Alconzako langileek greba mugagabea hasi dute 38 kaleratzeak eragozteko

Lan erregulazioa kentzeko eta plan industrial egingarri bat martxan jartzeko eskatu diote Irizar Groupi. Ostiralean hasiko da negoziazioa

Alconzako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo grebaren hasieraren berri emateko. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Ezmendi
Berango
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alconza Irizar Groupeko langileek greba mugagabea hasi dute zuzendaritzak egin nahi duen lan erregulazioa gelditzeko asmoz. Neurriak Berangoko (Bizkaia) plantako 102 langileetatik 38ri eragingo lieke. Enpresak urteak daramatza galerak pilatzen, eta langile batzordeak «kudeaketa txarrari» eta «utzikeriari» egozten die egoera. Ostiralean egingo dute beharturiko negoziazio epeko lehen bilera, eta Norte Gestionek ordezkatuko du enpresa.

Alconzako langile guztiek babestu dute batzordeak —CCOOk, lau ordezkari; ELAk, hiru; eta LABek, bi— eginiko greba deialdiko lehen eguna. Zuzendaritzak iragan astean eman zuen erregulazioaren berri, eta enpresa hiru urtean «berpizteko» plan baten barnean kokatu zituen kaleratzeak. Alconzak 29 milioi euroren galera pilatu du azken sei urteetan. Langileek, baina, uste dute kudeatzaileen jardun eskasaren ondorio izan dela.

Irizar Groupek duela zortzi urte erosi zuen Alconza. Sindikatuen arabera, orduan 250 langile ere izan ziren, eta 2014ean 27 milioi euro fakturatu zituen. Handik urte batera, asko txikitu zen negozio bolumena, eta iaz zortzi milioi eurokoa izan zen. «Ez du lanik ekarri, eta proposamen bakarra baldintzak prekarizatzea izan da», salatu dute.

Alconza 60 urteko enpresa bat da, eta garraio motor elektrikoak ekoizten ditu. Autobusetarako egin izan ditu, baina batez ere itsasontzietarako. Esaterako, petrolio eta gas plataformetara joaten diren ontzientzako motorrak egiten dituzte. Zuzendaritzaren arabera, egun «krisi gorrian» dago enpresa, itsas zabaleko petrolio eta gas plataformen sektorea hondoa jota dagoelako. Langileek ere ikusi dute lan karga txikitu egin dela azken asteetan.

Grebaz gain, mobilizazio dinamika bat hasi dute. Atzo goizean egin zuten lehen manifestazioa, Berangon, pentsiodunen mugimenduko kideekin batzeko. Era berean, martxoaren 12rako deitu dute lehen manifestazio handira, Berangon bertan. Langileen zati handi bat Uribe Kostakoa da.

Hau ez da Alconza lan gatazka batean murgilduta dagoen lehen aldia. 2019an ere bost eguneko greba egin zuten hitzarmena hobetzeko. Orduan 181 langile ziren. 2020an ere lanuzteak egin zituzten, enpresak soldata %15 murriztea eskaini zielako. Oraingoak luze jo dezake, eta ez litzateke harritzekoa azkenean auzitara eramatea.

VZren epaiketa, gaur

Epaitegietara iritsiko den lan gatazka bat Vulcanizados Zuloagarena da. Arrigorriagako (Bizkaia) enpresako langileek 247. greba eguna dute gaur, eta greba eskubidea urratzeagatik enpresari jarritako salaketa epaituko da Bilbon (11:30). ELAk uste du zuzendaritzak Andoaingo (Gipuzkoa) lantegi batera eraman duela ekoizpenaren zati bat. Epaiketaren aurretik elkarretaratzea egingo dute langileek, baina ez da izango goizean Bilbon egongo den mobilizazio bakarra: Artiacheko langileek manifestazioa egingo dute Deustuibarran (12:00), eta Maxamekoek elkarretaratzea egingo dute EITBren egoitzaren aurrean (10:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.