Akordiotik «oso urrun» daudela diote Bizkaiko metalgintzako sindikatuek

Lehen greba eguna izan zuten atzo, hitzarmen duin baten alde. Negoziazioei ekin ezean, grebak egingo dituzte datorren astean ere

Atzo goizean egin zuten manifestazioa Euskadi plazatik Arriaga plazaraino. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
«Joan den astean bildu ginen patronalarekin, eta esku hutsik etorri ziren mahaira. Benetako eskaintza bat daukatenean egingo dugu berba». ELA sindikatuko Mikel Etxeberriak azaldu zuen nola Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioan langileen eta patronalaren jarrerak «oso urrun dauden».

Bizkaiko metaleko sindikatu guztiek deituta, manifestazioa egin zen atzo Bilbon, Hitzarmen duin baten alde, Bizkaiko metala greban lelopean. FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren egoitzatik abiatu zuten protesta, eta patronalari eskatu zioten negoziazioak desblokeatzeko.

Protestak Bizkaiko metalaren produkzioa «eten» zuen, Etxebarriaren hitzetan, eta langileak zoriondu zituen. CCOOko Unai Orbegozok azaldu zuenez, grebaren erantzuna %80-85 ingurukoa izan zen. Hark ere zoriondu zituen langileak, «eskainitako arduragatik» eta «erakutsitako klase duintasunagatik».

Sindikatuek hamazazpi puntuko eskaera bat aurkeztu zioten patronalari maiatzean, eta, ELAko Etxebarriaren arabera, soldata igotzeko eskaerari bakarrik erantzun dio patronalak. «Patronalak %2,5eko soldata igoera eskaini digu aurten, eta iazko KPIa %6,5 izan zen. Datorren urterako %2,5 igotzea eskaini digu, eta, gaur egun, KPIa %8tik gora dago. Urrun baino urrunago gaude».

Langileen soldata KPIaren gainetik igotzeaz gain, sindikatuek beste hainbat eskaera ere badituzte: antzinatasuna desizoztea—sindikatuen arabera, 1993ko indize berak erabiltzen ari dira—; lanaldia murriztea eta malgutasuna mugatzea; jarduera guztietarako subrogazioari bide ematea; errelebo kontratua derrigorrez aplikatzea; aldi baterako enpresen bidezko kontratazioa mugatzea, eta lan istripuen, gaixotasunen eta heriotzen kalte ordainak hobetzea.

Istilu «puntualak»

Patronalaren arabera, grebaren erantzuna %28koa izan zen, eta enpresen %66an ez zen egon grebalaririk. Eguna normal egin zutela esan dute, eta istiluak «puntualak», «gaitzesgarriak» eta «justifikaezinak» izan zirela.

Patronalak negoziazioei ekin ezean grebari eutsiko diotela esan dute sindikatuek. LABeko Iratxe Azkuek FVEMi egin zion galdera: «Noiz arte luzatu nahi du gatazka FVEMek?». Azkuek adierazi zuen «enpresak hustu» eta «kaleak bete» zituztela. Grebaren erantzuna «oso zabala» izan zela gaineratu zuen, baita zenbait enpresa handitan ere. «Arcelor geldi dago, eta Nervacero, Tecuni, Arteche Hermanos, Bizkaiko Gestamp, CIE Automotive eta beste hainbat enpresatako langileak kalera irten dira».

«Gora, gora, gora, langileon borroka» oihukatu zuten, besteak beste. Bukaeran Zutik, emakumea; Internazionala eta Eusko Gudariak abestu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.