagoelako. Langileek ere ikusi dute lan karga gutxitu egin dela azken asteetan.
Grebaz gain, langileek mobilizazio dinamika bat hasi dute. Atzo goizean egin zuten lehen manifestazioa Berangora, eta pentsiodunen mugimenduko kideekin batu ziren bertan. Era berean, martxoaren 12rako deitu dute lehen manifestazio handia, Berangon bertan. Langile asko Uribe Kostakoak dira.
Hau ez da Alconza lan gatazka batean murgilduta dagoen lehen aldia.2019an ere bost eguneko greba egin zuten lan hitzarmena hobetzeko. Orduan 181 langile ziren plantan. 2020an era lanuzteak egin zituzten enpresak soldata %15 murriztea eskaini zielako. Litekeena da oraingoak ere luze jotzea, eta ez litzateke harritzekoa auziak epaitegietan amaitzea.
Lan gatazka
Alconzako langileek greba mugagabea hasi dute 38 kaleratzeak eragozteko
Lan erregulazioa kentzeko eta plan industrial egingarri bat martxan jartzeko eskatu diote Irizar Groupi. Ostiralean hasiko da negoziazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu