Lan gatazkak

Alconzako greba amaitu egin da, akordio baten bidez

Kaleratutako 25 langileentzat lan poltsa bat sortzea eta berriro enplegua ez galtzeko bermea adostu dute.

Alconzako langileak, greba abiarazi zutenean, Berangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 29a
10:52
Entzun

Otsailaren amaieran greba mugagabea abiatu zuten Alconzako langileek, enpresaren zuzendaritzak 38 langile kaleratu nahi zituela salatzeko. 151 egun iraun du protestak, eta atzo amaitu zen, langileen eta zuzendaritzaren akordio baten bidez. Hilaren 14an EAEko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo zuen enpresak abiaturiko lan erregulazioa eta ebazpen horrek osteko negoziazioa baldintzatu du. Negoziazio epean, 25 kaleratzera murriztu zuen haren eragina.

Alconzako grebalariek azaldu dutenez, bi aldeek «Alconzaren etorkizuna eta enplegua bermatuko dituen industria planari buruz hitz egiteko oinarriak» adostu dituzte. Horien artean bi nabarmendu dituzte: berriro enplegua ez galtzeko bermea, eta kaleratutako 25 pertsonak beren lanpostuetara itzultzeko lan poltsa martxan jartzea besteak beste.

Irizar taldeko enpresa bat da Alconza, eta Berangon dago (Bizkaia). Alconza 60 urteko enpresa bat da, eta garraio motor elektrikoak ekoizten ditu. Autobusetarako egin izan ditu, baina batez ere petrolio eta gas plataformetara joaten diren ontzientzako motorrak egiten dituzte. Zuzendaritzaren arabera, egun «krisi gorrian» dago enpresa, itsas zabaleko petrolio eta gas plataformen sektorea hondoa jota dagoelako. Horren ondorioz, azken sei urteetan 27 milioi euroren galerak pilatu ditu.

Haserre Jaurlaritzarekin eta Irizarrekin

Grebalariak harro azaldu dira 151 eguneko protestan erakutsitako «konpromisoarekin eta duintasunarekin», eta eskertu egin dute haien aldarrikapenekin bat egin dutenen lana. «Bidegabea dela uste dugunaren aurka ez ezik, gure eskualdean eta Euskal Herrian behin eta berriz gertatzen ari den egoera baten aurka ere borrokatuko gara; enplegu galera zein gure industriaren pixkanakako desegitearekin, horrek dakarrenarekin; enpresen itxiera, pobretzea eta prekaritatea».

Haserre azaldu da, ordea, Eusko Jaurlaritzarekin: utzikeria leporatu dio, «industriaren etengabeko desegitearen eta enplegu galeraren aurrean». Hitz txarrak gorde dituzte Irizarrentzat: «Haien eredu kooperatiboak lan baldintzak prekarizatzen, enplegua desegiten eta langileak erabili eta botatzeko klinex gisa tratatzen ditu».

Eta gogoan izan dute Ertzaintzaren jarrera ere. «Mehatxuak, irainak eta kolpeak jasan ditugu Ertzaintzaren partetik, gure aldarrikapenak isilarazteko asmoarekin. Eta errepresio eta jazarpen horren ondorioz, isunak jaso ditugu, eta prozedura judizialak ireki dituzte gure lankideen aurka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.