EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Alconzari, eta, ondorioz, Berangoko (Bizkaia) motor elektriko fabrikak 25 langile kaleratu ahal izango ditu. Irizar Groupeko kide den konpainia horrek azken urteetako galera ekonomikoak erabili ditu argudiotzat urte hasieran lan erregulazio bat egiteko, eta, sindikatuek helegitea jarri ondoren, Auzitegi Nagusiak enpresari eman dio arrazoia.
Tailerretako langileak greban daude otsailaren 28az geroztik, eta ekoizpena geldirik dago. ELA eta LABeko ordezkariak astelehenean bilduko dira protestarekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Zuzendaritzaren beldur dira, ez baitira fio harekin, eta atea itxi nahi diote aurrerago kaleratze gehiago egiteko aukerari.
Langile batzordeak helegitea jarriko du Espainiako Auzitegi Gorenean, baina, Bilboko ebazpena ikusita, zaila dirudi hark ez berrestea. Izan ere, epaileak sindikatuen helegiteko arrazoi guztiak ukatu ditu. Ez du fede txarrik ikusi enpresaren jarreran, ez du uste talde patologiko bateko kide denik, ezta kaleratuen hautaketan diskriminaziorik egon denik ere, eta iritzi dio azken lau urteetan 20 milioi euro galdu izana arrazoi sendoa dela erregulazioa egiteko.
Sindikatuak, dena den, ez dira iritzi berekoak. Besteak beste, argudiatu dute 25 kaleratuetatik 21 ELA edo LABen izena emanda daudela, eta beste laurek ez dutela filiazio sindikalik. Langile batzordean, CCOOk lau ordezkariditu, ELAk hiru eta LABek bi. CCOOk greba bertan behera utzi du. Sindikatu horrek, dena den, ordezkari gehiago ditu bulegoetan tailerrean baino, eta kaleratu guztiak tailerrekoak dira. Era berean, kexu dira enpresak ez duelako negoziatu nahi izan, eta nabarmendu dute lan ikuskaritzara joan zirenean jakin zutela kaleratu kopurua 38tik 25era murriztu zuela. Ordura arte zuzendaritzaren izenean negoziatzen aritu den bulegoak ez zion halakorik jakinarazi. Azkenik, langileek salatu dute enpresaren egoera zaila zuzendaritzaren kudeaketa txarraren ondorio dela.
Kaleratuei dagokienez, gehienak 40 urteen bueltan dabiltza etahamabost urte inguru zeramatzaten Alconzan. Zuzendaritzak kaleratze arrunten baldintzak hobetu dizkie: 30 eguneko kalte ordaina jasoko dute lan urte bakoitzeko, hemezortzi hilabeteko soldatako mugarekin. Orain, 45 langile inguru geldituko dira. 138 egun dira ekoizpena erabat geldituta dagoela, eta ELA eta LABeko kideak astelehenean bilduko dira. Protestarekin jarraitzeko prest daude zuzendaritzak gelditzen direnen etorkizuna ez badu bermatzen. Erregulazio hau bidezkotzat jo izanak beste batzuk abian jartzeko aukera errazten dio enpresari, arrazoi objektibo berak argudiatu baititzake.
Alconzako 25 kaleratzeak legezkotzat jo ditu EAEko Auzitegiak Nagusiak
Epaileek uste dute azken urteetako galerek erabakia justifikatzen dutela. Sindikatuek helegitea jarriko dute Auzitegi Gorenean, eta ikusteko dago langileek greba bertan behera utziko duten ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu