Alconzako greba amaitu egin da, enplegu gehiago ez galtzeko akordio batekin

Kaleratutako 25 langileentzat lan poltsa bat sortzea ere adostu dute. Duela 151 egun hasi zuten protesta, erregulazioa gelditzeko asmoz

Alconzako langileek epaiketaren egunean EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eginiko elkarretaratzea. M. RAMIREZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Alconzako langileek bertan behera utzi dute duela 151 egun hasitako greba. Zuzendaritzarekin akordio batera iritsi dira enpresan jarraitzen duten langileen etorkizuna bermatu eta 25 kaleraturikoekin lan poltsa bat osatzeko. Kaleratze horiek eragozteko hasi zuten protesta, baina iragan hilaren 14an EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen erregulazioa legezkoa zela, eta epai horrek negoziazioak baldintzatu ditu.

Alconzako grebalariek azaldu dutenez, bi aldeek «Alconzaren etorkizuna eta enplegua bermatuko dituen industria planari buruz hitz egiteko oinarriak» adostu dituzte. Horien artean bi nabarmendu dituzte: berriro enplegua ez galtzeko bermea, eta kaleratutako 25 pertsonak beren lanpostuetara itzultzeko lan poltsa martxan jartzea, besteak beste.

Irizar taldeko enpresa da Alconza, eta Berangon dago (Bizkaia). Alconza 60 urteko enpresa bat da, eta garraio motor elektrikoak ekoizten ditu. Autobusetarako egin izan ditu, baina batez ere petrolio eta gas plataformetara joaten diren ontzientzako. Zuzendaritzaren arabera, egun «krisi gorrian» dago enpresa, itsas zabaleko petrolio eta gas plataformen sektorea hondoa jota dagoelako. Gainbehera horren ondorioz, azken sei urteetan 27 milioi euroren galerak pilatu ditu.

Haserre Irizarrekin

Grebalariak harro azaldu dira bost hilabeteko greban izandako «konpromisoarekin eta duintasunarekin», eta eskertu egin dute haien aldarrikapenekin bat egin dutenen lana. «Bidegabea dela uste dugunaren aurka ez ezik, gure eskualdean eta Euskal Herrian behin eta berriz gertatzen ari den egoera baten aurka ere borrokatuko gara; enplegu galera eta gure industriaren pixkanakako desegitearen aurka, horrek dakarrenarekin: enpresen itxiera, pobretzea eta prekaritatea».

Haserre azaldu da, ordea, Eusko Jaurlaritzarekin: utzikeria leporatu dio «industriaren etengabeko desegitearen eta enplegu galeraren aurrean». Hitz gogorragoak gorde dituzte Irizarrentzat: «Haien eredu kooperatiboak lan baldintzak prekarizatzen, enplegua desegiten eta langileak erabili eta botatzeko klinex gisa tratatzen ditu».

Eta gogoan izan dute Ertzaintzaren jarrera ere: «Mehatxuak, irainak eta kolpeak jasan ditugu Ertzaintzaren partetik, gure aldarrikapenak isilarazteko asmoarekin. Eta errepresio eta jazarpen horren ondorioz, isunak jaso ditugu, eta prozedura judizialak ireki dituzte gure lankideen aurka».

Akordioa zerbitzuguneetan

LAB sindikatuak eta Gipuzkoako patronalak lurraldeko gasolindegietako lan hitzarmen berria adostu dute. LABek eman du xehetasunen berri: langileek 2020tik galduriko erosahalmena berreskuratuko dute, eta KPIaren araberako soldata eguneraketak izango dituzte 2024ra arte. Aurreko ituna sinatu zenean, 782 langileri eragiten zien.

Araban, berriz, pertsonen garraiorako ituna sinatu du UGTk patronalarekin. Eragin mugatukoa da, UGTk azaldu duenez, egun langileen %60 ordezkatzen baditu ere azken mahaia eratu zenean %40 ordezkatzen baitzituen, eta ez da nahikoa eragin osoko ituna sinatzeko. Akordioan %16ko soldata igoera adostu dute hiru urterako. Duela hamabi urte iraungi zen aurreko ituna, eta orduan 462 langileri eragiten zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.